kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Behi eroak / Patxi Iturregi / Elkar, 2003

Haize kontra Gotzon Hermosilla / Berria, 2003-10-25

Egia aitor dezadan: Patxi Iturregik “Behi eroak” izeneko liburua kaleratu behar zuela BERRIAn irakurri nuenean, hasiera batean albisteak ez zidan aparteko atentziorik eman, idazlearen izena guztiz ezezaguna egiten zitzaidalako. Albistea irakurtzen hasi eta egilea “Haize kontra” idatzi zuen berbera zela jakin nuenean, ordea, argi txiki bat isiotu zen nire neurona herdoilduen barneko ilunpean. “Haize kontra”, bai, duela zazpi bat urte (hainbeste?) irakurri nuen ipuin bilduma, bere dramatismoagatik, itsas giroa paperera ekartzeko zuen abileziagatik, hizkeraren zehaztasun eta dotoreziagatik aho bete hortz utzi ninduen huraxe. Liburu hark arrasto sakona utzi zidan eta, hala ere, guztiz ahaztuta neukan. Gauzak zer diren: gurean ere, lan arazoengatik, argitaratzeko zailtasunengatik edo beste edozein arrazoi dela medio, etenik gabeko ibilbidea osatzen ez duten idazleek ahanzturarik gorrienean amiltzeko arriskua dute, antza. Gogoeta askorako bidea ematen du gaiak, baina beste baterako utzi beharko dugu.

Hain inpresio ona utzi duen lehenengo lan baten ostean, bigarrenak irakurlearen itxaropen neurriz kanpokoak zapuzteko arriskua dakar. Musikazaleek bigarren diskoaren sindromea deitzen diote horri. Horrelako zerbait gerta daiteke “Behi eroak” honekin. Askotariko gai, estilo eta tonuak ibiltzen ditu Iturregik hemen; alde horretatik, ez da “Haize kontra” bezain lan trinkoa, eta ipuinen artean gorabeherak daude: batzuek harriturik uzten dute irakurlea, beste batzuk oharkabe antzean igarotzen dira. Baina, oro har, esan dezakegu Iturregik aise gainditu duela bigarren liburuaren froga, eta berriro ere lan gogoangarria jarri digula begien aurrean.

Gai, estilo eta tonuak askotarikoak izanik ere, badute “Behi eroak”-eko ipuinek batasuna ematen dien hari sotil bat, baina zail egiten zait hari hori zertan den azaltzea. Ez dut uste, nonbait irakurri dudan moduan, hari hori istorio guztiak giro urbanoan kokatuak izatea denik; euskal literaturak aspalditik du hiria kokagune naturaltzat, behialako baserritarkeria eta nekazal giroarekiko larregizko lilura gainetik kenduak ditu eta, honezkero, narrazio bat hirian kokatua egoteak ez luke albiste edo ezaugarri berezi izan behar. Beste zerbait da, nire ustez, ipuinoi batasuna ematen dien elementua: bizitzaren absurdoaren aurreko harridura moduko bat, pertsonaiei darien halako etsipen puntu bat, batzuetan umorearen galbahetik iragazia (“Unibertsoko materia iluna”, zenbait egoera barregarri gorabehera gutxien asebete nauen ipuina), bestetzuetan garraztasunez zipriztindua (“Demoak bakarrik”, gehien hunkitu nauena).

Ipuin hauetako pertsonaia gehienak alderrai dabiltza, haize kontra, bizitzaren joanean galdutakoaren zama eraman behar dute arrastaka (“Behi eroak”, “Gidoia aspaldi dago idatzia”, “Zabor artean arakatzen”, “Feng Shuiren harmonia”), zerbaiten bila dabiltza, zerbait hori zer den oso ondo ez dakiten arren (“Destainaren talaiatik”) eta, batzuetan, bilatzen dutena lortu ostean, lehen bezain hutsik somatzen dute euren burua (“Sanplerraren abantailak”).

Ipuin ia guztietan Iturregik asmatu du istorio bakoitzak behar duen taupada narratiboa ematen eta, berriro ere rock and rollaren hiztegitik ekarritako esamolde bat erabiliz, one hit wonder bat ez dela erakutsi digu; alegia, lehenengo ipuin haietan eragin zigun zirrara ez zela kasualitatearen emaitza, asko esateko duen (eta nola esan badakien) idazle baten fruitua baizik. Haize kontra hasitako bide baten bigarren urratsa; espero dezagun hurrengoa irakurri ahal izateko beste zazpi urtez itxaron behar ez izatea.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak