kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Lorategi beldurgarriak / Michel Quint (Josu Zabaleta) / Erein, 2003

Umorea eta duintasuna Mikel Garmendia / Gara, 2004-02-14

Nork bere burua ezagutzen omen du ondoen eta norberak du, beraz, ahalmenik handiena intimitatearen baitan gordeak izaten ditugun sentimenduen berri emateko. Horra genero biografikoaren zentzua. Sentimendu horiek, gainera, gerraren izugarrikeriek eraginak badira, are gordinago ageriko zaizkigu zauriak. Eta halaxe mintzo zaigu Michel Quint haurra bere aitarengandik higuina sentitzetik egundoko maitasuna eta mira sentitzera pasatzen den eleberri honetan. Ez da, alabaina, bizitza oso bat kontatuko, erresistentzia garaian izandako gertakari bat baizik. Baina gertakari horixe izango da abiapuntu gerrak markatutako bizitza oso baten gainean gogoeta egiteko.

Haurra bera izango dugu historiaren kontalaria, harik eta osabak, aitak eta biek, II. Mundu Gerran Frantziako erresistentziako kide izan baitziren, alemanengandik jasotako izua eta izu horren aurrean mantendu zuten jarreraren berri ematen dion arte. Tarte horretan osabak beteko du kontalari eginkizuna. Orduantxe jabetuko da Michel Quint haurra aitaren zaletasunaren, pailazoz jantzi eta jendeari barre eragitekoaren arrazoiaz.

Defentsarako arma indartsua baita umorea, egoera gogorrenetan ere. Kontalari bikainak biak ala biak. Xehetasun guztiak dira garrantzitsuak eta modu trinko eta tarteka ironiaz betetako batez ematen digute kontalari biek haien berri. Ez da, ordea, idazketa telegrafiko bihurtzen, ez horixe. Haatik, ondo, tentu handiz ehundutako paragrafo luzetan emana dago orrialde kopurutan laburra den eleberri hau.

Trebezia berberaz ehunduta eman dizkigu Josu Zabaletak paragrafo horiexek euskaraz. Iduri du Zabaleta paragrafo bakoitza, esaldi bakoitza desegin eta parafrasien bidez hurbilketak eginez iritsi dela azken bertsio landu honetara. Bertsio landua, zinez, oso ondo jotzen duena, musika-jole on batek (itzultzaileak) bikain interpretaturiko musika konposatzaile on baten (Michel Quint) lana (“Lorategi beldurgarriak”) bezalaxe. Ez da, ez, hartu eta besterik gabe egindako itzulpena. Askotan esanagatik egia biribila dena frogatzen digu bertsio honek: itzulpen ona jatorrizkotik behar bezain urrun eta ahal bezain hurbil mugitzen den huraxe da. Eta merezi zuen, noski, honelako kontakizun zirraragarri eta benetakoak honelako itzulpena.

Bere laburrean, bilakaera oso bat antzeman daiteke kontakizun honetako haur kontalariarengan. Gordin eta kupidarik gabe kritikatu du aita hasieran eta samur eta miresmenez maitatuko amaieran. Gorrotoak ez du lekurik, ezta osabaren kontaketan ere. Umoreak betetzen du haren lekua, umoreak eta duintasunak.

Duintasuna, gerraren absurdotasuna, ulertu ezina, mina, maitasuna… horiek denek eta gehiagok dute lekua kontakizun honetan, baina, batez ere, galdera batek du lekua, pailazo zuri batek Maurice Papon-en auzian Bordeleko Justizia jauregian sartzen utzi ez zioten pailazo zuri hark egindako galderak: “Egiarik ez bada, nola izan, bada, itxaropenik?”.

Oroimena erreibindikatzen du Michel Quintck, ez errebantxarako, asko sufritu zuten pertsona maitatuei omen egiteko baizik: “Auzipetuaren izena? Ozta-ozta gogoratzen naiz oihartzun izugarri batez, mespretxuzko zaplada batez bezala, eta hori bera ere ahaztu nahi dut biharko, oroimenean berak bizitzatik deportatu zituenak baizik ez gordetzeko”.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak