kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Begiak itxi eta kitto / Xabier Etxaniz Rojo / Elkar, 2000

Idatzita ez dagoena irakurtzen denean Aingeru Epaltza / Nabarra, 2003-11

Literaturaren jainkoak testuaren literaltasunetik harata egiteko eskatzen dio bere adoratzaileari. Idazlea tarte zurietan ere mintzatzen da eta irakurlearen irudimenak tarte zuri horiek letrekin belztea du eginkizun. Betelan horretan sortzen ahal diren oker eta gaizki ulertuak jolasgai gisara erabiltzen ditu Xabier Etxaniz Rojok, Begiak itxi eta kitto narrazio bilduman. Ez gintuzke harritu behar, sormen lana, transzendentziaren zeta zurrunaz jantzita ere, oroz gain, artifizio malgu jostagarria baita.

“Zergatik irakurri idatzita ez dagoena?” galdetzen dio bere buruari ipuinetariko bateko narratzaileak. Eta galdera maltzur hori pausatuz, Etxanizek ezeztaturik utziko ditu irakurle ustez inteligenteak narrazio horretako mikroistorioen artean hartaraino eraiki dituen ustezko zubiak. Zubirik ez da. Loturarik edo osotasunik ere ez. Irakurlearen gogoak baizik ez du bat egin berez anitz dena. Idazlearen agindupera manukor aritzera ohitua, kaosa ordenatzera ahalegindu da, horixe zelakoan eskatzen zitzaion lana. Zepoan ederki erori da, ordea: kaosaren gibelean kaosa baizik ez zen. Ezen, kontakizunaren bukaeran erraten zaigun bezala, bizitza honetan ezergutxi baita ematen duena. Are gutiago literaturan, biziaren ispilu oker.

Bere emazteak tronpatzen duela deskubritzen duen koittadua. Neguko gau kaskar batean tabako eske karrikaratzen den gizona. Bukaera (edo hasiera) harrigarriko ezteia. Lagunek behartuta putatan doan gizarajoa. Eroetxean internatutako emakumearen istorio asaldagarria. Zigarroaren keak batzen duen istorio-katea. Goizaldeko treneko topaldi beroa… Begiak itxi eta kitto liburuko zazpi narrazioak irakurtzean, irriño konplizea loratuko zaigu maiz ezpainetan. Barre algaratan lehertuko ere, beharbada, halako pasarteren batean. Idazlea gutaz trufatu den edo ziria sartu digun sentipena ere ez da izanen, behin baino gehiagotan, aparte. Izan ere, irakurlearekin jostetan aritzeko, hura ustekabetzeko eta ezuste horretan gozarazteko ahalegina dugu liburu honetako alderdirik eskergarrienetariko bat. Bertze bat, kontakizun gehienei darien ironia lotsagabea eta egunerokotasuna esperpento bilakatzeko grina. Eta hori guztia, su-bestetatik urrun, kontamolde eta hizkera zuzen batean. Xabier Etxaniz Rojo proposamen atsegin honekin agertu zen, duela urte guti, euskal literaturaren balkoira. Ez dakit bere lekua egin duen jadanik, baina merezi du gure arreta.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak