kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua da / Karmele Igartua / Pamiela, 2022

Osatu Ainhoa Aldazabal Gallastegui / Argia, 2023-03-26

Pamielak 2022an argitaratu duen liburuak Igartuaren hiru poema- liburu barnebiltzen ditu (Hitzak orbainetan, Denbora enaren hegaletan eta Itsaso kontra bat). Tere Irastorzaren sarrerak emango digu bidaia honetara ongi etorria, eta Karmele Igartuaren sentsibilitate eta begiradaren nondik norakoak kokatuko dizkigu bere bizitzako elementu garrantzitsuen zertzelada batzuk ematearekin batera. Poema liburu bakoitzaren jatorrizko portadak irekitzen du atal bakoitza autorearen ibilbide literarioaren omenaldi gisa.

Denbora luzez mesanotxean edukitzeko liburua da. Poema bat irakurtzeak beste batekin jarraitzeko gogoa pizten badu ere, badaude irakurri eta dastatu, miazkatu, tragatu eta digeritu behar diren piezak ere: sakonak, iradokitzaileak eta gorputzean erreberberazio moduko bat sortzen dutenak. Tarte batez barruan geratzen diren horietakoak.

Liburuaren izenburuak esaten duen moduan bizitzeko eta sentitzeko idatzi ziren poemok, eta bizitzeko eta sentitzeko asmoarekin irakurtzen dira. Gai unibertsalez idazten du autoreak: bizitzaz, heriotzaz, bakardadeaz, denboraren joanaz, askatasun nahiaz… Baina modu partikular eta estilo zuzenean idazten ditu. Unibertso propio bat du autoreak, gauzak esateko modu originala eta hitz- jolas errazetatik urrun proposamen landu eta bereziak egiteko gaitasuna duena. Poemaren formekin jolas egiten du, itxura eta bistara ere efektu bat bilatuz.

Itsaso kontra bat liburuaren istorioa bereziki hunkigarria da. Izan ere, autoreak bizi izan zuen gaixotasunak hil ostean argitaratu zen. Argazkiak eta eskuizkribuak ikus ditzakegu eta idazketaren prozesuan bizitzak duen eragina agertze aldera poemetan egin zituen aldaketak nabarmentzen dira. Gaixotasunaz, heriotzaz, minaz, ospitaleaz hitz egiten du hemen. Baina sortzen dituen irudietan edertasuna aurkituko dugu egiten dituen galderen erantzunik topatuko ez dugun bezala. Atal honetan poema bakoitzetik hitz bat aukeratu eta definizio poetiko bat egiten dio; erritmoa aldatzen du, atentzioa irekitzen du eta hitz arruntei dimentsio zabalagoa ematen die.

Esperantzak eta disdirak inguratzen du, hala ere, liburuaren tonua. Heriotzaz hitz egiten duenean ere bizitzaz ari dela irudituko zaio irakurleari eta bizitzari ere abesten dio zuzenki: Bizia dator senean / gogoan / sabel barrenetan, / taupada bat da/ taupada laguna behar duena.

Izugarri gustatu zait hiru liburuak batean jasota izatea. Mesanotxean daukat oraindik liburua. Hautsa hartzen barik neguari tristura eta grisa kentzeko pilula gisa gauero behar dudan dosia hartzen jarraitzeko prest.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak