kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Soinujolearen semea / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2003

“Soinujolearen semea”-ri buruz Joxemari Iturralde / Berria, 2004-01-02

Liburu honek hari asko dauzka, batzuk besteak baino lodi eta korapilatsuagoak, denak garrantzizkoak, denak kontuan hartu beharrekoak. Hari horiek kolore askotakoak dira, itxura ezberdinekoak. Horrela, pareka, hirunaka, launaka bildu eta jaso ditzake irakurleak. Pertsonaia zenbait binaka aterako dira liburuan zehar, paraleloki denbora eta lekuak gurutzatuz. Bat bitan banatuko da, eta bi hirutan. Stoneham eta Obaba. Obaba eta Iruain. David eta Joseba. Joseba eta bere alabak. Don Pedro eta osaba Juan. Uzkudun eta Ubanbe… Denak du bere errepikapena denborak aurrera egin ahala. Hari bat bestearen antzekoa. Karlisten gerra garaian erabilitako gordelekua, 1936ko gerra zibilean erabilgarri izango zaie batzuei, eta 30 urte beranduago, 60. edo 70. hamarkadetan bere horretantxe jarraituko du zuloak, erabilgarri oraindik ere eta sonbreiru zuria bertan dagoelarik adieraziz denbora eta historia bat bera dela, denak duela bere jarraipena eta haria ez dela eteten inoiz.

Liburuak 467 orri ditu eta, halaz ere, irakurleak ohartu gabe irensten ditu guztiak, narrazioan erabat murgildurik. Kontatzen zaiguna ez da inoiz astuna egiten, oso gustura irakurtzen da eta hori da, dudarik gabe, liburu honen meriturik handiena. Atxagak, liburu honekin, objektu bat utzi digu gure eskuetan, lehendik existitzen ez zena. Egituraz ari naiz. Itxura, luzera, gai ezberdinez osaturiko multzotan, ataletan, zatitan sailkatua datorkigu liburu hau, halako moldez non irakurlea beti bidaltzen duen beste atal batera, beste orrialde, beste kapitulu batera, etengabe, esan daitekeelarik horrela liburuak ez duela amaierarik, eta edozein lekutatik irakurtzen hasi daitekeenez gero, bada, hasierarik ere ez duela. Perpetuum movile txiki bat bilakatu zaigu liburu hau, egitura aldetik artefaktu oso eraginkorra, lehenago Lawrence Sterne-k, James Joyce-k, Anthony Powell-ek, Georges Perec-ek, Julio Cortazar-ek, eta beste hainbatek egin zuten modura. Eta hau ere, nire ustez, beste meritu handia da: irakurleari liburuan sartu eta etengabe irakurtzeko egiten zaion gonbitea.

Memoriak eta, beraz, denborak, garrantzi handia dauka liburuan. Eta denbora esaten dudanean esan nahi dut joandako denbora. Atzera begira dago egina liburu hau, orain puntual batetik hasita baina atzerantz doan gezia jaurtikiz. Hemen dokumentu idatziak azaltzen dira, memoria-liburuak eta horren gainean berridatzitako hizki eta esaldiak. Eta hori, idatzita dagoenez gero, hor geratuko da. Idazle klasiko hark esaten zuen: “Iragana ez da inoiz hiltzen, are gehiago, ez da iragana ere”. Dena bilakatzen dena oraina, alegia. Horrela ere liburu honen kasuan. Azkenerako iraganetik datozkigun hainbeste hari, mataza irregularra osatuz, mahai gainean dauzkagu orain liburu itxuraz. Artefaktu horretan gurpil ziklikoak ikus ditzakegu, etengabe jiraka: Denboran, haurtzarotik hasita gaztarora doan garaian (Iruaingo pasarteak, arcadia felix txiki eta mugatua osatuz), gero gaztarotik heldutasunera doanean, azkenean berriz hasierara buelta egitearren, Liz eta Sara txikiek etengabeko hariari eutsiko baitiote nahiz eta Obabatik urrun izan.

Espazioak ere jiraka egiten baitu hemen: Obabako auzo batetik bestera, hemendik Estatu Batuetara, gero berriz Donostia eta Bilbora, ostera ere Obabara itzultzeko. Irakurlea bera ere, lehen esan bezala, ia behartuta dago, bultzatuta sentitzen baita atzera eta aurrera liburuan ibiltzera, saltoka eginez edozein unetan. Davidek idatzi egin du bere istorioa, Josebak gainetik idazten du Davidek idatzitakoa, Don Pedrok bere istorioa ere idatzita utzi zuen eta horrela irakurleak egiaztatu beharko du aurrekoak paperetan jarritakoa horrela izan zen ala ez. Triku, Ramuntxo eta Etxeberriaren aitorpenak ere liburuan azaltzen zaizkigu besteen istorioetatik aparte, irakurleari beste ikuspuntu batzuetan kokatzeko aukera emanez. Horregatik esan dut lehen liburua beti mugitzen ari den artefaktua dela, irakurlearen parte hartze zuzena eskatuz datorrena.

Oinarrizko bitasun eta hirutasun horietan sostengatzen da liburuaren pisua: oraina eta lehena, haurtzaroa-gaztaroa eta heldutasuna (beraz, dekadentzia), amodioa-gorrotoa, egonkortasuna-ihes egin beharra, gerra-injustizia eta bakea-oreka, desagerturiko mundua eta gaurko mundu modernoa, lehen maitasuna eta lehen etsipena, soinujolearen garai bateko melodia herdoilduak eta the Hollies (gora Graham Nash!) taldearen pieza modernoak, sexua, indarkeria, poesia, haizea, animaliak, ura, natura orokorrean… denak du hemen bere leku erreala, benetakoa, pisuzkoa (eta jakina, baita sinbolikoa ere). Liburuan aparteko garrantzia daukate bigarren mailako pertsonaiak edo pertsonaia sekundarioak, horiek sostengatzen dute nagusienen balioa. Zifrek ere pertsonaia nagusien indarra hartzen dute: 1, 2, 3, 1936, 1966, 1970…

Orain arte uste genuen dena genekiela Obabari buruz. Baina ez zen hala. Horregatik liburu hau mapa bat da, baita ere. Mapa bat ibilbide luzeak eta laburrak erakusten dizkiguna Obaba bertatik hasita. Gainera liburu hau lupa bat da garai bateko Obaba monolitiko hura pittinka zatikatzen diguna, bat baino asko eta oso diferente direla erakutsiz, eta liburu hau denboraren makina txiki bat da mapa eta lupa horrekin batera irakurleari jakiten laguntzen diona benetako Obaba horretan zer dagoen eta zer zegoen, zer gertatu den eta zer gertatu zen, nola joan diren denboraren poderioz hari guztiak katramilatzen, batzuk puskatuz, besteak alferrik galduz, beste batzuk agoantatuz baina ez denbora oso luzean (David bera hil egiten da zahartzarora iritsi baino askoz lehenago), nola joan den osatzen gaur egungo mataza informe hori. Eta hari guzti hauek hainbesteraino egiten diote tira irakurleari non honek ere azkenerako sentitzen baitu bere burua Obabatar bat gehiago bailitzan, bere egiten baititu bertako gertakizun asko. Eta hori ere meritu itzela da kasu honetan, liburu gutxik lortu ahal dezaketena delako.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak