kritiken hemeroteka

6.936 kritika

Azken kritikak

« | »

Soinujolearen semea / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2003

Atxaga, Nobel sarirako Jon Arano / Berria, 2004-02-04

Susa aldizkari zaharren batean aspaldi hitz egin zen, besteak beste, literatura hemen benetan bizi egiten dela, eta aspaldi idatzi zen era berean aldizkari zendu hartan ere euskal literatura salbaturik legokeela Nobel saria bereganatuko balu. Urliaren eta Sandiaren bi esaldi horiek beste hainbatek ere esan zitzaketen edo esango zituzten lehenago, ordu hartan eta geroxeago. Idatzi honekin proposamen apal bat egin nahi genuke: urteak pasatuta iruditzen zaigu badela garaia gure idazle ezagunena, Bernardo Atxaga, Nobel sarirako hautagai izateko aurkezteko edo izendatzeko (eta beharbada ez gara izango irudipen hori dugun bakarrak, esaterako, suaren edo gurpilaren aurkikuntza munduko toki oso desberdinetan aldi bertsu samarrean gertatu zen bezala).

25 urte egin ditu idaztera emana Atxagak. Bere lehen lan literarioak 70eko hamarkada hasieran argitaratu ostean, Panpina Ustela aldizkaria sortu Koldo Izagirrerekin batera eta abangoardiako poesia egin zuen segidan, Ziutateaz eta Etiopia. Izagirreren hitzetan, beronek antologatu XX. Mendeko Poesia Kaieretan dio: “Esperantzaz —eta baita xalotasunez ere— beteriko garai hartan argitaratu zuen bere kasa Bernardo Atxagak liburu txiki, eder, eszeptiko eta ironiko bat, Etiopia. Kritikak jaramon handirik egin ez bazion ere, eragin berezia ukan behar zuen gerora obra hark, esan bailiteke gure egungo poesian dabilen joeren aniztasuna eta noranahiko asmoa ahalegin pertsonal hari zor zaizkiola”. Gauza eder askoz gehiago ere badio Asteasukoaren lan poetikoaz, sari eta errekonozimendu gehixeago ere merezi lituzkeen Koldok.

Baina poesia liburu gehiago sortu arren (Henry Bengoa Inventarium, Poemas & Híbridos, Nueva Etiopia, e.a.), jardun poetiko soilean ere ez zen geratu Bernardo eta jenero guztiak landu ditu geroztik: haur literaturan obra gogoangarriak idatzi ditu, diskografian ere hainbat kanta ezagun, antzerkigintzan inkurtsio berritzaileak, irratirako gidoiak eta zer ez; baina, ezagunago Obabakoak-ez geroztik egin bazen ere, ez zuen etsi gerora. Asteasuarraren lan garrantzitsuenen artean, Behi euskaldun baten memoriak,Gizona bere bakardadean, Zeru horiek, Sara izeneko gizona, Groenlandiako lezioak eta Hitz beste eginez. Esan gabe doa hamaika hitzaldi, artikulu, elkarrizketa eta abar eder ere eman dituela, halako hiztun eta ekilibrista ona izaki.

Orain arteko marka guztiak hautsi dituena, ordea, Soinujolearen semea izan daiteke. Bere aurreko liburu guztiak hartzen ditu, nolabait, bere baitan. Obra-lan dentsoa eta poetikoa da. Bi hilabete eman ditugu berori irakurtzen eta hausnartzen, atzera eta aurrera ibili gara, baina hasieratik harrapatu gaituenez, azkenean amaierara iritsi gara. Txundiduratik ez garela askatu esango genuke, halere. Jakitun gara hitzen botere magikoaren jabe dugula asteasuar sarrailgina eta bere sorginkeriatik ez garela berehalaxe libratuko: eleberri honen irakurketa berriak proposatuko dituztelakoan eta egingo ditugulakoan gaude.

Parabolaren eta metaforaren maisu honek esan bezala, ikatz koskorra eta egur pusketa kiskalia ez dira gauza bera, gauza bera izan ez ziren bezala Obabako lehen amerikanoa, eraila, eta Pirpo eta Txanberlain, hiltzaileak. Egurra partitzen du ezker-eskuin, eta pozik gu: ikaragarri identifikatu gara egin duen idazketa, deskribapen eta “endredu” guztiarekin. Garbi daukagu (des)memoria eta azken gerra zibila arakatzen aritu dela, eta joandako mundualdi baten kontaketa hutsari soilik ez zaiola lotu oraingoan, baizik eta oraindik puri-purian eta enpaztu gabe daukagun konfliktoaren zauria garbitzen-edo saiatu dela. Gerra-gerra osteak, 60-70ak eta geroztikakoak ere maisuki kontatu dizkigu, memorialistikoak izan litezkeen jakiekin, baina aldi berean denontzat ere nahiko komunak diren alegiekin. Pizkundeko suaren amatatzea gerrako hilketekin, 60-70etan berriro euskal gauza pizteko deliberoa eta gerorako egur pusketa erdi-kiskaliaren ke beltzarenak eta beste torturenak berriro irakurtzea merezi dute.

Oraingoan busti da eta maitasuna dario poro guztietatik.Gure hizkuntzari, hitz ederren distirari (“listaria”, eta beste mila…) eta gure jendeei (bai eta nekazari zoriontsuei eta euren hizkerari (“mitxirrika”, e.a. e.a….) dioen maitasuna aitortu diolakoan gaude, liburuaren objektu edo subjektu bihurtzen baititu eta amodioaz gain, gorrotoa eta sexua eta beste ere konjuratu dituela begitantzen zaigu. Bakarka ere ez gara guztiz eta komunitate bereko kide izatearen zentzu eta traszendentziaz ere aritu da Bernardo. Bere hasieretako idazlanen bat edo beste edo garai bateko “bere posizioa” ulertu ez bagenuen ere, zalditik (edo astotik) erori ginen eta duela dezentetik gara konbertso eta atxagazale, are gehiago bere idatzien kalitatea dastatu, pertsona ezagutu eta bere konbertsazioa entzunaz geroztik. Hizkera jasoagoa darabilen arren, horixe barruntatu dugu aspalditxo honetan, gu bezalako beste euskaldun bat dugula Bernardo, beste adjektiborik ez genioke jarriko, zoragarri idazten duen idazlea, ulertzen duguna, gure hizkuntzan hitz egiten diguna…

Idazle bikainak bat baino gehiago izan litezke gure literaturan, baina idazle apartenetakoa izateaz gain, Bernardoren idazlanak hizkuntza askotara itzuli dira. Eta gehiagotara itzuliko da azken liburu puska hau. Bigarrengo edizioan da Soinujolearen semea-rena, 10.000 aletik gora salduak. Laster gazteleratuko omen da eta orduan izan litezke komeriak: susmoa dugu Espainian lehenbiziko aldiz egurra emango ote dioten. Gernika gehitxo aipatzen du eta, gure hiri santu eta martiria gorri eta separatistok suntsitu genuela dioen liburutzarra oso eskura daukagunez, Bernardok esan bezala hori gezurra dela esan behar dugu behin eta berriro, bestela laster esango baitute berriz gutaz guk gure aurrekoetaz esan ohi duguna: hil zirela eta guk hil genituela.Berak aitortu bezala, turko-bururik ez dute karpetobetonikoek euren kostetan. Euskaldun gehienak gara konforme ez garen ia bakarrak. Eta “kritikak” eta “ofizialek” larrutu dezakete oraingoan Asteasuko semea, zeren euskaldunon diskurtsoa lodia da eta ez-komenigarria (hasi dira dagoeneko: Madrilgo prentsan Atxaga “ia desagertutzat” jo dute). Baina beste 10.000 saltzen baditu Espainian egur zaparrada guztia jaso bitartean, agian irabazi du, Medemek bezala, eta guk ere irabazi dugu: behin gurea ere baden gazteleraz (euskaldunok gaizki hitz eginiko erromantze horretan), hemendik urte betera bizpahiru hizkuntzarik ezagunenetara bihurtua izango da eta urte bietara edo hirutara unibertsaldua. Gernikakoaz geroztik, agian atzera jabetuko dira munduan zer nahi duten edo zertan diren euskaldunak.

Nobel sarirako proposamen apal hau hortik eta hara doa: Iberian, euskaldunon lagun, kataluniar batzuk, portuges, espainiar eta galego bakar batzuk besterik geratzen ez zaizkigunean, eta munduan zehar indio eta gisako alderrai gutxi batzuk, inboluzio eta frankismoaren nostalgikoen garai hauetan, kasik patriarkarik inortxo ere ez dugunean (Joxemiel Barandi ukiezina beste mundura joana, oraintsu bidali nahi izan dute Arestirengana eta U-galdu Martin…) eta idazle zentsuratu eta onik bai erbestean sarri, Garzon bat bere “literaturagatik”? Nobel sariren baterako nominatu eta guzti izan duten honetan, zer egin behar da Bernardo Atxaga (edo Joxe Irazu) Literaturako Nobel sarirako hautagai izendatzeko?

Badakigu ez dela erraza izango, hor ere politika kontuak izango direla maizenik, “Maizena”, ogia, lana eta pentsua ez, baino txuletak, mokofinak, urdail eskertuak eta influentzia-trafikoak ibiliko direla seguruenik tartean, baina nonbaitetik has litekeela uste dugu: Joxe Irazu Nobel sarirako izendatzea hemen eta munduan apoiatuko duten kulturako jendeen zerrendak egiten has gaitezke. Besteek euren buruari konstituzioak e.a. ematen badizkiote, guk ere zertxobait opa diezaiogun geureari eta ados edota atres jarri gaitezke zerbaitetan bederen. Obaba-k dagoeneko unibertsala izan behar du, pentsa: sehaska kanta bateko hitza, zein euskaldun ez dago horrekin ados?

Eta Obaba herriko Misterra urteetan eta urteetan hautagai kandido eta eternala izanik ere, azkenean saria ematen ez badiote/badigute ere, ez da berdin-berdina izango, baina ez izan kuidadorik, parabolikoak ez luke basoa tapatu behar, baizik eta Euskal Liluratura izeneko izozmendiaren punta behinik behin ikusi ahal izan beharko litzateke munduko zenbait tokitatik. Eta hori bakarrik, ez al litzateke ona izango?! Nobel saria Atxagari emango baliote/baligute, berriz, paper ona beteko lukete bai Bernardok bai eta euskal literaturak ere. Eta gure hizkuntza/kultura, daukagun gauza preziatuena, salbatuko ez balitz ere, ezagutzera emango litzateke. Euskarazko literatur tradizioa eta sorkuntza, ele berriak mundura! Atxaga etxerako eta Nobel sarirako, Nobel saria Atxagari!

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak