Garondoan / Gorka Bereziartua / Alberdania, 2026
Aurpegi lausotuak Asier Urkiza / Berria, 2026-06-14
Gero eta ezohikoago bihurtzen ari da nobela batekin hastea literatur ibilbidea, sarritan poesiara edo ipuinetara jotzen baitute idazle hasi berriek. Esan dezagun genero mikroen —luzeran, alegia— aldeko apustua egin ohi dela lehenik, aurrerago arnasa luzeagoko formatuei ekiteko —euskal literaturan poesiak duen tranpolin izaeraz, beste batean—. Garondoan izeneko nobelarekin debutatu du, ordea, Gorka Bereziartuak. 300 orrialdeko lana da, luze samarra egungo joeretarako.
Ez dago garbi nor den nobelako protagonista. Protagonista erdibitua edo, nahi bada, disoziatua baita liburukoa. Identitatea puskatan desegin zaion norbait mintzo da, beste norbaitekiko —bere buruarekiko, akaso— elkarrizketan. Bartzelonatik Donostiara bueltan dagoen gaztea dago, batetik; ETAk aita hil ondoren jaioterrira itzulia. Bestetik, gaztearen aita hil zuenaren bikotekide ohia, klasekide ere izandakoa, gaur egun kazetari dabilen Alex. Lehenengoaren ahotsetik hasiko da narratzailea, kontaketak aurrera egin ahala Alexenean urtzeko. Amaieran zehaztu bezala, halere, edonor izan zitekeen Alex, memoriaren eta desiraren amalgama baino ez delako. Herentzia bat eta gertatu zaizkionen eta ez zaizkionen emaitza. Horiek nola gogoratzen edo birbizitzen dituen, alegia: nola birbizitzen dituen Alizia, Jauregiren semea, institutuko ikaskideak, unibertsitate garaia. Are, baita nola oroitzen duen eta, ondorioz, eraikitzen, bere burua ere.
Fikzioaren eta identitatearen arteko harremana da, hortaz, liburuko gai nagusietako bat. Oroimen mekanismoen izaera fikzionala eta horrek norbere identitatearen eraikuntzan duen eragina. Identitatearen narrazioaz ariko da liburua, haren angelu itsuez ere bai. Aurpegi lausoez beteta dago, izan ere, narrazioaren markoan sartzeari iskin egiten dioten soslai iheskorrez. Ez da, haatik, zapala edo lehorra suertatzen, idazkera ederreko pasarteak eta eszena ondo eraikiak tartekatzen dituenez. Halako tentsio literarioa suma daiteke, gainera, protagonistaren izatearen geruza ezberdinek talka egitean, ikuspuntu, tonu eta denbora aldaketek areagotua.
Nobela konplexua da forman, geruza ugarikoa. Dena dela, lan ona egin du idazleak forma narraziora organikoki egokitzen, testuak jario ona baitu. Hau da, unean uneko erabaki formalek ez dute zailtzen edo debaldetan oztopatzen irakurketa, irakurlea abiada bizian garraiatu baizik. Aipagarria da, esaterako, aditzaren aspektuaren erabilera Jauregiren semearen eta Alexen ahotsa bereizteko —edo Alex noiz disoziatzen ari den adierazteko—. Bestalde, eta eleberriaren gai handia goikoa izanagatik, euskal gatazkari buruzko narrazioetan bide bat ere zabal dezake, ildo post-aietear bat iradokita. Euskal gatazkako gogaituak, aukeran nahiago ez bartlebytarrak, hizkera maltzurragoan, Mitläuferrak azaleratzen ditu Garondoan-ek. Atarian geratu zirenak etxeak su hartzen zuen bitartean. Gatazkak utzitakoaren alde erantzia, bere hondakin likidoak. Garondotik kontatzea, aurpegitik bainoago.
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta