kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Hezitopia / Nora Salbotx / Txalaparta, 2026

Jolastu eta zikindu Joxe Aldasoro / Deia, 2026-10-31

Nora Salbotxek Hezitopia, hezkuntzaren inguruko saiakera argitaratu berri du (Txalaparta 2026). Magisteritza eta Psikopedagogia ikasi ondoren, Landa Eremuko Hezkuntzako eta Hezkuntza eta Komunikazioko masterrak egin zituen Norak. Amaiurren irakasle eta zuzendari, Mondragon eta Nafarroako Unibertsitatetan irakasle, Eusko Ikaskuntzako Hezkuntzako lantaldeko kide. Gehi kolaborazioak prentsan gehi beste lan batzuk. Hezkuntzan aritua eta aditua. Liburua ere horrela dator, aipamen, erreferentzia ugari eta sendoekin.

Irailean kaleratu zen liburua, hankaz gora jarri ez, erraldoia ongi sustraituta dagoelako lurrean, San Juan belarra nola, baina hezkuntza saila, alderdien egoitzak eta prentsa erredakzioak astindu dituen PISA azterketaren zaplasteko are erraldoiago azaleratu baino lehen. Ikasgeletan, pasabideetan, jantokian, txangoetan, bisitaldiak egiten hamalau, ia hamasei, urte pasa ondoren, gure gaztetxoek, nerabeek, ez dakite irakurtzen, gehitzen, kentzen, biderkatzen eta zatikatzen. Ikasgeletatik arbelak kendu eta ordenagailu txikiz, pantaila handiz lehenbizi eta handiaz gain, interaktiboez bete ondoren, edo betetzen saiatu ondoren, ikasgeletan kamerak jartzeko egitasmoaren erdian, hogeita piko mila irakasle teknologia berrietan formazio programa murgildu ondoren, non kurioski, kaka egitea bera ikas-egoera bihurtu zen, hots, aurreikusi eta “pedagogizatu” daitekeen ekintza, non kurioski, haur hezkuntzako irakasleok infografiak egiten ikasi behar genuen, badakizu, irakurle, zein praktikoak diren grafikoak gurasoengandik bereizi ondoren ordu bat negarrez daraman haurrak gainean oka egiten dizunean, hara non, hezkuntza sailak, erabaki eta agindu duen, gaixotasuna sendatzeko botika egunero ordu bete irakurtzea dela. Aupa zuek! Ez dut uste Nafarroako diagnosia oso desberdina denik. Iparraldekoaren inguruan, ideiarik ez. Honaino, nire iritzia, ez Nora Salbotxena.

Ukaezina iruditzen zait liburuak karrikara ateratzeko aukeratu duen unearen egokitasuna. Nora Salbotxek hezkuntzari buruz duen ikuspegia islatu du bere lanean. Nolako hezkuntza ereduarekin amestu baino, zein koordenadeekin lan egiten duen eta irakasle izan ala ez, zein koordenadetan gustatuko litzaiokeen lan egitea Euskal Herriko hezkuntza sistemako langileek. Ikuspuntu feministatik aztertzen ditu ikasguneak, patriarkatuak aurkitzen dituen zirrikitu eta autopistak gainditzeko bideak eskaini. Teknologien eta gorputzen arteko erlazioaz, gela berean elkartzen baitira pantailak eta hogei, hogeita piko, hogeita hamapiko ikasle. “Gorputz egoera batera itzuli beharra dugu”. Curriculum desberdinez ari da eta konplexurik gabe ekiten dio kolonizazio kulturalari, Espainia eta Frantziaren eskutik gauzatzen dena. Non geratzen dira gure kultura, geografia, errekak, mendiak, industriak, errelatoak. Ikasguneen espazioaz hausnartzera eta ekitera gonbidatzen gaitu: patioekin, pasabideekin elkarrizketak burutzera eta ikasle-irakasle-familia beharretara egokitzera. Jolastu eta zikindu behar dute haurrek, eta iruditzen zain bi aditz horiek helduoi ere zuzentzen dizkigula. Hamaika gai gehiago.

Egon zaitezke ados ehuneko ehunean edo ezertan. Bideragarriak irudituko zaizkizu proposamenak neurri batean ala bestean. Baina Nora Salbotxen liburuak balioko dizu darabilkizun hezkuntza jarduera birpentsatzera eta ziurrenik, zerbait aldatzera. Ez legoke gaizki arduradunek ere liburuaren gonbiteak onartuko balituzte.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak