kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« |

Narrugorrik / Ixiar Rozas / Consonni, 2025

Biluztura esateko moduak Peru Iparragirre / Berria, 2026-11-01

“Biluzik jaio nintzen, biluzik nago, biluzik hilko naiz gero”. Lazarragaren erresonantzia dakar Ixiar Rozasek Narrugorrik liburuaren pasarte batean, eta noizik eta behin komeni da akordatzea kamiseta, eta galtza eta galtzerdi, kulero eta galtzontzilloak jantzita ere, gero eta jertse eta txamarra lodiagoz babestuta ere, halaxe gaudela gu: biluzik. Gure bizitzen abiada eta konplexutasun eta gatazken aurretik eta harago ere hauxe garela: gizaki. Liburu hau, baina, ez da humanismoaren aldeko aldarri bat, ez bada gizaki izateak, paisaia honetan animalia humano izateak esan nahi duenaren gaineko ikerketa. Memoria jolasa, eraikuntzatik bezainbeste eraistetik duena, oroitzetik bezainbeste irudikatzetik duena.

Hasieran hitza da, hasieran hotsa da, hitza bere materialtasunean, gorputza da, gorputza beste gorputz batzuekin bat eta batera, hasieran jaiotza da, eta heriotza. Paisaia eta orografia intimo eta politikoetatik garamatza Rozasek ozen eta xuxurlaka irakurri beharreko esaldietan barna. Idazlearen orain arteko ibilbidearen jarraipen koherentea da, hitz hori zilegi bada, Narrugorrik. Iruditu zait modu sakonagoan esploratzen duela hitzaren doinutik abiatutako olgeta, kasu honetan biluztuz eta haren bidez biluzaraziz, baina orain arteko modu, gai eta iruditegien oihartzunei muzin egin gabe. Mintzotik edo hotsetik gertu dago Rozasen testu poetikoa, sintaxi ezkutukoz edo zuzenean sintaxirik gabe, hitzik ere gabe ia. Horrek ez du, ordea, adiezin egiten. Ulertzearen, gogoratzearen, sentitzearen eta irudikatzearen bidegurutzean kokatzen du irakurle-entzulea.

Tentazioa izan genezake esateko, behin biluzten hasita, testuan ulergaitza zaigun horretan katigatzeko arriskua duela proposamen honek, baina kontrakoa argudiatzeko ez zait pasarte hau ia osorik ekartzea baino azalpen hoberik bururatzen: “Hemen norbaitek zerbait interpretatu nahiko du. Patroi narratibo bat, agian. Ereduren bat, soinu eta hitz hauetan. Patroi hitza ez da, ordea, egokiena une honetan. Eredua ere ez. Agian, alegoria moduko bat, nondik aditzen den. Nolabaiteko alegoria, itxi ordez, ireki egiten duena. Nolabaiteko mintza, itzuli eta errepikatzen dena, modu desberdinean, beti zerbait kenduz, beti zerbait gehituz, gehiago kenduz, gehituz, kenduz, gehituz. […] Bilatu nahiko ditu norbaitek, fabulak, parabolak. Testu poetikoa, ordea, mintza da. Arnasketa modu bat. Erritmoen segida. Energia mota bat”.

Biluztasuna ez da, noski, azalekoaren sinonimo. Gorputz biluzitik abiatzen da testua, eta gorputzak aditzen ditu hotsak. Gorputzaren hamar zuloez, bere ahoez, eskuez, hatsaz, erotikaz eta naturarekiko ezinbesteko loturaz ari zaigu Rozas. Herri Hizkeren atlasetik hartutako ordainek aberasten dute testua: larrubixik, narrugorrik, biloxik, larruhas, larrugorrin, pikarrai, bülüzgorri; aberasten du bilaketa etimologiko iradokitzaileak, eta, nola ez, Bigararen diseinuak eta irudiek.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak