kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Bizia lo / Jokin Muñoz / Alberdania, 2003

Jokin Muñoz Rikardo Arregi Diaz de Heredia / El Periódico de Alava, 2003-10-12

Jokin Muñozek argitaratu du aurten Alberdania argitaletxean bere azken liburua: Bizia lo narrazio-bilduma. Jokin Muñozen lana aurretik ezaguna zen: hor daude Hausturak narrazio-bilduma (Alderdania, 1995), Joan zaretenean nobela (Alberdania, 1997) eta Atlantidara biajia (Alberdania, 2000) kronika-liburua edo bidaia-liburua. Ezaguna dela bere lana esan dut, baina agian esan beharko nuke publiko handiarentzat ez dela ezagunegia, publiko handia askotan konformatzen baita hedabideetan nolabaiteko oihartzun literario zein ez-literarioa lortzen duten liburu eta idazleekin. Oihartzun horretatik kanpo gelditzen ari den idazle multzoa izendatzeko tropelaren belaunaldia esapidea hasi da erabiltzen orain dela gutxi euskal literaturaren kritikan. Lauzpabost idazleren izenak guztiok ditugu buruan, irakurleak eta ez-irakurleak, baina ondoan, ziklisten artean bezala, badira beste idazle askok, beste liburu askok, oharkabean pasa direnak. Askotan oharkabean pasa diren liburu horiek arreta zorrotzagoa merezi izan dute, ezagunak baino hobeagoak baitira azken finean. Agian Jokin Muñoz tropelaren belaunaldi horretako kide bat da.

Bere azken liburuak, baina, burua ederki erakutsi ahal du lotsarik gabe. Bost narrazio dugu Bizia lo liburuan eta bosten atzetik, bosten paisajean, bada euskal gizarteak aztoratzen duen arazoa, eta batez ere arazo honetan bizitzen ikasi behar duten gizon-emakumeak: haurrak, gurasoak, familiak, lagunak. Azken hamarkada luzeek mugatzen dute kontakizun hauen denbora, ipuin batzuetan ia zehazgabe doa garaia baina gehienetan, Xantilli kasu, garai eta espazio zehatzen eraikuntza errealista eta eredugarria da, guztiz sinesgarria beraz. Modu asko erabili du idazleak bost narrazioak idazteko orduan, guztiak errealistak, gordinak eta apaindurarik gabeak. Niri bi ipuinetan nagusitzen dena gustatu zait ikaragarri: bakarrizketa gurutzatuak. Horrela idatzita daude Isiluneak eta Azterketak. Lehendabizikoan amaren eta aitaren pentsamenduek eta hitz gutxiek, eta isiluneek, osatzen dute bizitzari buruzko galdera erantzun zailekoa. Bigarrenean irakasle bat eta ikasle bat, bi belaunaldi, bi ikuspuntu, dira bizitzen ehuna osatzen duten ahotsak. Bietan pertsona bakoitzak, bestearekiko kontrapuntuan, adierazten du agian bere baitan bakar-bakarrik adierazi ahal duena, bere buruari lotsaz baina ezinbestean adierazi ahal diona, eguneroko tranpak alde batera utziz, apur bat bada ere.

Barru-barrutik azaltzen dizkigu Jokin Muñozek gure arazoak (gure arazoa esan beharko nuke?), pertsonen baitatik, kanpoan daude teoriak, analisi politikoak edo irakasteko nahiak. Eta hori eskertzekoa da. Ispilu bat izan daiteke askorentzat liburua, beste ikuspuntuak ezagutzeko aukera beste batzuentzat. Baina guztiontzat izango da plazerra ongi idatzitakoa, maisu idatzitakoa, irakurtzea. Eta horixe bai dela eskertzekoa.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak