kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Barne ibilerak / Luis Mari Mujika / Hiria, 2001

Barne ibilerak Patxi Ezkiaga / Egan, 2003-03

Ez da erraza bilduma gisa har genezakeen obra mardul honen nondik-norano guztiak modu sekuentziatu eta argi batean taxutzea baina, esango nuke, obra osatzen dueen sei liburuak amaigabeko joan-etorriko bidaiaren geltokiak direla, Uholdearen ertzetan liburuaren idazle bera baita Nire Bakardadearen ortuan eta Hitzaren beste ertzetako Ekain eta Santimaminen aurkituko duguna. Funtsean, bederen. Baina, nola ez, badago aldaerarik, badago kanpoko eraginik, poetaren jarduera aniztu, erlatibizatu eta, era berean, aberastu egiten dutena, poesia oso jantzia bihurtzeraino. Eta obran Mujika bat ikusi dudan bezalaxe ikusi ditut mila Mujika ere.

Mujika bat, hizkuntzari emandako trataera txeratsu eta duinarekin batera hazten joan dena, hizkuntzaren aberria hedatzen jakin duena, hizkuntzaren aberriaren mugetan bere idazkeraren fronterak markatzen diharduena, jarraiko prozesu batean (1). Barreneko ispilu bilakatu den poeta, herri biluzi baten hitz metafisikoaren isla setati eta adoretsua (2), bera baino askoz lehenagokoa duen herriaren elkarte espiritualaren izenean idatziko balu bezala, hitzak, beti ere, txiroak eta behartsuak direla jakinaren gainean, mezu mutilatu baten larrimina, poeta leial orok baitaki horixe duela penitentziarik gogorrena (3): hitzen mundua sortu, ordenatu eta birsortu beharra, hitzaren hormetako espaziotik irten gabe, espazio gero eta estuagotik, gero eta mugatzaileagotik, ekimen poetikoa arazten doan heinean.(4)

Hori da, hasteko, azpimarratuko nukeen lehenengo ezaugarria: Luis Mari Mujikak noraino dirudien kontziente sorkuntza poetikoaren miraria hizkuntzaren mugetan ematen dela, bai pentsaera bai errealitatea adierazteko. Mujikak zabaldu egiten digu bere mundu ezaguna eta, epifania hori hedatzen doan neurri eta erritmoan sentitzen dugu poetak bere baitaren kartzelara egiten duela berriro ere, hurrengo bulkadaren zain, poetak berak hainbeste aldiz aipatzen duen Rosalesek erakutsi zigun bezala (5). Horregatik dauka Lizartzako poetaren hozkadak, zenbait poemetan, animalia lotu baten gisa egon den malguki bat-batean askatutakoaren indar jauzilaria, aurpegia babestera bultzatzen gaituena, urratuen beldur (6).

Mujika bat, barren-barreneko premiak bultzatuta idazten duena, naturan loreek diharduten modura, norberaren fisiologia sortzailearen eskakizunen arabera (7), norberaren sakontasunen fotosintesian. Nik ulertzen dut noraino izan daitekeen premia hori zurgatzaile eta tiranikoa, badakidan bezala ez dagoela urtaroen joan-etorriaren erregulartasunarekin lotuta; aldiz, bizitzako argi-guneak, bero-guneak direla idaztera bultzatzen gaituztenak, eta horiexek direla idazlearen heldutasun prozesurako etapak markatzen dituztenak, irregulartasunak, gorabeherak, hutsak eta guzti (8). Beraz, Mujika bat, diot, esan berri dudana modu ezin argiagoan azaltzen zaigulako Lizartzako poetaren obran, bere argi-ilun guztiekin.

Mujika bat, esango nuke ere, bere obran badagoelako zerbait konstante bortitz gisa ikusi dudana: barne-hustasunen, bizitza oso batez luza daitezkeen isiltasunen presentzia (9), bere borondatetik haratagoko mundu ezkutuen zerbitzari izatea egokitu balitzaio bezala, Juan Mari Lekuonak Izuen Genesian eskaini zigunaren antzekoa, euskaldun eta sinestedun (modurik zabalenean) izan beharraren eztena, errukiz haina aladuraz egina (10), poeta historia hori sinbologia boteretsu batean moldatzera eramango duena, amets eta amesgaizto urrutietan, segida erreplkarian. Mujikak gutxik bezala urratu du esperientzia horren azala.

Mujika malenkoniatsu bat, porrot itxaropentsu baten kronikari. Bere poesiak aspertu gabe iradokitzen digu iragana nostalgiak, urguiluak eta pasioak garbituta dagoela, nekez hitz egin diezagukeela ahots gardenaz, gero eta gogorragoa zaigula historiaren irakatsiei buruzko oinarrizko adostasun batera heltzea (11). Horretan Luis Mari Mujika oso zintzoa da eta bere poesia arretaz eta begirunez irakurtzen duen edonor ohartuko da zer-nolako ozentasunez deiadarkatzen digun etsaien arteko isiltasuna dela bene-benetan hautsi behar duguna Gernikan, Txindokin eta Irunberriko zintzurrean; ez dagoela hauskortasunari zor diogun begirunea beste irtenbiderik (12). Maria Zambranoren intuizioa ez zebilen hortik batere urruti, behin elkarrizketa batean itsasoaren gaineko amebarekin konparatu gintuenean, identitatea galtzeari beldurrik izan gabe, zatitu beharragatik ere, porrotan agertzen baita gizakiaren neurririk gorenena, mekanismo guztietatik at gelditzen zaiguna, inork ezin ken diezagukeena (13). Eta hori dela bidera, egunalban, egin ahal izateko bermea. Nik hori ikusi dut Mujikaren poesia intimoenaren lerroen artean, errebelazio limurtzaile.

Egunalbako poeta, Vattimoren filosofiaren ildotik: denboraren eta argiaren segurtasuna; denborak eta argiak ekar diezaguketenari buruzko segurtasunik eza (14): gizakiak bere bizitzari eman diezaiokeen definiziorik iradokitzaileena, alban dagoen gizakia, bere buruarekiko topaketa eta ezkutaketa jokoan, askatasuna oraindik amets baten antzeko ikusten dugunean. Irakurri, bestela, Paisaietan lerratzen liburuko Bosgarren hitza osatzen duten poemak, beste asko eta asko ez aipatzeagatik.

Maitasuna eta Heriotza ia beti elkarrekin kantatzen dituen Mujika bat, ausentzia eta bilaketa prozesu gisa. Izadi osoa antzaldatu egiten da: ibaiak, zuhaitzak, soroak eta argiak berak maitasun muzin eta atzemanezinaren atzetik dihardute, maitasunik gabeko maitasunaren atzetik batzuetan, ihesean bakarrik atzeman daitekeen amodioaren urratsetan besteetan (15). Betidaniko maitasuna eta heriotza-poesia egiatia bezala, historia bikoitz eta singlea, gorpuztura hartu duten sentimenduena, egiarik ezaren historia idatzigabea, hots, maitasun-egiaren historia egiatia; alban idatzia. Klabe horretan irakurri nahi izan ditut Nire Bakardadearen ortuan liburuko zenbait poema. Ez dut ukatzen badirela beste klabe batzuk ere, baina hau da harrapatu nauena.

Eta mila Mujika, erromantizismoaren, modernitatearen, postmodernitatearen eta neoerromantizismoaren errotan xehatutako irin gisa ikusten baitut, definizio edo korronte bakar batera ekarrezina, bere poesiak behin eta berriro aldatzen baititu bere forma eta kolore proteikoak, Mujika ezberdin baten eskuetatik aterea balitz bezala, perspektiba ezberdinen galbahean iragazia, bokazioz irakasle eta aztertzaile garenoi askotan gertatzen zaiguna, halabeharrez mugimendu poetikoen historia eta definiziork arakatu eta komunikatu behar ditugunean. Agian, epitetoak zehaztasunik gabeak direlako, beraien baitan makina bat sendotasunik eza, makina bat kontraesan eta paradoxa dagoelako. Bizitasun, kolore (16).

Beharbada horrexegatik iruditu zait Luis Mari Mujikaren poesian arrazionalismoarekin loturiko eszeptizismoak adina indar dutela subjektuaren eta objektuaren, adimenaren eta materiaren, fisikaren eta metafisikaren arteko lotura eman diezaioketen absolutu teologiko eta filosofikoak (17). Horregatik iruditzen zait poema askotan salatzen duen krisialdi epistemologiko eta erlijiosoaren aurrean Mujikak irtenbidea? ez duela arrazoian eta sineste-sistema instituzionalizatutan jartzen, baizik norberaren bizi-esperientzian; ez indukzio-dedukzio indarretan, baizik norberak bizi ditugun unibertsalen intuizioan, denboraren eta espazioaren kontingentzia iragankorretan. Batzuetan absolutu gisa ikusita gainera, “poemaren sare onirikoan lotuta hitzak eta haitzak —lotsak eta hatzak— sonetoaren harietan iraultza ozen egin euskarak eskainiriko soin primigenioan”. (18) (Landa eta Keraren berbakuntzak).

Luis Mari Mujika asko, proposatzen dizkigun epistemologia, psikologia eta estetika hautematen duen subjektuaren, hautemandako munduaren eta espresabidearen arteko harremanetarako triada organiko gisa agertzen direlako bere obran. Mujikaren poesiak, sarritan, eskaintzen digun ikuspegia bisionarioa da, atzemangaitza, sistematizagaitza, Walt Whitmanen poesian dasta daitekeenaren estilokoa, bere estasi eta ironia puntuarekin. Bide horretatik doaz Lizartzakoaren poema asko eta asko. (19)

Mujika asko, maiz bere poesia modernista, erromantizismo galdu baten aurkako eraso oldarkor gisa ere ikus daitekeelako, idealismo metafisiko eta epistemologikoa arbuiatuz, norberaren EGO bortitza menperatuz (sonetorik “lehorrenetan” bezala), koherentzia sendo baten aldeko apustuan, denboraren bitxikeriak eta suntsidurak kantatuz: naturaren aldakortasuna, pertzepzioaren fidagarritasunik eza eta giza historiaren tragedia (20).

Mujika asko, bere zenbait poemariotan denboratasunean oinarritutako estetika batetik espazioan oinarritutako poetikarako mugimendua antzeman daitekeelako, sekuentziak txikitu egiten dituelako, sekuentzia horren ezpalak berriz ere bat-bateko justaposizioan biltzeko, Picassok kubismoarekin egin zuen bezala, Kandinskyk diseinu abstraktuekin, Schoenbergek atonalitatearekin … eta Ezra Poundek metodo ideogramakoarekin. Emaitzak ez du falta koherentziaren dirdira (21).

Mujika asko, bere poesian estetika horrek funtzionatu egiten duelako, pertzepzioaren hermeneutikak poesian ere, poesian batik bat, esango nuke, bereizkuntza eskatzen baitu, konzientziatze prozesu bat subjektu poetikoak zuhurtasun eta zehaztasun handiagoz aukeratzera eramango gaituena, baloreekiko eta idatzi behar dugunarekiko konpromisoa (22). Nik uste dut, beharbada, arlo honetan antzematen diodala Luis Mari Mujikaren poesiari bilakaerarik nabarmenena: araztasun prozesu sendoa egin duela estetikak suposatzen dituen epistemologia eta etika aukeratu eta lantzerakoan. Charles Altieri amerikar kritikari handiarentzat horixe da bidaia honetako urratsik zailena.

Eta, halere, ni ez nintzateke ausartuko Barne Ibilerak liburuan fase nabarmenak daudela esaten, beharbada azken hamar urte hauetako ibllbidea eskaintzen zaigulako, bere heldutasunean idazten ari den poetarena. Prozesua lehenagotik dator eta neurri handi batean egina dago, Baudelairek “Le Paradis n’est pas artificial” esaten bazuen ere, estetikak funtsezko zeregina betetzen baitu.

Mujika asko, bere poesian hain presente eta bizirik dagoen mitoak kultu misteriotsu baten indarra duelako, batik bat bere Herriarekiko atxikimendua iradokitzen duten poema “autobiografikoetan” —eta nik honelako asko ikusi ditut— humanismoak forma metafisiko eta erlijiosoa hartzen dituelako (23). Mujikaren unibertso mitikoaren arketipoak euskal izaeraren konstelazioan dirdir egiten dute, galtzaileen odolaren ardoraz, gehienetan, T.S. Ellioten heroiek The Waste Landen bezala.

Mujika bat eta asko esan dut, azken batez, bere apustuak anitzak direlako, bere leialtasun estetikoak anbibalenteak direlako, eta transizionalak, horretan dihardugun guztioi gertatzen zaigun bezala; baina horren guztiaren gainetik, hitzaren, erritmoaren eta edertasunaren arteko gorpuzdurari men egin nahi dion idazlearen ahalegina dagoelako, paradoxikoa beti, bizi dugun sasoiari dagokion fragmentazioaren eta etenaldiaren haurra, desillurapenak forma ugari hartu baititu azken belaunalditan: psikologiarena, fisikarena eta politikarena besteak beste, baina Einsteinen, Heisenbergen eta Lacanen ahaleginengatik ere literaturaren arloan hitz egiten baitu ozenen, estilo dramatikoaren, narratiboaren eta lirikoaren ikurrak kultura berrien poliglosian desagertzeraino, ia.

Laburbilduz, Luis Mari Mujikaren poesiaren azterketak halako sentsazio bat utzi dit: badirudi egilea sinetsita dagoela, irudimenaren indarra bitarteko, koherentzia estetikoak bizitzari sinesgarritasun psikologikoa, morala eta soziala eman diezaiokeela (24). Wallace Stevensek azken mende eta erdiko poetikari buruzko kongresu gogoangarri batean esaten zuen bezala: “Irudimena da, presio eginez errealitatearen presioari. Muturreraino analizatuko bagenu, esango nuke norberaren biziraupena dagoela jokoan”.

Baina, bestalde, aurkakoa ere sumatu izan dut Lizartzakoaren poesian. Zenbait alditan, batik bat komunikazio pertsonalean eta zuzeneko esperientzian oinarrituriko mezua eskaini nahi digula ematen du, errealitatea modu ahalik eta objektiboenean aldarrikatuz, idazketa prozesua kontzientziaren grabagailu gisa erabiliz. Beraz, nolabaiteko paradoxa baten barruan mugitzen dela esango nuke, poeta modernista askori gertatzen zaion bezala, postmodernitatearen igarpena egitearekin batera ematen baitiogu, oraindik ere, aurreko errealismoaren paradigmari, erromantikoen forma organikoarekin eta holistika artifizial batekin zerikusirik duena. Nik uste dut, hor duela zehaztasunik ezaren poetikak bere oinarria eta, uste dut ona dela. Azken batez, gure poesian ez al gara, bada, eszeptizismo epistemologiko batetik eszeptizismo ontologiko batera pasa? Eta errealitate objektiboak ba al dauka adierazia izateko subjektibitatea beste biderik? (25)

Horregatik xuxurlatu dut, ahapeka, eta nire zalantza guztiekin, Mujikaren poesia neoerromantizismoaren eta postmodernitatearen arteko dialektika nahiko konplikatuan mugitzen dela, alde batera zein bestera egiten duela, gezurrezko segurtasunen exorzista baten modura. Horregatik nioen, izenburuan, bere poetika zehaztasun iheslarien poetika dela. Niretzat, honestitate seinalea.

Oharrak
1. “Aldarteek esana” (Nire bakardadearen ortuan) or 294-295
2. “Sareak beste behin bilbatzen” (Nire bakardadearen ortuan) or 315-316
3. “Landa eta keraren berbakuntzak” (Nire soneto beroak) or 332
4. “Izanak bere izena” (Bide-gurutzeen zeharretan) or169
5. “Barru aldeko leihoak” or 112
6. “Berriro nire landetan” (Uholdearen ertzetan) or 64-65
7. “Oh, anpolai!” (Paisaietan lerratzen) or 265
8. “Ildoaren hurrengo arrastoa” (Nire bakardadearen ortuan) or 300-304
9. “Bide-gurutzeen zeharretan” or 174
10. “Biraolariaren bigarren otoitza” (Barru aldeko leihoak) or 123
11. “Hirugarren hitza” (Paisaietan lerratzen) or 230
12. “Laugarren hitza” (Paisaietan lerratzen) or 243
13. “Gauzakiekin mintzo” (or 352)
14. “Seigarren hitza” (Paisaietan lerratzen) or 263
15. “Bide-gurutzeen zeharretan” or 148
16. “Paisaietan lerratzen” or 206
17. “Elkarrikusketa” or 81
18. “Landa eta keraren berbakuntzak” or 332
19. “Nire soneto beroak” or 362
20. “Landa eta keraren berbakuntzak” or 332-348
21. “Gogoetak” (Bide-gurutzeen zeharretan) or 183
22. “Hotsak iraun nahi” (Bide-gurutzeen zeharretan) or 159-163
23. “Barru aldeko leihoak” or 88-113
24. “Beharkizunen hariak” or 54-55
25. “Hitzaren beste ertzak” or 372

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak