kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Kilkerren hotsak / Edorta Jimenez / Susa, 2003

Gerrako kilkerrak Maider Ziaurriz / Berria, 2003-10-08

Hilabete gutxiren aldearekin argitaratu ditu Susa argitaletxeak Jon Alonsoren Hodei berdeak (2003ko maiatza) eta Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak (2003ko urria) eleberriak, bi idazleek elkar hartu, eta lanak banatu izan balituzte bezala, Euskal Herriko historia eleberri bidez ezagutarazteko; hain zuzen, Jon Alonsok 60ko hamarkadako abertzaleen giroaren erretratua egin du, eta Edorta Jimenezek, berriz, 36ko gerrarena; eta nahiz eta bakoitzak bere jaioterri inguruetan kokatzen dituen narrazioaren gertakari nagusiak, hau da, lehenak Iruñean eta bigarrenak Bilbon eta Bizkaiko kostaldean, elkarren osagarri dirudite. Idazle bakoitzak bere eskuko lana egin du, ordea, nahiz eta badiren bi eleberriok batean dituzten hainbat ezaugarri. Hasteko eta behin, nobela historikoa egin dute biek ere: garai jakin bateko datuak gordinik eman beharrean, literaturaz jantzi eta nobela itxura eman diote, irakurketa atseginagoa egite aldera. Gainera, bietan ageri dira zerbitzu sekretuetan edo espioi lanetan ibilitako pertsonaiak; baina ezin esan genero bakarrekoak direnik; hain zuzen, abenturak, maitasunak eta akzioak ere bai baitute tokirik eleberri hauen harietan. Errealitatea eta fikzioa nahastea da bietan nabarmentzen den beste ezaugarrietako bat: hezur eta mamizko pertsonaia ugari aipatzen dituzte, baina, horiekin batera, badira beren errotatik sortutako pertsonaiak, eta baita, asmatuak izan arren, benetako pertsonengan oinarritutakoak ere. Hala, eleberriaren sinesgarritasuna eta egiantzekotasuna handitu egiten da pertsonaia errealen aipamenekin. Fikzio-errealitate nahasketa hori, baina, bihurriagoa egiten da Hodei berdeak liburuan, Jon Alonso irakurlearen jakituria probatzen ariko balitz bezala, errealitatea eta fikzioa zenbateraino bereizteko gai den ikusteko; edo, agian, literaturaz ari garenez, berdin diolako funtsean errealitateaz edo fikzioaz ari garen. Edorta Jimenezek, ordea, bidea erraztu dio irakurleari, eta pertsonaia bakoitzari buruzko argibideak eman ditu liburuaren atzealdean. Hala, kontalaria (Uriarte) asmatua dela ikasi dugu; ez, horratik, hariaren ardatz diren Mallona eta hildako ezezaguna.

Mundakako alkate izan zen Mallona, eta, kristau fedearen irakasbideei leial izaki, barkabera zen, are beste alderdian zeuden faxistekin. Ordaina, haatik, fusilamendua izan zuen. Hori argitu nahi du Uriarterengana jotzen duen bisitariak; izan ere, Mallonak bizia salbatu zion haren senide faxista bati, eta ezin barruko harrak bakean utzi harik eta senide hark Mallonaren fusilamendua saihesteko ezer egin ote zuen jakin arte; zuretik ezpala omen, eta nor bere arbasoen ekintzen erantzule balitz bezala. Bide batez, Mallonaren dokumentu argitaragabeak ere eman ditu Jimenezek eleberri honetan; beraz, nobela bat baino gehiago dugu hau. Bestalde, gerraren alderdi batean edo bestean dabiltzan pertsonaiez gain, tarte egiten die Euskal Herrian ibili ziren hainbat kazetari eta argazkilariri ere: Robert Capa, Noel Monks, David Seymour, George Steer. Eta liburuaren azala bera ere ez da eleberri honetarako bereziki egindako diseinua; Caparen argazkia da, Bilbo bonbardatu aurretik aterea.

Edorta Jimenezek ez zuen, ordea, nobela bat egiteko asmorik; aitzitik, Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan lana egiten ari zelarik aurki argitaratuko du Susa argitaletxearekin, bat-batean otu zitzaion esku artean zituen hainbat datu bildu eta eleberri bat egitea. Gerra garaiko informazio hori guztia, ordea, ez da astuna egiten. Gainera, kapituluak laburrak dira, eta informazioa dosi neurtuetan ematen du; hau da, gaia mamitsua izan arren, istorioa pixkanaka argitzen doa, eta aise irakurtzen da. Irakurketa gomendagarria da, beraz, Euskal Herriko historiaz zertxobait gehiago ikasteko ere balio baitu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak