kritiken hemeroteka

8.368 kritika

« |

Gari eta goroldiozko / Anari Alberdi Santesteban / Susa, 2022

Bertigoa eragiten duen artefaktua Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024

Hainbat zertzelada sarrerako

I. Literatura-faktoria bereko bertze bi libururekin batera jaso nuen. Idazle nabarmendu batena, eta bertsolari eta musikari biren bana. Azken bi hauen, bien ala bien, lehendabiziko literatura lanak dituzu. Lagun batek bertsolariaren eta musikariaren ospeak azpimarratu zizkidan: “Beren berezko disziplinak literatura mundurako bide-zidor edo lasterbide ote?”.

Oharra: idazlearena irakurria eta iruzkintzeko daukat. Bertsolariarena, artean, hostokatzeko.

II. Musikariarena udaberri aldean zabaldu nuen, hostoak arboletan kimatu-muskildu-ninikatu nola. Berau hostokatu ahala zorabio aldiak pairatu nituen. Eutsi nion irakurraldiari, kasu eginez eragin bertigoari. Lehenbiziko hostoen ostean, hiria oinez zeharkatu ondoren, basoan gaindi jadaneko, narratzailearen autoaren atzerako ispiluari so irakurketaren kontrola galdu nuen. Larrazkenaren aiduru heldu diot ostera ere, auto-erretratu-artefaktu-saio honi.

III. Literaturaren definizio bat: irakurleari zer pentsatua ematen dion konstruktua. Estetikaz edo poetikaz jantzia. Eta abar eta abar… Arbolak abarrak nola. Literatura generotan sailkatu ohi dugu. Honako hau, nobela lez publikatu zen. Ez dut nobela legez bizi izan, esperimentatu alegia. Liburu hau sailkatzen gaitza duzu, nekeza zait. Haatik, demagun, zenbait genero literario aditzera eman dezakeen biografia bat dela. Autobiografia bat. Auto-erretratu bat. Biderik bitarte, hainbat literatura-genero urratzea ahalbidetu dezake.

IV. Ingeles samur zurrean erranik: flashback izenda dezakegu. Sekuentzia katea. Ez gaude zineman ordea. Ez gara ere komiki bat hostokatzen ari. Narratzaileak prolepsiak eta analepsiak tartekatzen ditu kontakizunean, hau da, istorio erreal honetan.

Argipena: “Artefaktua” idatzi dut lerroburuan. Ez hartu izendapen gutxiesgarritzat. Artefaktua berdin liburua. Ez da berdina, baina bera izan daiteke. Literaturaren lardaskan ari gara. Bertigoa eragiten dizun liburua duzu. Zorabiora eramaten zaituen literatura.

Saltus vasconum eta Ager vasconum

V. Goroldiozko eta garizko lurraldeak zeharkatu ditu narratzaileak. Iraganaren galderak eta orainaren gogoak atxikitzen dute autoaren bolanteari helduta. Herriak eta hiriak lotzen dituzten hodi-komunikagarrietan garamatza; bidexka, bide eta autobideetan barna. Euskal Herria aipatu gabe, euskal paisaien bisaiak —erretretatu molde bat— eskaini dizkigu. Erromatarren zibilizazioaren lurralde bietan hazitako euskalduna iradoki ahal izan dugu. Goroldiozko eta garizko lurretan hezitako izakia.

VI. 50 urte ingurukoa duzu narratzailea. Narratzailea eta biografoa. Bere buruaren biografoa. Bizitzaren pisu-balantzan oreka xerkatzen ari da. Bere buruaren erretratua eta atzerako ispiluan ageri dena erkatzen ditu. Prokastinazioari aurre egin behar dion hegazti herrari duzu, hegaztien begiez ingurumariari so egiten dion auto-biografoa.

VII. Auto-biografo honek insomnio paratzen du. Ez-esna ez-lo bizi da. Ordeka eta oreka mentala behar dituen animalia zauritua duzu. Bruxismoa pairatzen du. Monogamiaren toxikotasunari ihes egiten usatua duzu.

VIII. Hiriaren —autoen eta trenen— orroek ernegatzen dute. Jardin edeniko bihurtutako hirian ezin akomeatua bizi da. Hiriaren dekadentziaren lekukoa da. Itsasoaren orroek ernerik atxikitzen duten animalia.

IX. Existentziaren absurdua esperimentatzen du. Hiriko bizitzara bortxatu eta eraldatu ditugun txakurren moldera. Liburuaren azaleko galgoaren jitekoa dukezu (*).

Ikuspena (*): artefaktu honen azala absurdua duzu. Haatik, tren-geltoki hori Absurdistanen dago. Demagun, Donostia hiriko Anoeta geltokia dela. Topoa: Metro bilakatuko den satorra.

Hiri eta herrietan barrena: Absurdistanen gaindi

X. Pertsona-pertsonaia hau —ere— Googlek transportatua bizi da. Aldian-aldian, entxufe bat behar dugun animaliak garela diosku. Halarik ere, musikaria bada ere, bere auto-biografian ez dago musika zantzu agerikorik. Bere nolakoa dena dela ere, literatura irakaslea dela salatu digu. Ikasleei bizitzaren iheskortasuna kontzeptua azaltzen saiatzen da. Edonola den ere, bera nerabe zelarik ez zuen ulertzen kontzeptu hori, ezta ulertu ere oraingo ikasle nerabeek.

XI. Aita baino hamar urte zaharragoa da egun. Bera zahartu ahala gaztetzen zaio aita. 80 urte betez gero, bere semea litzatekeen aita baten alaba bilakatuko da. Berak, auto-biografo honek, ekuazio hori matematikaren poetikaz azaltzen du. Aita dute etxeko gazteena. Ama berriz, gero eta zaharragoa.

XII. Amaren, bi amonen, lau birramonen eta beraien birramonen gorputz eta corpus amaiezinen katebegi antzua da. Amaren amatasunaren inbertsoa bizi du. Alaba izatea ama izatea bilakatu bide zaio, ordea.

XIII. Garia goroldiozko lurraldeetan desagertu ahala desagertu joan zen bere ama hizkuntza. Ez du bere amaren hizkuntzan idazten, hala ere, ama hizkuntzan idazten du. Berdina da, baina ez da bera. Euskaldunon paradoxa. Absurdua ote?

XIV. Hamabi olibondo eta ehun urteko etxea jaso ditu heredentzian. Etxearen —eta haren etxekoen— memoria, ganbara hartan kabitzen da. Etxearen ganbara memoria bihurtu zaio. Bizitza bera da beti, baina ez berdina.

Liburua —eta nire burua— kokatu aldera

XV. Anari Alberdi Santestebanen Gari eta goroldiozko-an, autoaren atzerako ispiluaren angelu itsuan antzematen diren —eta antzematen ez diren— bizitzaren printzak islatzen dira. Narrazioan badago logika bat. Matematikoa batzuetan. Arrazoibidezkoa. Erreala eta fikziozkoa, aldi berean. Poetikoa, hala berean. Denborari eta espazioari desafiatzen dion ekuazioa da. Ekuazio horretan, aita ama eta anaia kabitzen dira, nagusiki. Badago bertzerik ere. Hala nola, tío edo osaba delakoa. Baina, badira ere izengabekoak. Atzemanezinak batzuk ezaguterrazak bestetzuk.

XVI. Egon eta izan aditzen semantikak atzerako ispiluaren angelu itsuan nahasten dira. Autobiografia hau, narratzaile subjektiboak kontatutako —gure historiako— istorio bat da. Elipsiz osatutako bertsio bat. Pertsona-pertsonaiaren ñabardurek ez dute istorioaren funtsa andeatzen.

XVII. Memoria historikoaren eskubidearen legeen garaian bizi gara, baita Googlen ahaztuak izateko garaian bizi ere. Hala bizirik ere, biografiatuak barne hustuketa egitea lortu du, “ganbara” hustu du. Pentsamenduaren eta gorputzaren aldarteen arteko oreka erdietsi du. Goroldiozko, artasoro eta garitzen orografia malkartsuaren barrena ordeka-moldeko zabaldi suerte bat kausitu du.

XVIII. Kapitalismo, marxismo, liberalismo, ekologismo edota feminismoaren ildoek zeharkatzen dute haren bizitza. Alta bada, bere bizi moldearen ildoek aurreko ildo alimaleko horiek gainditzen dituzte. Barrukietatik maite du bizitza: “Inguratzen gaituen paisaia jan beharko genuke”.

Post-scriptum

XVIII paragrafo horiek XVIII hosto dituzu. Gehi bertze II hauek: XX. Izan litezke bertze hainbertze, baita diferenteak izan ere. Hostoz hosto, ehunez ehun, nobela bat ehundu liteke halaber. Ipuinik iradokitzen ez duen historiaren istorio bat iradoki diezaguke. Hala berean, poesia zantzu iradokigarriak idoro ditzakegu XIII kantako letrak ehuntzeko.

Biografiaren egileak jendarteko klaseak eta moldeko jendeak bereizten ditu. Berdina ematen du, baina ez da bera. Ez da idazle nabarmendua. Alta bada, artefaktu hau pauso txiki bat da literaturarentzat, eta pauso erraldoia literatura zaleentzat.

Azken kritikak

Gari eta goroldiozko
Anari Alberdi Santesteban

Mikel Asurmendi

Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka

Asier Urkiza

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia

Nagore Fernandez

Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Hasier Rekondo

Detaile xume bat
Adania Shibli

Irati Majuelo

Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Nerabeen garrasia
Telmo Lazkano / Maitane Ormazabal

Aiora Sampedro

Twist
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Detaile xume bat
Adania Shibli

Jon Jimenez

Antzerkiaren labirintoan I
Ander Lipus

Amaia Alvarez Uria

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Maite Lopez Las Heras

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Jon Jimenez

Uztapide eta Xalbador
Pako Aristi

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

Hedabideak