kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Soinujolearen semea / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2003

Oroimenaren teatroak Jon Kortazar / El País, 2004-01-18

Oroimenaren teatroak erretorika klasikoak asmatu zituen; gauzak gogoratzeko teknika bat genuen. Hizlariak ezelako idazkirik gabe hitz egin behar zuenean, aldez aurretik imajinatzen zuen kale bat, dendaz beterik, eta denda bakoitzean hitz bat edo kontzeptu bat kokatzen zuen, eta hitzaldi eman behar zuenean irudimenezko kale hartatik ibilbidea imajinatzen zuen, bere hitzaldia bidaia bihurtuz…

Teknika hau gogoratu dut Bernardo Atxagaren azken nobela, Soinujolearen semea, irakurtzean. Han ere, oroimenaren teatroa eraiki da. Nobelaren gaiari dagokionez, David gazteak bere bizitzaren berri ematen duen kontakizun batean gaude, eta ibilbide bat egin behar dugu berarekin bere bizitzatik zehar, dendarik denda ibili beharrean, izenez izen gabiltzalarik, erlazio mundu bat sortu arte.

Lehen-lehenik, nobelaren izenari erreparatu behar diogu, jakina baita, Anaiaren liburua deitzeko modua ere bazegoela nobela hau. Beraz, erlazio modu biren artean aukeratu izan behar du egileak: edo lagunarekin, Josebarekin izan duen erlaziotik kontatu bizitza (eta orduan Anaiaren liburua izango genukeen) edo aitarekin duen erlazioa, eta azken hau aukeratu da, Daviden historia eta herri honen historia bat balira bezala, eta herri honen historia gerra garaiko zuzenbide faltan jaioko balitz bezala.

Nobelak (ez dugu tokirik bere egitura konplexua azaltzeko) Daviden bizitzaren aro nagusi bi hartzen ditu kontuan: 60.eko hamarkadako batxilergo garaia lehen partean, eta bigarrenean, unibertsitatean dagoenekoa, 70.eko hamarkada, amnistia heldu arte luzatzen dena kontakizunean. Egilearen irudia den Josebak Daviden eskuizkribua ezagutuz, haren gainean idazten du Soinujolearen semea.

Oroimenari buruzko nobela irakurtzen dugula esan dezakegu, baina oroimen pribatua oroimen sozial bihurtzeko asmoa duena. Horretarako, zenbait estrategia erabiltzen dira: listak egitea, adibidez, edo espazioaren agerpen zuzena. Baina, batez ere, oroimen pribatua sozial bihurtzeko, teknika nagusi bat dago: hitz egitea. Eta horixe da, nagusiki, Soinujolearen semea nobela honetako pertsonaiek egiten dutena: hitz egin, aspertu gabe, garai bati buruzko memoria osatu arte.

Orain arteko bere lan osoaren sintesia egin duela aitortu du Atxagak. Eta niretzat daukat, batez ere Bi anai (Obabakoak-en arrakastaren ondoren ahaztuxea geratu zen) nobelaren oihartzuna dela hemen nagusia. Autorreferentziala da nobela, egia da, eta galtzear dagoen mundu bat liluraz begiratzen duena, Daviden eta batez ere Lubis pertsonaiaren bidetik.

Ekintzena baino gehiago kontenplazioaren nobela baten aurrean gaudela esango nuke. Daviden begiez ikusten dugu mundua eta ibilbide bat egiten haren oroimenezko teatroen bidez.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak