kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ugerra eta kedarra / Sonia Gonzalez / Txalaparta, 2003

Orekaren muga Oier Guillan / Gara, 2003-12-13

Zer ote da mugan, muturreko egoeretan bizitzea? Noren ikuspegitik da egoera bat muturrekoa? Kausi liteke nolabaiteko oreka ezein muturreko egoeraren baitan? Pertsonen baitako mugak muturreraino arakatzea gogoko duenak goza lezake agian Sonia Gonzalezek atondu duen lehen eleberri honekin. Hala ere, narrazioa bera pertsonaia nagusiak bizi duen oreka hauskorraren baitan dabilela iruditu zait irakurri ahala. Kostata mantentzen dira kontatutakoaren intentsitatea eta oreka, kolpe eta aldaketa bortitz asko daude narrazioaren moduan eta horrek, kontatutakoaz gaindi, irakurlea behin baino gehiagotan nahas lezake.

Kontatutakoak muturreko egoerak izanagatik, ez dute zertan urrunak, fikziozkoegiak izan behar. Espazio, bide, kale, garai berean errealitate ugariak elkar bizitzen egon litezke, batzuetan elkarren berririk izan gabe, besteetan tarteka elkar gurutzatuta. Narrazioak, edonola ere, orain urte batzuetako Bilbo berreskuratzen du, 80ko hamarkadako egun haietako musika, kaleko giroa, droga moduak eta sentitzeko moduak ere bai agian. Narrazioa egituratzeko modu bitxia agertzen du Gonzalezek. Hari orokor bat egon arren, denboran atzean salto ugari egiten dira, pertsonaien bizitzatan erabakigarriak izan diren pasarteak berreskuratuz. Tarteka oso jarraian egiten zaizkio ebakuntzak hari orokorrari, eta horrek gehiegi ahultzen ahal ditu istorio nagusiaren indarra eta erritmoa. Horretaz gain, narratzailearengan lehenengo, bigarren eta hirugarren pertsonak nahasten dira etengabe, pertsonaia berarengan nahiz pertsonaia batetik bestera salto eginez. Joera horren inguruan joko interesgarria sor litekeen arren, ene aburuz, behin baino gehiagotan murgiltzen da liburua orekaren muga horretan eta agian kaosaren sentsazioa gailentzen da gehiago azkenik. Badira zati batzuetan saio interesgarriak, narrazioa apurtuz bestelako ate bat irekitzen dutenak; gertakizun bera bi ikuspegi ezberdinetatik kontatzen denean edo “hiztegi inpertsonalaren” bidez pertsonaia nagusiak zenbait hitzen definizioak bilatu eta egoeretan egokitzen dituenean esaterako. Baina, oro har, horrenbeste ebaketa, salto eta froga ezberdinen artean lotura sendoak gauzatzea lan interesgarria baino, zaila izan behar delakoan nago. Irakurle gisa, behintzat, lotura horietan narrazioa behin baino gehiagotan erori zait.

Ez da erraza bizitzako muturreko egoeren katalogotik gutxi ezagutu dituen irakurle batek gertakizun eta pertsonaien sinesgarritasunaren inguruan iritzia ematea. Sinesgarritasuna narrazioaren baitako kokapenari dagokionean, ordea, niri iruditzen zait momentu intentsoak, ederrak dituela eleberriak zenbait kasutan, bereziki pertsonaia nagusiak barne mundu eta gogoeten intimotasunetik abiatzen denean. Baina besteetan, gauza larregi biltzen dira pertsonaia bakar baten konplexutasunean, eta zenbait egoera eta elkarrizketa fortzatuak suertatzen dira.

Badago narrazioari suspentse eta tentsioa areagotuko dizkion azpitrama bat ere, baina, ezein modutan, pertsonaien artekoak azaltzean hartzen du narrazioak indar gehiago. Egituraren baitako saltoek irakurketa malgua oztopa dezaketen arren, Bilbo nahiz ezein hiritako gau giroaren azpimunduan, giza harremanak zelan gauzatzen diren arakatzea gustuko duenak aisa irakurriko du.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak