kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zeozer gaizki doa / Beatriz Chivite / Pamiela, 2022

Munduaren zarata Irati Majuelo / Berria, 2023-02-26

Zeozer gaizki doa. Aita beti zoriontsu dagoen arren, kezkatzeko motiboak sumatzen ditu poetak, badaki zein den munduaren amaieraren soinua eta jada ezin dio tximeleta hilak ikusteari utzi. Gainera, tomateak loratu dira Helsinkin. Desgaraian, lekuz kanpo. Hala ikusten du Txibitek mundua, gainbeheran, kolokan igartzen du aurrez ezagututako errealitatea, eta, beraz, deserosotasun eta desdoitze horiek hartu ditu hizketagai azken poema liburuan.

Hiru atal nagusitan banatzen da Pamielak berriki argitaratu duen lana, eta hiru ataletan zehar han-hemenka azaleratzen dira poetak bere aurreko lanetan jorratu dituen gaietako zenbait: hiria eta bere jendea, deserria, etxearekiko distantzia, harremanen akabera… Alabaina, honako honetan, Txibitek bestelako kezka batzuei ematen die bide, jadanik bere-berea duen unibertso poetikotik atera gabe. Hau da, ingurune urbanoak hautematen dira, atzerriko herrialdeetan kokatzen diren erreferentziak daude, baina horiek testuinguru izanik, ni poetiko artega bat azaleratzen da, lerroartean adieraziz klima aldaketak sortutako larridura, hurbilekoen galerak eragindako mina edota kaskarkeriari buruzko hausnarketak. Oro har, pandemiaren eta konfinamenduaren itzala suma daiteke liburu osoan, argi irudikatzen direlarik poema ugaritan itxitasunak idazleari sortutako ezinegona eta nekea, bat-batean gelditu behar eta ezin hori: “nire bizitza/ murriztu da/ non daude/ zabaltasuna eta aukerak”.

Alabaina, badira ni poetikoaz gain poemetan protagonismoa hartzen duten beste zenbait pertsona ere, bisitariak balira bezala: aita, Federico, Tom, Mandy, Lukas, Valeria. Ni poetikoarekin egunerokoa konpartitzen duten figurak dira, eta, hala, hurbileko bilakatzen dira poemok, kolorea eta bizia ematen baitiete adierazitako gertaerei. Bestalde, poema ugaritan zuzentzen zaio ni poetikoa bigarren pertsona bati, batik bat, galdutako aukerez, izan zenaz eta amaitu denaz hitz egiterakoan. Orokorrean, iraganera begiratzeko, gogoratzeko joera sumatzen da bilduma honetan.

Horrez gain, azpimarratu behar da Txibitek estilo argi eta zuzenari eusten diola, hizkuntzari hanpadurarik eta bihurritzerik egin gabe. Irudiak eta mezuak abileziaz bateratzen ditu idazle iruindarrak, nahasteko edota bigarren zentzuak bilatzeko aukerak itxiz. Halaber, laburrerako joera mantendu du, hainbatetan ematen duelarik poemak eskuko telefonoko ohar pertsonalak direla, norbere buruari egindako gogorarazpen edo hausnarketak. Liburuak osotasuna eta heldutasuna erakusten badu ere, poeta zaildu baten ibilbidearen ondorio, egia da poemetako zenbait borobilduegi ageri direla ere, testuan zehar irudi artean garatzen joan den ideia argi geratu dela ziurtatu nahiko balitz bezala. Hots, irakurleari murtxikatu samar helarazten zaiola mezua, haren esku dauden irakurketa libreak oztopatuz. Hala eta guztiz ere, garai nahasion zarata-soinua trebe atzemanda, Txibiteren ibilbide literarioan beste urrats sendo bat agertzen du azken poesia liburu honek.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak