kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Soinujolearen semea / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2003

Gure hitzak Ibon Egaña / Berria, 2004-01-24

Behiala ezagututako Obabara garamatza berriro ere Bernardo Atxagak Soinujolearen semea liburuan. Ezaguna eta aldi berean berria den Obaba batera, ordea. Lehengoa den eta ez den Obabara. Bestelakoak baitira Obabara begira dauden begiak oraingoan: Davidenak, alegia, Estatu Batuetako arrantxotik Euskal Herrira begira jarriak. Obabatik milaka kilometrora eta 40 urteko tartearekin Obabako haurtzaroari so daudenak. Eta perspektiba berriak, bistan denez, berri egiten du begiratzen den hura. Memori liburua da Davidena, Liz eta Sara alaba txikiei hil aurretik utzi nahi dien lekukotza. Euskal Herriaz deus gutxi dakiten Liz eta Sara ditu gogoan Davidek memoriak idaztean, eta horregatik halako urrutiramenduz, arrotzaren begiez, dena berria zaionaren begiradaz jasotzen du Obabako, Euskal Herriko berri. Urruneko lekuetan izan ondoren bere gizartea deskribatzen diharduen antropologo batek egingo lukeen maneran, demagun. Pentsa liteke irakurle kanpotarra izan duela, beraz, Atxagak gogoan nobela ontzean, baina egia da, halaber, bertakoak ohi duela premiarik larriena bere berezko ingurua arrotzaren bestelako begiez ikusteko.

Heriotza hurbil du Davidek Soinujolearen semea memoriala idazten diharduela. Eta agian horrexegatik, heriotzari aurre egiteko modu bakarra oroimena delako ekin dio idazteari. Edo Markos Zapiainek gogorarazten zigun moduan esanda, eternitaterako aukera bakarra estetikoa (hemen literarioa) delako. Eta Obabara, Iruainera, (beraz haurtzarora, arkadia galdu hartara) zuzentzen du gogoa Davidek, errekak gardenak eta belarra berdea zen leku-denboretara. Baina berehala agertuko zaizkio hots, usain, paisaia ederrekin batera gerra zibilean Obaban fusilatu zituztenen zerrendak eta berehala abiatuko inozentziaren pixkanakako galera. Eta memoria indibidualaren esparrutik memoria kolektiboarenera egingo du jauzi liburuak, frankismo garaitik gaur egunera arteko Euskal Herriaren kontaketa bat egiteko, beti ere galtzailearen, zokoratuaren aldeko hautu etiko-estetikoak gidatuta.

Joseba eta Mary Annen arteko lehen orrialdeetako elkarrizketak liburua zedarrituko duten ildoak aurreratzen ditu, eta Atxagaren liburuaren poetika gisako bat aurkezten, memoriarekin batera hizkuntza kezka eta gai nagusi duena. Ez bakarrik liburuan zehar idazleak erakusten duen hizkuntzaren maisutasun erabatekoagatik (zail da ulertzen nola kabitu daitekeen hainbeste dotorezia halako sinpletasunean), areago, hizkuntza, lexikoa, mintzamoldea munduan egoteko eta izateko modua dira asteasuarraren lanean. Pertsonaiak definitzen, munduarekiko, inguruarekiko duten harremana margotzen duten koloreak. Hitzak kasik bizidunak bailiran zaintzen ditu Atxagak.

Nobelaren amaiera aldera dio Davidek “errealitatea tristea dela eta liburuek, baita gogorrenek ere, edertu egiten dutela, amerikanoaren fusilaketa saioaz Davidek ematen dituen bi bertsioen kariaz. Baina liburu osoak hori berretsi baino ez du egiten egia esanda: literaturak koloreak, usainak eta hotsak gehitzen dizkiola errealitateri. Eta Atxaga maisu dela horretan ere. Gertaerarik tragikoenari ere halako xamurtasun bat, usain berezi bat, etxekoa eta ezaguna dariola liburuan. Maitarazi egiten dizkigu idazleak bere lumak sortutako pertsonaiak, ezagun, hurbil sentitzen ditugu. Izan ere, edertasun eta xamurtasunarekin batera, humanismo sakon, bizi batek blaitzen du Soinujolearen semea, Arestiren aldarria bere eginez bezala: “beti paratuko naiz/ gizonaren alde”.

Bizitza, heriotza eta maitasuna. Literaturaren gai klasiko eta betierekoak omen direnak dira liburu honetan ere ardatz, iparrorratz. “Gai nagusiak”, Davidek berak dioenez. Eta arras hunkitzen du Atxagak gai nagusi horietara xumeenetik, xaloenetik iristeko duen abileziak. Behetik goranzko begiradak. Partikularretik unibertsalera, indibidualetik kolektibora begiratzeko dituen begiek. Sentimenduz gainezka, Soinujolearen semea-k literaturan eta bizitzan sinesten jarraitzeko argudioak berresan eta berritu dizkigu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak