« Postal bat ur(r)atzean | Hizkuntza eta gatazkak »
Ekaitza eta beste 34 ipuin / Kate Chopin (Joxe Mari Berasategi) / Igela / Erein, 2022
35 zirrikitu Ibon Egaña / Deia, 2022-02-26
1899an argitaratu zenean eskandalua eragin zuen Kate Chopinen Esnatzea eleberriak (Xabier Monasteriok 2019an euskaratuak); bere literatur talentua ipuingintzan zentratzeko arrazoia izan bide zen harrera eskas hura. Eskandalua, transgresioa, garai eta jendarte baten kode moralak auzitan jartzea gakoa da Chopinen ipuinak irakurtzeko ere. Ipuinak, genero gisa, beharbada aukera gehiago ematen dizkio egileari transgresioaz modu zeharkako, esan gabekoan aritzeko. Demagun, dibortzioaz, adulterioaz, edo elkarrekin bizi ez diren bikoteez. Ipuinak isiltasunari, zeharkako aipamenari, edo errealitatearen eta ametsaren arteko eremu nabarrari zabaltzen dion tarteak irakurleari uzten dio espazioa, esaterako, emakumeen arteko desira irakurtzeko (“Lilak”), zentsura edo epai kritikoa saihesteko estrategia ere baden aldi berean. Transgresioa maiz irudikatzen du Chopinek zabaltzen den zirrikitu gisa, ematera iristen ez den urrats posible gisa, eta nago posibilitate horiek irudikatzean datzala bere literaturaren balio nagusietako bat. Ez alferrik aldarrikatu da azken berrogeita hamar urteotan literatura feministaren aitzindari ezinbesteko gisa.
Tradizio literario europarrari eutsi zion Chopinek, zeinak amaren partetik jatorri frantsesa baitzuen, eta aitarenetik irlandarra, eta Guy de Maupassant-en naturalismoa izan zuen erreferente aitortutzat (“hura bizitza zen, ez fikzioa” idatzi omen zuen frantziarrarekin liluratuta). Literaturaren ulerkera horretatik jartzen da idazlea ipuin hauetan bere inguru gertukoari begira, alegia, bizitoki izan zuen XIX. mende amaierako Louisiana ingurura, kotoi plantazioetara, esklabotzak arrasto sakona utzia zuen lurretara, eta hala, trebetasun apartekoz deskribatzen du ingurune, paisaia eta atmosfera hori, irakurlea eraman egiten duena leku-denbora hartara. Haatik paisaia humanoa da ipuin hauetan azpimarratzekoa: plantazio-jabeak, lur-jabeak, esklabo izandakoak eta haien ondorengoak, akadiar edo cajun etniakoak, kreoleak… Klase sozial, etnia, genero eta arraza ugaritako pertsonaiak egin zituen Chopinek ipuinetako protagonista, eta bilduma hau osatzen duten 35 ipuinetan zehar pertsonaia-galeria zabal bat eskaintzen du idazleak. Haietako bakoitzari ematen dio idazleak gizatasuna eta bolumena, hurbiltasun handiz jasotzen ditu haien desirak eta ezinak, baita garaiko jendartea markatzen duen arrazakeria bortitza ere.
Gaurtik irakurrita, XIX. eta XX. mendearen arteko bidegurutzean dagoen ipuingilea da Chopin, eraldatzen ari den eta areago eraldatuko den mundu baten gakoak seinalatzen dizkiguna (genero, arraza, klaseari dagokionez, kasu). Baina garaiaren lekukotasuna izateaz harantzago, ipuingintzaren festa bat ere bada liburu hau. Ipuin-moldeen ugaritasunak, deskribapenetarako trebeziak, amaiera ustekabekoak sortzeko gaitasunak eta ironia sotilak egiten dute Chopin bere garaiko idazle nabarmen, eta liburu hau urregorri. Lastima da, alde horretatik, itzultzaileak egindako zenbait hautuk zaildu egiten dutela irakurleak liburuaz gozatzea, nire iritzian. Zegamako euskara hautatu du Joxe Mari Berasategik klase apaleko pertsonaien mintzoak euskaratzeko, apostrofo, azentu zirkunflexu eta guzti. Arreta itzulpenaren ulergarritasunera joan zait niri neuri sarri, eta Berasategiren hizkuntzaren maisutasuna eztabaidaezina den arren, ez zait iruditzen jatorrizkoak gaur egun sortuko lukeen ulergaiztasuna errreproduzitzea denik bidea erregistro-aniztasuna euskaraz emateko. Ezta Literatura Unibertsala bezalako bilduma batek irakurleari eskaini beharko liokeena ere.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez