kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zomorrotu / Aintzane Usandizaga / Elkar, 2023

Ipuinak baino gehiago Joxe Aldasoro / Deia, 2023-04-29

Zomorrotu (Elkar 2023) Aintzane Usandizaga Lopezek (Lasarte-Oria, 1988) idatzi duen bigarren ipuin liburua da. Ibilbide emankorra osatzen ari da: Kabitu ezina (2019) ipuin liburua, Etxe honetan (2019) haur literaturako Etxepare eta Juul sariak jasotakoa, (Ia) guztia moztu eta itsas daiteke. Esther Ferrer eta denbora (2022) album ilustratua. Julene Azpeitia lehiaketari lehen eta bigarren saria jaso zituen artearekin erlazionaturiko lizentziatura eta graduondokoa duen gipuzkoarrak.

Bost ipuinez osaturiko liburuan egituraren konplexutasunak eman dit atentzioa. Ipuinek azpiatal edo kapituluak dituzte. Kontakizun bakoitzak jarraitu beharreko hiru, lau, bost hari ditu. Hari horietako batzuk osatzen duten mataza askatuko egingo da, inoiz ez erabat, ez baitago bukaera itxirik, aurrera egin ahala istorioan. Beste batzuk jarraipena izango dute, edo ez beste kontakizunetan. Zomorrotu nobela eta ipuinen hibridoa dela esan daiteke.

Pertsonaia eta egoera freskoak aurkituko ditugu. Pertsonaien aurpegi bat baino gehiago erakutsiko dizkigute kontakizunek, egoera desberdinetan, arazoarekiko distantzia, inplikazio eta abarren arabera modu desberdinez jokatzen dugunaren erakusgarri edo. Pertsonaien alderdi mingarriak, positiboak eta barregarriak ikusiko ditugu. Distantzia motzetan mugituko diren pertsonaiak: familia arte, lantoki, bikote harreman zein lagunartekoak. Distantzia motzek erakusten dute, hala esan ohi da, pertsonak balio duena, esentzia. Kontua da, motzean ere, pertsonaiek batzuetan asmatzen eta beste batzuetan okertzen ikusiko ditugula, ez delako erabakiak hartzearena arazo matematikoa ebaztea. Murgilarazi dizkieten egoerek bilakaera aurreikusten ezinezkoak dira, harriduraren irribarrea sorrarazi didatenak.

Ezer ez da kasualitatea kasualitatez josita dauden bizitzetan. Liburuan agertzen diren pertsonaien akzio, egoera eta sentimendu oro justifikatuta azaltzen da. Ez dago txisteratik ateratzen den untxirik, pertsonaia baten sarrera, irteera… justifikatzeko. Liburu, ipuin zein ipuinen azpi atalen izenburuak, mimoz aukeratuak: zomorrotu aditzak liburuaren laburpen ezinezkoa da: batzuetan pertsonaiak eraldatu egiten direlako baldintzen arabera, mozorrotu egiten direla ere esan genezakeen; bizitza, ezta?

Denbora eta espazioaren erabilera askea da. Xake taulako zaldiaren antzera erabili ditu idazleak bata zein bestea. Kontatzen ari denetik salto egin aurrera, atzera, baten pentsamenduetara, bestearen arazoetara. Arretaz irakurri beharreko liburua, zukua atera nahi badiozu behintzat, xehetasunetan asko jokatzen baita. Batzuetan hizlaria edo nori buruz ari den identifikatzea kostatu bazait ere elkarrizketek erritmoa eta bizitasuna ematen diote testuari. Umorea, edo umorearen tratamendua zehatzago, elementu garrantzitsua da ipuin ia guztietan.

Bukatzeko, jolas bat proposatuko dizut, balizko irakurle, aurreiritzien inguruan. Tranpa du, noski. Akiles ipuinaren pertsonaia baten deskribapena egingo dizut: liderra lagunartean, emozionalki motza, oso, batez ere alaba nerabe-gaztearekiko, arazoa alkoholarekin lurrindu duena, gaixotasuna gestionatzen ez dakiena, menpeko erabatekoa, laguntza eskatzen ez dakiena, konpetitiboa, lehiatzeari osasunari baino garrantzi handiagoa ematen diona. Orain, egokitu iezaiozu generoa pertsonaiari, generorik badu, beti ere. Ipuina irakurri eta konprobatu zure hipotesia zuzena den. Ongi pasa!

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak