kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Maitasun keinu bat besterik ez / Hasier Arraiz / Erein, 2019

Maitasun keinu bat besterik ez Txema Arinas / uberan.eus, 2020-11-10

Hasier Arraiz gasteiztarraren Maitasun keinu bat besterik ez saiakerak literaturaz omen dihardu. Baina bada batik bat Arraizen partetik, euskal literatura garaikidearen nondik norakoak jorratu nahian, gure sasoiko zein etorkizuneko euskal literatura, betiere bere irizpide oso bereziei atxikita, nolakoa izan behar den saio benetan adierazgarri zuri bat. Horretarako, noski, haren ustez gaurko egunean nabarmentzea merezi duten euskal idazle gazteen zerrendatxo bat proposatzen digu, hau da, argi eta garbi esanda euskal literaturaren belaunaldi berri eta agian urratzaile ere baten aurrean gaudela. Gauzak horrela, Arraizek belaunaldi literario honetako idazle gazte, adimentsu, saiatu eta betiere euskalgintzaren neurrirako arrakastatsuok banan-banan bereizteari zein elkarrekiko ezaugarriak deskribatzeari ekiten dio aldez edo moldez. Zeintzuk dira Hasier Arraizek nabarmentzen/hautatzen dituen idazleok bere belaunaldi gazte, talentutsu, saiatu eta, betiere gakotx artean hartuta, arraskatatsu hori? Hamaika idazle: Harkaitz Cano (Lasarte, 1975), Eider Rodríguez (Errenteria, 1977), Mikel Perurena Ansa (Hernani, 1978), Unai Elorriaga (Algorta, 1973), Ixiar Rozas (Lasarte, 1972), Karmele Jaio (Gasteiz, 1970), Ur Apalategi (Paris, 1975), Lander Garro (Errenteria, 1975), Uxue Albrdi (Elgoibar, 1981) eta, nola ez, Kirmen Uribe (Ondarru, 1970). Gehienok dira, jakina, idazle saiatuak eta batez ere gure mundu txiki-txikian ezagunak. Denetarik dago, hau da, idazkera oso ezberdinak gai oso ezberdinak jorratzen dituztenak, aniztasun benetan oparo eta txalogarria. Nik neuk gehienak irakurriak ditut, haietariko banaka batzuk izugarri estimatzen ditut zinez. Halere, nire lerro hauen zergatiak ez du zerikusirik idazle bakoitzaren lanaren nondik norakoekin, Arraizek egindako hautaketaren irizpideekin baizik, baita Arraizen euskal natarratibaren belaunaldi berri bat sistematizatzeko asmoa edo apika gogoa, gogo bizia, alafede. Galdera orduan ezin ageriagoa da: zer dela eta Arraizen euskal idazleen belaunaldi berri bat nabarmentzeko asmo edo gogoa? Zein helbururekin? Berak azaltzen digu polito liburuaren amaiera aldera:

Nazio kontakizun berria behar dugu

Euskal narratiba garaikideari dagokionez, gaur egun narratia idazten dutenek, gainerako sortzaileek bezala, bere kontakizunak irakurriko dituen gizartearengan eragiten jarraitzeko aukera daukate. Jakina, ez da nahitaez norberak bere gan hartu behar duen lana edo ardura, ezta pentsatu ere. Hala eta guztiz ere, lehen lehen azaltzen saiatu naizen bezala, askotan auzia ez da norabide batean ala bestean eragin nahi izatea, inori ez zaio eta bizkarrean ez dagokion zamarik jarri behar; baina, idazten eta oro har sortzen duen edonork, nahi eta nahi ez, bere inguruan eragiten du. Eta horretarako idazten du. Zerbait eragiteko asmoz. Halaber, literaturak bere garaiko gizartea ulertzen laguntzen digu. Euskal narratiba garaikidean gaur egun sasoi osoan diharduen belaunaldiak, nire aburuz, abiapuntu ederra du: epika ororen aroa amaituta, haiel idazten duten gizartearen antzekoak izatea eta buruaren gainean mitorik izan gabe aske jardun ahal izatea.

Hortaz, Arraizen aburuz idazleok bizi diren gizartearekiko zorretan daude nola edo hala, hau da, euren garaiko gizartea hobeto ulertzeko lagundu behar digute, hori da euren erantzukizuna derrigorrez. Eta nolakoa edo noizkoa da idazleok hobeto, akaso egokiro, ulertzen laguntzen behar diguten gizarte hori? Ba Hasier Arraizek berak ondo baino hobeto azaltzen digunez ETAk armak utzi izatearen ostekoa. Halere, ez edonolakoa, ez, Arraizek berak kontatzea nahi duen gizartea baizik. Zergatik? Besteon, etsaion omen, kontakizunari aurre egitearren. Bai, orain arte azpimarratu ez baitut Hasier Arraiz Sortu alderdi politikoaren lehendakaria edo izan zela hainbat urtetan, berez aparteko garrantzirik ez lukeena, ez behintzat literaturaz ari garela, baina bai ordea Maitasun keinu bat besterik ez saiakera liburu honetan, non, bere belaunaldi kuttuna osatzeko aukeratutako idazleen ezaugarri, onura edo bertute literarioak, banan-banan zein orokorrean, zehatz-mehatz aipatzearekin batera, berak idazke guztion egokitasuna, hots, gogoan duen ezinbesteko kontakizunari euste aldera, bene-benetan adierazten baitigu. Izan ere, saiakeraren bosgarren atala adierazgarriena da Arraizen tesiaren ardatz argiro asmatzearren: Bakea eta elkarbizitza eraikitzeko narratiba.

Jakina, ulertzen ditut haren mehatxupean sentitu diren alderdi politikoetako ordezkarien ETAren intentzioekiko mesfidantzak eta eszeptizismoa. Baina armak behin betiko utzita, bakea eta elkarbizitza eraikitzeko aukera ez baliatzea ez da batere zentzuzkoa. Tiro hotsik eta lehergailu eztandarik egon gabe ere, ba al dago gaia alde batera utzita gertatutalpa bere kabuz konponduko dela pentsatzerik? Inork uste al du elkarrizketa ulertzeko modu naka izan daitekeela beste aldeak barkamena eskatzea? Ba al dago benetan desberdinen arteko elkarrizketa bera ukatuz elkarbizitza sendatuko dela sinesterik? Inork uste al du benetan, 36ko gerraren ostean, adibidez, denborak berez sendatzen diren zauriak?

Labur bilduz, Hasier Arraiz oso ulerkorra, bihozbera omen, da ETAk iraganean beste batzuei egindako min edo kalteen gainean, eragindako beldur eta “ezerosotasun” guztien gainean; baina, ETAk indarkeriari uko egin eta gero ezin dira etsaiaren esku utzi errelatoaren erantzukizuna edota euskal gizartearen aro berria nolakoa izan behar den kontatzeko aukera.

“Abagune hartan, bazirudien bakea eta elkarbizitza eraikitzeko aukera onartzea bera ETAri arrazoia ematea zela nonbait; elkarbizitza eraikitzeko aukera onartzeagatik ematen zuen gertatutakoare gainean ETAk duen ikuspegia ontzat emango genuela guztiok, euskal gizarteak bere egingo zuela ETAren kontakizuna. Horren ondorioz, hedabideek hein handi batean euskal alderdi politikoak lehiara bultzatu zituzten —eta, batez ere, Madrilen beren egunkariak edo albistegiak editatzen dituzten— hedabideak nabarmenduko nituzke.

Nire iritziz, hedabide haien jarrera ere ulergarria izan daiteke, auzi honetaz, era zilegi batez, alderdi politko espainiarren ordezkairen antzera pentsatzen duten eragile sozio-politkoak diren heinean; baina egia da ETAk armak uztea erabaki zuenez geroztik ez dutela gehiegi lagundu bake bidean aurrera egiten, Batzuk, ordea, jo eta su aritu dira bakea eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko edozein ekimenen aurka, ETAk ziklo berria zabaltzeko hartu zituen erabakiak arriskuan jartzeraino. Harrezkero halaxe jokatu dute: edozein mugimenduk, edozein hurbilpenek, edozein elkarrizketa saiok beste aldearen kontakizuna lagunduko zuelakoan, inmobilismoa nagusi, harriaren jarrera bere egitea erabaki zuten.

Halaber, itxuraz, elkarbizitzaren aldeko jarrera proaktiboa izanda, beste aldekoen kontakizuna nagusitu ez dadin, eufemismoez betetako mezuak erabiltzea ez da gehienetan ulergarria suertatzen. Zerbait adierazi nahi izanez gero, beste aldekoenganantz hurbiltzeko edo autokritika egiteko asmoz, argi eta garbi esan behar da, zintzo eta zuzen. Baina esan beharrekoa adierazi gabe antzeko zerbait iradokitzea, beti adiera anbiguoekin jolasean, oso motzean jokatzea da. Ziklo berriak, zalantzarik gabe, ausardia eta ardura berriak ere eskatzen zituen.”

Gauzak horrela, nolatan baliagarriak, egokiak, premiazkoak dira Arraizek bere belaunalditxoa osatzeko aukeratutako idazleak? Ba al dira gure politikari ohi (?) gasteiztarrak nahi, behar edo eskatu bezain ausartak eta arduratsuak euskal gizarte garaikidearen kontakizun zintzo eta zuzen bat egite aldera? Auskalo, baliteke Arraizek gogoan duen kontakizunerako ezin aproposoagoak direla, baliteke bai. Gorago esan bezala, Arraizen zerrendatxoan denetarik dago, idazle oso anitzak eta ezberdinak direlako, gai oso ezberdinak ere jorratzen dituztenak. Alabaina, egon badaude menturaz hamaika idazleok nolabait parekatzen dituena, bai horixe; ez dutela, oro har —euren egiazko belaunaldiko beste batzuek ausardiaz egin bezala, Aritz Gorrotxategik (Koldar hutsa zara, 2015), Uxue Apaolaza (Mea culpa, 2011) edo Juanjo Olasagarre (ez baldin bada koskortuegia aurreneko bion aldean)— Ezinezko maletak (2004), kasuko, ETAren indarkeriaren zein bere aldeko euskal herritarrekiko jokabidearen kontra gordin-gordin idatzi, hau da, ETAk azken hamarkadotan eragindako mina, kaltea, beldurra eta lotsa gogotik, erruz, zintzo eta zuzen salatzeko asmoz. Baliteke, bai, Arraizen idazleotako baten batek ETAren kontra zeharka edo zenbait aipamen egin izana, Katixa Agirrek Atertu arte itxaron (2015) nobelan egin bezala, baita indarkeriari buruz teoritzatzea Unai Elorriaga Iazko hezurrak (2014) liburuan saiatu zen bezala ere. Baina, gainontzekoei dagokienez, gordin esanda, aparteko aipamenik ez. Ez baldin bada, jakina, urtetan ezker abertzaleak tai gabe aldarrikatu duen “gatazkaren testuinguruan” zuzen ala zeharka kokatzeko. Izan ere, badago ere Lander Garro bezalako idazle bat alde oso zehatz batekoen irizpide edo ikuspegien alde egiten duena, Gerra txikia (2014); gauza guztiz zilegi, nire aburuz, ezin hobeto, zintzoago, erakusten baititu euskal gatazkan parte hartu/hartzen duen talde batekoen ikus/pentsamodeak, hots, ezker ETAzalearen inguruko sentikortasuna nolabait laburtuta. Alde horretatik, zer esanik ez, eta egiari zor, Garroren jokabidea txalogarria bezain kritikagarria begitantzen zait, horrela esanda paradoxa hutsa ematen baldin badu ere.

Baina ez, ez dago Arraizen idazleen zerrendatxoan beste aldekoen sentikortasuna nolabait eta batez ere zuzen edo gordin islatzen duen inor, berriro diot, zeharka ez bada. Halere, ez dut esango, inondik inora ez, Arraizek hautaturiko idazleoak ETAren jarduera zitalarekiko epelak izan direla, ez eta konplizeak ere, ez behintzat Aritz Gorrotxategi, Uxue Apaolaza, Juanjo Olasagarre eta besteren berotasunaren aldean, eskubide osoa baitute gai benetan gatazkatsu eta nolabait ere gogaikarri hori alde batera lagatzeko, baita euren ikus/pentsalmoldeen arabera guztiz kontrako jarrera bat eukitzeko ere, hau da, ikuspuntu ez hain militante bat edota guztiz arduragabekoa. Ez, inola ez, idazle bezala libre direlako gogoan bakarrik izan dutena idazteko, jakina. Nik nabarmendu gura dudana Arraizen irizpideak dira bere zerrendatxo hori osatze aldera, ez baita, nire ustez, kasualitate hutsa egungo idazle gazte, saiatu eta, euskalgintzaren mundu txikian behinik behin, goraipatu batzuk nabarmentzea eta beste batzuk, aldiz, gazteak ala ustez zaharrak, zeharo bazter utzi izana.

Edozelan ere, badaude, bai, aitor dut, gaur egungo euskal gizartearen oso bestelako sentikortasunak, beste gai agian modakoago eta batez ere ez hain eztabaidagarri batzuk, hala nola feminismoa, ekologismoa, kapitalismoaren kontrako borroka, metaliteratura, zilborrera begirakortasuna eta abar. Gai benetan mamitsuak zein gaurkotasun handikoak, eta, jakina, Arraizen idazleok ezin hobeto jorratzen dituztenak, bai. Halere, eta hein handi batean, nola ez izan gogoan batek gaino gehiagok hemen ezer gertatu ez balitz bezala leloa bere egin omen duela, noski. Halaber, badaude, beharko, euskal gizartearen iraganean oinarrituta gai edo pasarte benetan arantzatsu batzuk jorratzera ausartu direnak. Adibidez, Harkaitz Cano Fakirraren ahotsa (2018) sasi-biografian, hau da, Imanol Larzabelen bizitzan oinarritutakoa, non egiazko Imanolek ezker abertzalearen erruz pairatu behar izan zituen bokoita eta jazarpena protagonistak berak exajeratutako edo, are okerrago, bere buru arin edo ezaxolak eragindako pasadizoak balira bezala aurkezten baitira, hau da, ETAren aldeko mundua berarekin bat ez zetozenei sekula eta inondik inora oldartu ez balitzaie bezala: “Bada dioenik berak eginarazi zituela etxe atariko mehatxu pintadak bizi zuen egoera garbiago utzi eta biktima peto bilakatzeko (Fakirraren ahotsa).”

Edonola ere, badira, haatik, guztiz adierazgarriagoak Arraizen zerrandatxoan agertzen ez diren idazleen izen asko eta asko. Alde batetik, eta betiere Arraizen arrazoibideari eutsiz, badirudi idazle ustez zahar gehienek, orain arteko saiatu goraipatuenek barne, ez dutela etorkizuneko euskal gizartearen nondik norakoak jorratzeko balio, euren garaia erabat ahitua bailitzan, ezer berririk idazteko gaitasun edo kemenik ez balute bezala iraganeko, gaur egungo zein etorkizuneko euskal gizarteari buruzko kontakizuna egiterakoan. Izan ere, adin guztietako idazleak bazter uzten bide ditu Arraizek betekizun horretarako: Bernardo Atxaga, Saizarbitoria, Joseba Sarrionandia, Andu Lertxundi, Arantza Urretabizkaia, Felipe Juaristi, Itxaro Borda, Edorta Jimenez, Karlos Linazasoro, Patxi Zubizarreta, Xabier Montoia, Miren Agur Meabe, Jokin Muñoz, Jasone Osoro, Iñigo Aranbarri eta abar eta abar. Bitxia da gero, oso gainera, Arraizek alde batera utzitako ere ezker abertzalearen ikus/pentsamoldeen aldeko zenbait idazle ezagun, hau da, nolabait esanda benetan suharrak (izan) direnak, berak ETAren armak uztearen ondoko garai berrietarako sobera baleude bezala edo suharregiak izateagatik, hain zuzen; Pako Aristi edo Koldo Izagirre, esaterako. Eta are bitxiagoa da idazle gazte eta lehiatuen artean feminismoa bezalako kausa edo borroka zinez zilegi batekin konprometituak ahaztu izana, beharbada suharregiak ere direlako Arraizek gogoko duen euskal gizarteari buruzko kontakizun agian atseginago eta anitzago bat egiterakoan: hala Danele Sarriugarte, nola Kattalin Miner (honaino iritsita, eta, naizena baino maltzurragoa banintz, egia esanda, Eider Rodríguez zein Uxue Alberdi ere oraintsu arte kategoria horretan sar zitezkeela esango nuke, liburuz liburu euren idazgaiak edota kezkak anitzagoak, zabalagoak, agian atseginagoak, egin ez balituzte).

Hala eta guztiz ere, baldin badago Hasier Arraizen zerrendatxoaren nondik norakoak ezin hobeto asmatzeko adibide bat, hori da, duda zipitzik gabe, bere liburuan Kirmen Uriberi eskaintzen dizkion orrialdeak, 95tik 158ra. Ez da batere harritzekoa, Kirmen Uribe euskal idazle ikoniko berria baita, hau da, euskaldun irakurle gehienek halabeharrez maite edo estimatu behar dutena bere nazioarteko arrakastari esker, hau da, euskalgintzatik at pilatutako sari edo laudorioen bidez euskal literatura mundu zabalean ezin hobeto ordezkatzen duena, dagoeneko ez baldin bada bakarra, hau da oraintsu arte Bernando Atxagak txukun-txukun egin bezala. Kirmen Uribe ei da euskal literaturara, nahita edo ustekabez, hurreratzen den edozein erdaldunek beste ezein idazlerena baino lehen topatuko duen izena. Edo bestela esanda, Kirmen Uribe da kanpoko edonor gure mundu txikira jakinminez begiratzeko leiho nagusia. Eta nolakoa da Kirmen Uribe idazlea? Ezer baino lehen maitagarria, oso sotila eta joria, eta batik bat inor seriotan gaitzitzeko gai ez dena, hau da, hain jatorra eta maitagarria ezen dena barka baitakioke ondo asko dakizulako idazten duen oro asmo onez egin duena, inor apropos ez mintzeko, bihotz-bihotzez idatzia bere aparteko euskal sentiberatasun jator eta zoliaren ondorioz. Horrebestez, Kirmen Uribe dugu nazioarteko edozein idazle ikonoren parekoa, eta batez ere Hasier Arraizek kanpora begira euskal gizartearen ditxosozko kontakizun atsegin, epel eta horrexegatik baliteke ere erakusgarri/exportagarri hori egiteko hautatu dituen euskal idazle gazte eta adimentsuon artetik ikur nagusia. Labur eta zuzen esanda, Hasier Arraizek eta bere modukoek ziur asko ere gogoan duten edo batez ere komenien zaien kontakizun kanonikoa egiteko idazlerik egokiena iraganeko bekatuak eta nolabait mozorratze aldera, Arraizek eta bestek ondo asko dakitelako Uribe bezalako idazle hain sotil, baikor, argitsu eta batez ere euskal lurrean hain ondo eta sakon errotu baten aldetik egur gutxi, edo gutxienez egur biguna, jasoko dutela, hau da, menturaz egiarekin zintzo izateko behar beste, baina, egiaz sekula exajeratzeke.

“Ez da nire asmoa euskal narratiba garaikidearen belaunaldi berriari eginkizun horren ardura ematea, ezta pentsatu ere, euskal gizartearen borondatearen araberako ariketa izango baita batez ere. Hala ere, Kirmen Uribek, Harkaitz Canok, Eider Rodriguezek, Mikel Perurena Ansak, Unai Elorriagak, Karmele Jaiok, Ixiar Rozasek, Uxue Alberdik, Lander Garrok, Ur Apalategik edo Katixa Agirrek, baita haiekin batera idazten ari diren gainerako idazleek ere, beren esku dute fikzioaren bitartez euskal gizartea benetan nolakoa den, nolakoak garen, kontatzea. Nire iritziz, egiten ari dira dagoeneko, neurri desberdinetan. Agian ez dugu ispilu bakoitzean ikusten dugun guztia gustuko, baina ispilu bakoitzaren baitakoak ere gara gu. Ispilu horietan gure autokritikak eta gure barkamenak, gure larritasunak eta itoaldiak, gure ekintzak eta gure isiluneak irakurtzea espero dut. Gaur egungo euskal herritarrenak. Baita euskal herritarren beharrak, bizi asmoak eta ametsak ere, jakina.”

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak