« Sentimenduez eta bakardadeaz | Bide zuzenaren hartxintxarrak »
Pentsamendu heterozuzena / Monique Wittig (Askoren artean) / Susa, 2017
Heterosexualitatea erregimen gisa Ibon Egaña / Deia, 2017-09-16
“Lesbianak ez dira emakumeak” da beharbada Monique Wittig-en Pentsamendu heterozuzena liburuko esaldirik ezagunena. Testuingurutik kanpo boutade-a irudi lezakeen esaldiak zentzu osoa du idazlearen pentsamendu filosofiko eta politikoan. “Emakumea” gizonarekiko oposizioan, haren Beste bezala soilik existitzen dela dio Wittigek sistema heterosexualaren markoan, eta hortik ihes egin duten lesbianak, hortaz, ez direla emakumeak.
Erradikala da, zentzurik on eta etimologikoenean, feminista frantziarraren 1980ko hamarkadako pentsamendua, erroetara jotzen baitu, jendartea itxuratzen duten pentsamendu, filosofia eta politikak aztertu eta iraultzera. Emakumeen zapalkuntzaren jatorriaren azalpen biologizistak ukatu eta sexua kategoria gisa zapalkuntzak berak sortzen eta naturalizatzen duela aldarrikatzen du liburuko “Emakume ez da jaiotzen” artikuluan, “arraza” gaur egungo zentzuan beltzen esklabotzaren ondotikoa den era berean. Feminismoa “sexu” kategoriaren abolizioaren aldeko mugimendutzat dauka Wittigek, zeren gizon/emakume banaketa eta hura sostengatzen duen sistema heterosexuala baitira emakumeen esplotazioaren eragile. Gizonen klasea, boteredunena, abolitzeak ekarriko du emakumeena ere abolitzea, frantziarraren hitzetan.
“Klase” terminoa darabil Wittigek, marxismoa baita, izan, bere pentsamendua eraikitzerakoan solaskidetzat duen korronteetan nagusiena. Zorrotz kritikatzen du Marxen pentsamendua, emakumeak bere analisitik kanpo utzi eta subjektu-izaera ukatu zielako; aitzitik, ez dio uko egiten marxismoaren tradizio osoari eta ezinbestekotzat jotzen du emakumeak klase gisa egituratzea ez ezik subjektua feminismotik termino materialistetan definitzea. Marxismoarekin bezala, Lacanen psikoanalisiarekin, Barthesen semiologiarekin edo Levi-Straussen antropologiarekin ere elkarrizketan ari da Wittig, eta arbuiatu egiten ditu diziplina horien totalizazio-asmoak, gizonen (gizon batzuen) esperientzia unibertsalizatzen dutelako, eta baita sinbolizazioa lehen lerroan jarrita, sinbolizazio horiek dakarten indarkeria materialari ezikusi egiten diotelako ere.
Oso “bere garaikoak” irudi lezakete eztabaida horietako zenbaitek; haatik, sakonean, gaurkotasun biziko liburua da Wittigena. Eztabaida eta borroka politikoan errepresentazioari, sinbolizazioari halako gailentasuna aitortzen zaion sasoiotan, berreskuratu beharrekoak dira Wittigek ordena sinboliko, ekonomiko eta politikoa continuum gisa ulertzeko egindako ekarpenak. Era berean, sexu-joera eta identitateen askatasuna, indibidualtasuna eta aniztasuna ustez txalotzen duen liberalismo garaian, premiazkoak dira Wittigek heterosexualitatea erregimen politiko gisa irakurtzeko egindako teorizazioak, fokua eraldaketa sozialean jarri nahi bada.
Erroetaraino jotzen duen pentsamendu konplexua sofistikazio alferrikakorik gabe azaltzen trebea da Wittig, eta gozo irakurtzen da euskaraz Arrarats, Berasategi, Larrañaga eta Sarriugarte itzultzaileek egindako lan finari esker. Jatorrizko izenburua (The straight mind) euskaraz Pentsamendu heterozuzena eman izana itzultzaile-taldearen aziertoetan bat baino ez da.
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta