kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Arrain hezur bat eztarrian / Olatz Mitxelena / Elkar, 2023

Esan gabekoez esaka Asier Urkiza / Berria, 2023-05-28

Liburuko azken ipuineko aipu batek ematen dio izenburua Olatz Mitxelenaren opera prima-ri, Arrain hezur bat eztarrian. Hamar narrazio laburrez osatutako lana da, 2023ko Igartza sariaren bitartez argitaratutakoa. Tituluak seinalatu bezala, pertsonon arteko komunikazioa da gai nagusietako bat. Komunikazioa bera zein haren gabezia, hots, inkomunikazioa.

Mutu edota muturtuta bizi diren pertsonaiez beteta daude ipuinak, ezintasunen bat arrastaka eramanda inguruari begiratzen diotenak. Frustrazio eta ezinak ondokoari komunikatzen ez jakitearen larritasuna pairatzen dute, gainera. Nor bere fikziora emanak bizi diren Paperezko gorputzak narrazioko protagonistak, kasurako. Ipuinetako pertsonaiei deserosotasuna nabari zaie, inguruan kokatu ezina. Haragoko indar batek eragindakoa dirudien durduza antzematen zaie barnean, ezinegon orokor bat. Idazleak gorpuztu ere egiten du zenbaitetan aipatutako sentsazio hori, hala nola Ahotsak sartu ziren cortazartarrean, non etxeak berak, zaratak eginez, protagonistak bidaltzen dituen. Usainaren bitartez azaleratuko da Behe lainoa-n. Bertso erdian mutututako bertsolaria da ipuin horretan komunikazio ezaren paradigma. Nire ustez, arazoa bera aurkezteaz gain, berau problematizatzen du Mitxelenak, kasuan kasuko egoera eta pertsonaiengan islatuz. Komunikazio gatazka hori norbanakoen harremanez diharduten ipuinetan ageri da argien, baina parabola orokorragoa entseatzen dutenetan ere aurki daiteke bere arrastoa.

Bestalde, generoari ezaguna zaion ukitu fantastikoa ere badago narrazioetako batzuetan. Katuka bezalakoak alde batera utzita, nagusiki eguneroko arruntean txertatuta dago kutsu fantastiko hori, errutinaren estrainotasuna agerian uzteko moduan. Ezusteko gertaerak dira gehienetan, errealitate deformatu suerte bat, fantasia petoa bainoago. Obsesioak jotako pertsonaien barne-zurrunbiloak moldatutakoak, segur aski. Izan ere, idazlearen bertuteetako bat zera da, osagai horiekin orrialde gutxitan eszena iradokitzaileak sortzea, irakurlea sartzeko moduko hutsuneak utziz eta ipuinaren atzean legokeena sumatu ahal izateko leihatilak irekiz. Era berean, irakurlearekiko jarrera jolastia ere igartzen zaio Mitxelenari, hain zuzen, liburuan hainbesteko presentzia duen Julio Cortazarrek zuena bezalakoa. Egia da ez dituela idazleak ipuin guztiak berdin borobiltzen, batzuek faltan dutela besteen zorroztasuna. Esaterako, narrazio batzuetako idazkerari zertxobait kargatua iritzi diot, gehienetan pindartsua den idazlearen luma tarteka kamusteraino. Pertsonaien karakterizazioa lurruntzen da horrelakoetan. Aire kolektiboa duten ipuinek ere ez naute gehiegi asebete (Katuka, Gurutzegramak). Asmo intimoagokoak, aldiz, askoz ere gozagarriagoak egin zaizkit; bi lagunen harremanaren tragedia dakarren Hori dena zor dizut, muturreko sentimenduekin jolasten duen Behe lainoa edota Azalekoak azken narrazioa, geruza ugarikoa. Izan ere, nabari da liburuan ahots berri bat, estilo bilaketa bat, sotil eta zorrotz esateko nahia. Gehiago etorriko diren seinale.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak