« Thriller bat 147 poematan | Oro errana dago, baina ez nork bere orroz »
Askatasun haizea / Javier Buces (Markel Lizasoain) / Txalaparta, 2025
Gaurdaino datozen egun haiek Irati Majuelo / Berria, 2025-09-28
Irailaren 27ko goiz-alban erail zituzten Juan Paredes, Txiki, eta Angel Otaegi etakideak. Orduan fusilatu zituzten, halaber, FRAPeko hiru kide. Frankismoan baimendutako azken heriotza-zigorrak izan ziren, diktadorea bera hil hurren zegoela. Aro baten amaiera ezar zezaketen, baina ez zen hala izan. Frankismoaren kontrako erresistentziaren ikur gisara heldu dira guganaino.
50 urte igaro dira ordutik eta, urteurrenaren harira, ez dira gutxi izan omenaldiak, irakurketak, gutxiespenak, polemikak. Sarri, gaurko gatazkei justifikazioak bilatzeko erabiltzen da, egun, historia. Inertzia horretatik ihesi, Askatasun haizea saiakeran, gure herriko historia garaikidea norabidetu zuten egun horiek aletzen, ulertzen, transmititzen ahalegintzen da Javier Buces historialaria.
Historia gertakari hutsen segidatik aldentzen du, eta bilakatzen du joan-etorri ugari eta konplexuen bilbe trinko bat. Txiki eta Otaegiren hilketaren hondoan agertzen dira, hala, bi gazteen familien historia eta senideen mina, diktadurak Euskal Herrian eragindako itolarria, askatasun egarriz zen belaunaldi bat, nazioartetik heltzen ziren harridura zein elkartasun keinuak eta hilketak gogoratzen dituzten kantuak. Hori dena, egun gutxitan kondentsatuta. Mami handiko liburua da, hainbatetan katramilatsua, izen, data eta datuetan galtzeko arriskua duena. Hala ere, aldiro azaleratzen da historialariaren gertuko ahotsa, irakurlea gidatzeko asmoz.
Ildo horretan, hasieratik jartzen du agerian idazleak bere asmoa; ez du ahots zuri, neutro, zipriztinik gabekoa izan nahi. Saiakera honetan bada, honenbestez, artxibo lan handi bat, ikerketa historikoa oinarritzen duten dokumentazio eta interpretazio jardun nabarmena, baina badago, orobat, injustizia bati aurre egiteko grina argia: errepresio frankistako eta trantsizioko biktimek jaso duten bigarren mailako biktima tratua salatzea, hain zuzen ere. Bucesek berak dioenez, kontakizuna desitxuratzen baita: “[…] halako maneran non biktimaren errepresaliatu izaera ere urardotzen baitute borrero bihurtzeraino. Aldiz diktadura erregimenari errua kentzen diote edo defentsa legitimorako eskubidea ematen”.
Katramila politikoaren erdian ikusi du argia lan honek halabeharrez. Iraganari argi egin nahi dionak, hemen du tresna bat.
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Irati Majuelo
Herioa Venezian
Thomas Mann
Aritz Galarraga
Azken batean
Lourdes Oñederra
Ibon Egaña
Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena
Mikel Asurmendi
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Asier Urkiza
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Amaia Alvarez Uria
Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain
Jon Jimenez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Paloma Rodriguez-Miñambres
Lakioa
Josu Goikoetxea
Mikel Asurmendi
Lur mortuak
Nuria Bendicho
Irati Majuelo
Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"
Paul Beitia Ariznabarreta
Akabo
Laura Mintegi
Joxe Aldasoro
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Paloma Rodriguez-Miñambres