kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Alkimista / Paulo Coelho / Txalaparta, 2001

Bizitzaren altxorra aurkitzeko bidaia Oier Guillan / Gara, 2001-12-29

Azken hamarkadetan garapen pertsonala gai eta oinarri gisa landu duen liburu asko eman da argitara eta horietako zenbait izugarrizko salmentak izatera iritsi dira. Horien artean kalitatezko libururik egon bada, ez da horregatik ezagutzera eman, lantzen dituen ideien oinarri horregatik baizik. Liburu horiek garai baten isla izan daitezke, izugarrizko barne egonezina arrastaka daraman gizaldi baten isla, XXI. mendeari gizartearekiko zein norbanakoarekiko zorra etiko eta sozial-izugarriak eramanez aurre egiten dionaren ispilua.

Hutsune horiek literaturatik bete nahian, liburu asko argitaratu da eta asko dira, neurri berean, ahanzturarik handienera igaro direnak. Munduko gizarteek betiko gerra eta injustizia sozialei gehienez jota eskenatokia aldatuta konpondu dute mende berrirako iragaitea. Funtsean ez da ezer aldatu.

Testuinguru erraldoi eta konplexu horren baitan topatzen ahal dugu “Alkimista” liburua. Paulo Coelhok, sormenaren hainbat alderditan lanean ibili ostean, 1988. urtean eman zuen argitara “Alkimista” bere bigarren liburua, ustekabean arrakasta itzela lortuaz. Ordutik idazle zereginean murgildu eta publikoak preziatua izatera heldu da, lan hau hizkuntza ugaritara izulia izan delarik munduan zehar. Milurteko berria hasita, euskaldunei iritsi zaie bere lana ezagutzeko aukera.

“Alkimista” eleberri gisa aurkeztutako barne bidaia da, garapen pertsonalari loturiko gogoetetan ezaugarri jarraituak izan daitezkeenei alkimiaren inguruko sinboloak gehituta. Izaera honek ateak irekitzen dizkio liburuari irakurleak bertan agertzen diren ideiekin bat egiteko bidean. Izan ere, barne munduko erronkez, fedeaz eta munduaz modu zuzenean hitz egin eta gogoeta egiteak sarri kontrako efektua sortaraz dezake, alegia, irakurlea urduri jarri eta urruntzea. Baina salmentak ikusita, bistan da jendea galdera eta erantzunen egarriz dagoela eta bete-betean asmatu duela irakurleekiko harremanean, urteen poderioz ez baita murriztu haren komunikatzeko gaitasuna.

Artzain apal baten istorioa dakar gogora ale honek, artzain izan nahi eta artzain denaren bizimodu asea daraman protagonistarena. Zenbaitetan errepikatuko zaion ametsak bere zain dagoen altxor batez hitz eginen dio ordea eta hori izanen da Andaluziako larreetatik Afrikako bidean jarriko duen abiapuntua, altxorra omen dagoen Egiptoko piramideetara iristeko xedez hasiko baitu ibilbidea. Bidaia fisikoa, hortaz, baina, pixkanaka protagonistak aurkituko duenez, baita barnekoa ere. Bidetik topatutako beste pertsonaiek lehen aldiz emanen diote Alkimiaren berri eta horren aitzina dagoen mundua ulertzeko, irakurtzeko eta bizitzeko moduaren berri.

Gauzak gertatu ahala ulertuko du altxorra bilatzea bere Norberaren Kondairari jarraitzearen ondorioa dela, pertsona bakoitzak bizi nahi duenaren eta amesten duenaren haria alegia, eta unibertso osoak konspiratzen du bere xedea bete dadin. Pertsonak, hari hori galtzen badu, ez du lortuko aurrera doanik sentitzea, izan ere, une oro bihotza mintzo baitzaio pertsonari, bere beldur, zalantza, grina eta indar guztiekin. Pertsona guztiekin elkar eragiten du neurri berean Munduaren Arimak, pertsona bakoitzaren ibilbidea islatzen duelarik.

“Alkimistak” komunikatzea du xede, lerro arteko bizipenak zein galderak irakurleak bere buruarengan errekonozitzea. Zeregin horretan darabilen hizkuntza xumea eta zuzena da, Xabier Aranburu Artzaik euskaraz modu txukunean taxutu duelarik.

Pertsonek betidanik egin dute gogoeta bizitzaren inguruan; bizitzaren zentzua, norbanakoaren papera munduan, bien arteko elkar eragina, kasualitateen zein patuaren izaera, fedea, fede hori egunerokotasunean gauzatzea… “Alkimistak” funtsezko galderei forma berri bat ematen die milurteko azken hamarkadetako testuinguruan, garaiko hizkuntza zein beharrei erantzunez.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak