kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Kartzelako poemak / Joseba Sarrionandia / Susa, 2011

Labirintoa kartzela izaki Mikel Asurmendi / Berria, 2012-04-29

Gartzelako poemak (1992) Kartzelako poemak (2011) bilakatu da hogei urteren ostean. Euskaraz amesten dugunon berbak arauen galbahetik pasatuak diren seinale. Denbora ez da alferrik iragaten. Edo bai?

Joseba Sarrionandiak 1981etik 1985era izkiriatu zituen kartzelako poema hauek —sei poema, kartzelatik ihes egin ostean idatzi zituen—, alta bada, 2001etik 2005era bitartean izkiriaturik baleude legez jaso ditugu. Gabriel Celayaren “Poesia etorkizunez kargatutako arma da” aipuaz akordatu naiz. Aipua topikoa ote den, ahalketurik, autore beraren beste zenbait gehitu diot gogoari: “Kanta dezagun arnasten duenak antzo. Mintza gaitezen egunero arduratzen gaituenaz. Gizatiar den ezer ezin da gure obratik kanpo geratu. Poeman lokatzak egon behar du, superpoeten barkamenarekin. Poesia ez da, berez, xedea. Poesia, besteak beste, mundua eraldatzeko lanabesa da”.

Ez alferrik, Sarrionandiak arnasten duenak antzo izkiriatu zituen poemok, horietako asko musikatuak daude. Oroimeneko portua, berbarako. “Imanoli, eskerrekin” berridatzi du autoreak. Badago kantatutako poema gehiago, poema hau ordea, berebizikoa zait eskaintzarengatik —daukan karga politikoarengatik— eta edukiarengatik: “Itsasoak abiatu ginen puntura ekarriko gaitu, baina noski, inor ez gara izango hasi gineneko hartan ginenak” (Jose Luis Otamendiren aitzinsolas bikainetik hartua).

Sarrionandiaren poesiaren ezaugarri behinena, autoreak eguneroko hizkuntzaz izkiriatzeko daukan talentua da. Poemok eguneroko berba arruntez irundako oihalak dira. Ez dira ezeren bandera, bizitzarena baizen. Humanoak dira oso, ziegako zoldaz —eta kaleko lohiaz— izkiriatuak. Bere poesia ez da xedea, mundua eraldatzeko modua baizik.

Ez gaitezen engaina baina, Sarrionandia ez zen poeta izateagatik preso egon, poesia ez zen etorkizunez kargatutako bere arma bakarra. Borroka armatuan engaiatu zen. Iraultzan sinetsi zuen.

Minotauroaz eta Labirintoaz akordatu naiz oraingoan ere. Labirintoa —bere kasuan— kartzela da alabaina. Eta Sarrionandiak bazuen Ulisesen berri, bazekien Itakara itzultzeko bide luzearen nekeaz; bazuen Etiopiaren edota Utopiaren berri. Alta, igual euskaldun sortzean ekibokatu zen bezala, ekibokatu zen iraultzaren bidean sartzean. Igual. Alta, engaiatu zen.

Ez dira pasa hogei urte, hogeita hamar baizik. Eta itzulerako bidea joaneko bide luzearen arau izanen da. Alta —poesiarena ez bezala, iraultzaren bidea “baina” eta “alta”-z beteta dago—, Kartzelako poemak atzoko gaurko eta betiereko egunerokoa da.

Egun Sarrionandia preso izatera eraman zuen “zioa”, borroka armatua, gelditu da gurean. “Preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti”. Preso dagoenaren gogoa kalera itzultzen da beti. Gaur —duela 30 urte bezala— itxarotea, egunik egun, esperantza besterik ez da. Sekula hil behar ez balitz bezala bizi ziren, baina, “iragana”, “oraina”, “geroa” eta “dena” zauri zornatsua bilakatu zaie presoei.

Hogei urte joan dira poetak XI. Gutuna (ulertu dezagun “hamaika” legez) igorri zigula, kartzelatik kanpo izkiriatua, baina kartzelatik izkiriatua legez ulertu behar dena: “Gauza bakoitzak bere zailtasuna, batzuetan musu bat ematea etsaiaren kuartel jeneralean lehergailua jartzea baino zailagoa da. Zuen askatasuna behar dugu, gauza zailak elkarrekin egiten jarraitzeko. Gure herriaren gorputz galdua bilatzea, esate baterako. Zuen askatasuna behar dugu, libre gaudenok libreak izateko, giza jendeak berez haragian itsatsiak dituen kate luze eta ilunekin libre izan gaitezkeen neurrian, behintzat”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak