kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Uda betiko balitz / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2003

Uda betiko balitz Arantza Etxebarria Iturrate / Idatz & Mintz, 2003-12

Ai! Udea betiko balitike!

Nork ez dau gura holangorik pasetarik? Nork ez leuke gura udea betiko luzatutea, egun luze-luzeak eta eguzkitsuak eukitea, presa barik ibiltea, beti olgetan, egunerokotasunetik urrin…

Udalekuetako istorio freskoa ekarri deusku Mendigurenek oraingoan. Liburu dibertigarria, arina eta katigituteko modukoa da, baina ezelan be ez sinplekeriaz idatzikoa. Askori eta askori (nire edade ingurukoei bai, behintzat), orrialdeok irakurrita, gaztaroan bizi izaneko esperientziaren bat ekarriko deutso gogora eta, igual, identifikauta be sentiduko da.

Egitura aldetik be nahiko berezia eretxi deutsat liburuari. Narrazinoagaz batera, mutiko batek idatziko gutunak agertzen jakuz orrialdeotan, ahozko euskera freskoan idatzikoak hain zuzen be. Mutikoak eskutitzok aita-amei, lehengusuari, lagunari, ahizteari… aginduten deutsez, udalekuetako gorabeheren barri emoteko. Liburuak hiru zati argi daukaz: mutikoak udalekuetan 12, 14 eta 16 urte daukazala bizi izanekoak. Holan ha, gutunok sano lagungarri egingo jakuz pertsonaia helduaz zelan doan ikusteko.

Narrazinoa bera orokorra da, hau da, ez dau pertsona bakarraren ganean berba egiten, ezpada talde osoak daukaz berbagai. Baina pitean-pitean datozen eskutitzok ez dira betegarri hutsak, narrazinoan argitu barik geratutakoa mutikoak gutun baten argituko deutso-eta bati edo besteari, sarritan.

Ganera, gutunotan badago beste gauza deigarri bat be: Elizegik mutikoaren garapena erakutsi deusku, alderdi biri erreparatuaz erakutsi be. Batetik, mutikoaren ortografia asko hobetuko da “edadeak” eta liburuak aurrera egiten daben neurrian: h letrea, berben arteko banaketak, puntuazinoa, ideien ordena, testuaren egiturea… Bestetik, edukiari begira be hasierako haurrari ez deutsagu hain haur eretxiko, apurka-apurka sentimendu sakonak eta ideia abstraktu eta koherenteagoak azalduko dauz eta. 16 urte daukazanerako pertsona heldua da eta arreta ez dau umekeriatan ipinten, gauza ganorazkoagoetan baino: amodioa, politikea, barruko mundua, itaunei erantzun ezina…

…Aitorpenak egiteko ordua da. Liburudenda erraldoi baten erosi neban liburua: beste liburu batzuen arteko borroka gogorretik garaile urten eban honako honek. Liburudenda horretan, ha, apalak liburuz beteta neukazan eta nik ume-goseak-hilaren antzera begiratzen neutsen guztiei: hau hartu, bestea itxi… Baina azkenean, atzealdean begiratu eta argumentuaren esku itxi neban ebatzia. Ez dago esan beharrik zein egin jatan erakargarrien.

Eskuartean daukagun liburu honen atzealdeko azalpenak liburuan poza nagusi dala dinosku, nahizta beste sentimentu batzuk be agertu. Dana dala, liburu honek, gogoetakaz batera, nostalgia-sentimentu moduko bat be erne deust barruan, joan jakuzan urteen mina: gura eta ezina, denporea gelditu ezina. Baina orain bizi dodan sasoia be pozgarria dala pentsauta altxau dot burua, joanak joan direalako. Elizegik berak be antzoko zeozer onartu dau liburuko azken orrialdeotan:

“Haurtzaroa pozaren erresuma izendatzea

Gizakien Historian edo Historiaurrean

Urrezko Aro bat izan zela sinestea bezalakoa da:

Harrezkero dena litzateke endekatze eta galera,

Okerretik okerrera igarotze ezinbesteko bat.”

Sasoi bakotxari berea, eta, noizean behin, bizitakoari gorazarrea.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak