« Minik gabeko hilekoen alde |
Etxe arrotz hau / Olatz Mitxelena / Susa, 2026
Kontalariak Irati Majuelo / Berria, 2026-06-21
Etxe arrotz hau ipuin liburua aurkeztu zuen maiatza amaieran Olatz Mitxelena idazleak aurreko argitalpenaren bide beretik, ipuingintzan bere estiloa egonkortzen ari den seinale.
Izenburuak iradoki bezala, etxeak dira ipuinotako protagonista nagusiak, hein batean. Bide bazterrekoak, mudantza egin berri atondu beharrekoak, herentzian jasotakoak… Horien bidez, espazioak modu sinbolikoan funtzionatzen du. Okupatzen dituzten pertsonen mesfidantzak eta neurosiak islatzen dituzte etxeek, iraganaren eta ametsen oihartzunak biltzen dituzte eta egunerokotasunak estaltzen dituen arrakalak ikusgai jartzen.
Zerbait apurtzear zegoela uste izatetik konponezina dela ohartu arte une labur bat besterik ez da behar zenbaitetan. Istant horrekin deskriba daitezke liburu honetako kontakizun gehienak, igarobide horretan baitaude pertsonaietako asko. Esaterako, bikote harremanak dituzte ardatz ipuin ugarik, hain etxeko eta hain arrotz, pertsonen arteko urruntze ekidinezin horretaz mintzatzea ahalbidetzen baitiote idazleari. Hori dela eta, sarri, haien buruei baino, ondokoaren ezpaldutako zutabe eta zoru desnibelatuei begira daude pertsonaiak eta hortik eraikitzen dute kontakizuna bera.
Izan, garrantzi handia baitute narratzaileek, ipuin bakoitzeko ahots gidariek. Kontalariak dira, istorioak kontatzearen ariketa ageriko egiten da liburu honetan. 1. pertsonan idatzita daude ia denak, eta askotan, norbaiti ari zaizkio hizketan, modu esplizituan ala ez. Hala, irakurlea alboko mahaiko elkarrizketa entzuten ari balitz bezala sentitu daiteke. Bakarrizketak ahots bakoitzari garatzeko aukera ematen dio, eta beraz, Mitxelenak ipuinak tonu eta perspektiba zehatzetatik lantzeko hautua egin duela igartzen da. Emaitza polita lortu duela esango nuke. Are indar handiagoa hartzen dute narratzaileek 2. pertsonan dihardutenean Sehaska kanta eta Landare bizitza ipuinetan, bakoitzean kontrako funtzioa izan arren: tentsio emozionala areagotzea, lehenengoan, distantzia inpertsonala sortzea, bigarrenean.
Ipuin indartsuak bildu ditu Mitxelenak liburu honetan, sinpletasun agerikoaren azpian geruza bat baino gehiago biltzen baitituzte. Narratzaileak kontatzen duen hori eta sakonean gertatzen ari dena gurutzatzen dira irakurketan, eta hala, gehienetan, bien artean sortzen den tentsioaren bidez sakontasuna eta interesa lortzen dute kontakizunek, ipuingintzan irakurlearen arreta sostengatzeko ohikoa den eran.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza