« Aitaren oroimina poemaz poema | Kontalariak »
Basatiak / Maria Reimondez (Nerea Loiola) / Susa, 2026
Minik gabeko hilekoen alde Ainhoa Aldazabal Gallastegui / Argia, 2026-06-21
Gogo handiz heldu diot Lisipek berriki argitaratu duen Basatiak liburuari. Zuekin hemen, Argian, partekatzeko lana izango nuela eta estreinatu berri dudan etxeko sukaldean eseri naiz kafe beroa, arkatza eta liburua eskuan hartuta. Markaz bete dut: izartxoz, harridura ikurrez, azpimarraketaz, kortxetez eta etorkizunean cringe pixka bat eragingo didaten iruzkinez. Lana errazteko egin dut, zuengana nola hurbildu eta zuei zer kontatu errazago asmatzeko. Baina egin izan ez banu bezala izan da, ia liburu osoa markatzen duzunean ez markatzearen antzekoa delako emaitza. Antzekoa bai, baina ez berdina ordea; liburu osoa markatzeak pistak ematen baitizkigu. Gustuko izan dudala adierazten du, ideia askorekin ados nagoela, beste askok pentsarazi egin didatela, hemen kontatzeko moduko gauza asko esaten dituela, finean.
María Reimóndez (Lugo, Galizia, 1975) itzulpengintza eta interpretazioan doktorea da, itzultzailea —hainbat literatur lan itzuli ditu galizierara—, interpretea, ekintzaile feminista eta idazlea —hamarnaka lan argitaratu ditu: poesia, haur eta gazte literatura, eleberria, saiakera…—. Bere askotariko fazetak biltzen ditu Basatiak. Begirada libre bat hilekoari, gorputz askotarikoetatik liburuan: idazle, ekintzaile feminista eta interprete aurpegiak. Izan ere, liburuan hainbat aldiz aipatzen duen moduan, medikuntzarekin zerikusia duten hitzaldien interprete aritzen da eta horren ondorioz harreman estua dauka mundu horrekin (75.orr). Hortik ere idatzi du liburua Reimóndezek.
Nerea Loiolaren itzulpenean testua arina, ulergarria eta bikaina da. Berari galdetu diogu lanaren erronkei buruz eta horrela adierazi du: “Itzulpen-lan honetan, niretzat erronka nagusietako bat autorearen tonuari eustea izan da. Liburuak oso tonu berezia dauka: zuzena da, baina ez da lehorra; pedagogikoa da, baina ez paternalista; haserrea dauka, baina baita umorea ere; zehatza da, baina gertukoa. Eta hori guztia euskaraz jasotzeak lan handiak eman dizkit”.
Irakurleak lehenik eta behin Miren Guillóren hitzaurrearekin egingo du topo. Antropologoa eta hilekoan aditua, astekari honetan bertan aztertu genuen Odolaren matxinadak bere liburua (gaztelerazko edizioa: Bellaterra Edicions, 2023; euskarazkoa: EHU, 2024), Guillóren doktoretza tesitik sortutakoa; 2020an Ikerketa feminista onenaren saria jaso zuen tesiak. Sarrera bikaina egin du, irakurriko dugunaren atarian aurkituko dugun guztia laburbilduta eta bide-orria markatuta.
Lau ataletan banatuta dago bereziki luzea ez den testua eta kapitulu guztietan tipografia desberdina erabili dute. Izan ere, saiakera, pasarte autobiografikoak eta hiztegi moduan funtzionatzen duten zatiek txirikordatzen dute liburua: datuak, bizipenak eta hitz baten esanahia; erreferentzia bat, oroitzapen bat eta berba baten ñabardura; testuinguru historiko bat, memorian iltzatuta geratu den une hori eta hitz baten adiera desberdinak. Norbere buruari egiteko galderak ere luzatzen dizkigu egileak. Eta horrela, bata eta bestea tartekatuta josi du borobila eta indartsua den lana.
Biologiaren gezurra
Gutako zenbati esan ziguten “orain emakumea zara!” esaldia lehenengo hilekoak kuleroak orbandu zizkigunean? Emakume? kapituluan, hilekoak emakume egiten gaituelako ideia kulturala desmuntatu du Reimóndezek: “Hilekoak ez du zerikusirik ugalketarekin. (…) Feminitatea amatasunaren bidez definitzearekin obsesionatuta dagoen gizarte batean baino ezin uler daitezke halako baieztapenak”. (22 eta 23 orr). Eta gainera, eraikuntza hori arrazak —hobeto esanda, arrazakeriak— nola zeharkatzen duen erakusten digu, “arrazakeriaren eta generoaren arteko elkarreragin honen ondorioz Mendebaldeko herrialdeetako emakume zuriei esaten zaigu ugaldu egin behar dugula (…) eta, aldiz, emakume ijitoak edo atzerritar jatorrikoak berehala kritikatzen dira seme- alaba asko izateagatik” (36.orr). Alegia, moral bikoitza agerian uzten du.
Zientziatik at
Espekulutik ilargiaren faseetara kapituluan emakumeen gorputzak zientifikoki ikertu ez izana salatu du, eta, noski, horrek gure gorputzetan duen ondorio kaltegarria azpimarratu. Izan ere, “arazo garrantzitsu bat da ezjakintasunak eragotzi egiten digula jakitea noiz den hilekoa gorputz batentzat normala eta noiz patologikoa”. (65.orr). Hilekoarekin mina izateaz, hilekoarekin “lotutako” edozein nahasmenduri aurre egiteko pilula antikontzeptiboa erabiltzeaz, menstruazioaren aurreko sindromeaz eta oro har, hilekoaren patologizazio interesatuaz oso modu kritikoan idatzi du bigarren zati honetan. Aldi berean, oinarri zientifiko argirik ez duten diskurtso eta praktiken arriskuez ere hitz egin du, egiturazko problemei irtenbide indibidualak emateko joeraren kritika zorrotza eginda. Hilekoari ez begiratzeak berari buruz dugun begirada distortsionatua izatea ekartzen du sarri: “Adinari hala dagokionean hilekoa izateak gure gorputzak ondo funtzionatzen duela adierazten du. Hala ulertu ordez, gure burua prestatzen dugu hilekoa zerbait zikina, ikaragarria eta patologikoa dela sinisteko” (100.orr).
Estigma
Eta zikintasunaren ideia horrek Odolak ez du zikintzen kapituluan aurkituko du segida. “Jendea oinarrizko higienea izaterik ez duelako hiltzen den bezala, munduaren gure aldean kontrakoa gertatzen da, alegia, ‘usain’ ona ematen duten eta zikinak ez dauden gauzak ustez garbitzen dituzten produktu kimikoekin etengabeko kontaktuan egoteagatik hiltzen gara” (130-131 orr.). Hilekoaren auziak modu batean zein bestean gure kontra nola erabiltzen den erakusten digu. Kasu honetan gainera, desirarekin, plazerarekin eta sexualitatearekin egingo du zeharkako lotura egileak, geruzak eta sakontasuna gehituta zikintasunari buruzko diskurtsoan.
Kontrolerako tresna
Patriarkatuak emakumeen mugikortasuna mugatu eta kontrolatzeko sinismenak sortu eta elikatu ditu, horien artean hilekoaren inguruko mito eta siniskeria ugari. María Reimóndezek Basatiak deitu duen kapituluak ixten du saiakera. Kapitulu horretan, beste kulturetako “basakeriak” ikusteko dugun abilidadeaz idatzi du, liburuan zehar erakutsi digun pentsamendu arrazista eta koloniala esplizituki salatuta eta gaitzetsita: “Uste dut, emakume zuriak garen heinean, hori dela gure zereginik garrantzitsuena: entzutea, eta dagoeneko gure gizartean barneratuta dauden ideia eta aurreiritzi arrazistak zabaltzeari uztea. Besteak beste, ondorioak jasaten dituzten pertsonak urruneko herrialdeetan ez ezik, gure ondoan daudelako” ( 148.orr). Aldi berean, basatia hitzaren beste adiera aldarrikatzeko erabiltzen du kapitulua: “ikaragarriak, itzelak, barbaroak diren emakumeak” (155.orr) goraipatzeko eta ospatzeko. Begirada antiarrazista eta dekolonialaz gain, transfeminista, ekologista eta hetereoarautik kanporako begirada liburu osoan aurkituko dugu eta benetan eskertzekoa da.
Hilekoa tabua izan da. Hilekoak tabua izaten jarraitzen du. Baina emakume feministok urteak daramatzagu hilekoari buruzko askotariko alderdiak ikertu eta dibulgatzen. Horren adibide dira, Carme Valls-Llobeten Mujeres, Salud y Poder —Emakumeak, Osasuna eta Boterea— (Ediciones Cátedra, 2009) liburu bikaina, Élise Thiébauten kazetariaren Ceci est mon sang —Hau nire odola da— (La Decouverte, 2018) edo aurretik aipatu dugun Miren Guillóren Odolaren matxinadak besteak beste. Liburuok, Reimóndezena barne, badute zerbait komunean: hilekoaz hitz egiteko genero roletan oinarritutako sistema nola eraikitzen den arakatzen dute, emakumeenganako biolentzia orotarikoari erreparatzen diote (hilekoaren tabua barne) eta hilekoaren askotariko aldeak erreparatu, ikertu eta jasotzen dituzte. Asmo dibulgatzailea dutenez ideia sakonak ondo eta zuzen argudiatuta agertzen dira eta gai bat tabu bihurtzen dutenean istorio indibidualek sortzen duten koro kolektiboa bizia eta interesgarria da, beharrezkoa.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza