kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Esan gabe neukana / Agurtzane Juanena / Elkar, 2003

Saminaren gainetik, ulermena xede Oier Guillan / Gara, 2004-01-24

Zeintzuk ote dira literatur lan baten mugak? Neur daiteke sentimendu bat? Badira sentimenduez zeozer arrotza (arrunt hotza) bailiran mintzo diren testuak, hitz eder hutsak, eta badira sentimendu bat azalerazteari ekiten dioten testuak, moduak gaindi. Besteak beste.

Agurtzane Juanenaren liburuarekin besteetan baino ozenago mintzatu zaizkit tankera horretako galderak. Ez dut topatu metafora ikusgarririk, ez dut topatu hitzekiko maitasuna asaldatuko didan pasarte gogoaingarririk. Irakurterraza da, esan nahi dena biluzik, modu sinple eta zuzenean eskaintzen zaio irakurleari (eraginaren neurria jakitea zaila den arren, aintzat hartzekoa da Koldo Izagirreren eskua testu edizioan). Osotasun gisa, ordea, testuak gorabehera asko izan ditzake, salto handiak ideiak azaltzeko moduan.

1975. urtean narratzaileari komisarian gertatutakoei orainetik iraganarekiko urruntasun gertutik gauzatutako gogoetak tartekatzen zaizkio. Gogoeten artean badira oroimenean gordetzeko moduko esaldiak, ondorioak, baina izenburu zorrotzak dira edukietan murgiltzeko saio sakon bat baino gehiago. Erraz irakurtzen ahal den arren, hari orokorra nahiz egitura testu gisa oso irregularra suerta liteke, eta, hala ere, lasai asko esan nezake: beharrezkoa iruditzen zait liburu hau, literatura batez ere sentimendua delako, hitzen koordenatuetan edertasuna sortzeaz gain, funtzio bat betetzen duelako idazlearengan eta irakurlearengan.

1975. urtea ez dago urrun. Gaur izan liteke, edo okerrago dena, bihar izan liteke ere. Tortura gatazkaren parte delako, torturaren biktimen zerrenda oso luzea delako. Juanenak bere beldurrei aurre egiteko saio ausart eta eskergarria egin du esan gabe zeukana konpartitzerakoan, baina liburua bada hori baino gehiago ere, urte luzez herri honetan gertatu diren (gertatzen ari diren) hamaika istorio isilen historiari ahotsa eman baitie. Eta bada oroitzapenak sortutako saminaren gainetik deigarria eta garrantzitsua iruditzen zaidan sentimendu edo jarrera bat: errukirik bilatu gabe mintzo da autorea, zorrotz eta erantzukizunez, amaiera jakinik ez duen ulertzeko prozesu baten parte bezala. Trantsizioaren testuinguru horretan bizitakoekin tartekatutako gogoetak esanguratsuak dira oso: garai hartako gazteriaren jarrera eta jatorria, komunikabide zenbaiten hipokrisia, torturatuak bere buruarekin duen ardura, ondorengo egunerokotasuna, barkamena eta gorrotoa… Kontzesiorik gabe baina ulermenera abiaturiko begirada da Junenarena, pasarte batean aipatzen duenez, poesiari loturiko borroka delako berea agian: “Garai hartako gazte borrokalariongan eragin handia zuen poesiak, teoria politikoak adinakoa (…) Bestearen poesia ulertu ahal badugu, nola ez gara gai izango elkar ulertzeko”.

Harritzeko aukera galtzean soilik galtzen dela dena esan zidan behin adiskide batek. Eta egunerokotasunera itzulita, gauza askorekiko senti dezakedan ezjakintasuna aitor, harritzeko hamaika aukera badirela esan liteke: herri honetan pertsona bakar bat torturatua den heinean sekulako eskandalua edo kale iraulketa ez egoteagatik sortzen ahal dena; egunkari batean tortura hitza irakurri eta, besterik gabe, kiroletako orrira pasatzeko gaitasunetik sortzen ahal dena…

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak