kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Romain zen bere izena / Joxean Agirre / Elkar / EEF, 2003

Nola desagertu? Ibon Egaña / Berria, 2003-09-20

Hiru aipuk zabaltzen dute Romain zen bere izena eleberria, Foucault, Barthes eta Cantonne-ren aipu banak, alegia. Hirurak ere literatur sorkuntzaren, egiletasunaren edo kritikaren inguruko gogoetak. Liburuak garatuko dituen gaietako batzuetarako ateak zabaltzeko giltzak. Eta, nago, Vila-Matasen El mal de Montano nobela irekitzen duen aipuak, Maurice Blanchoten galdera hark ere ondo emango lukeela nobela honen hastapenean: “Zer egingo dugu desagertzeko?”.

Izan ere, kezka bat, obsesio bat dago Agirreren nobela honen oinarrian: ba ote du idazleak desagertzerik? Bere obraren barnean soilik bizitzerik? Romain Gary eta Emile Ajar ezizenen atzean bere burua ezkutatuz desagertu nahi izan zuen Catonne idazlearen benetako kasua oinarri hartuta, Roman Gary ezizenaren babesean anonimotasunean bizitzea erabaki duen euskal idazlea da liburuko protagonista. Bere kreazioaren barruan galdu eta desagertzea helburu duen idazlea. Bada ironia finik, kritika inpliziturik nobelan zehar; sorkuntza espektakuluaren fabore bigarren mailan uzten duen sistema literarioarekiko begirada zorrotzik. Ziurrenik Agirrek ere halakorik sentitu duelako inoiz, deserosoa izan zaiolako idazlearen pertsonaia antzeztu beharra.

Alabaina, sortzailearen desagertu nahia, ikusezin izan nahia nartzisismotik ala apaltasunetik dago gertuago? Itxura batean, ezkutatu nahia, anonimotasuna aukeratzea umiltasunaren adierazgarri litzateke. Baina liburuan zehar aipatzen denez: “Ba al dago ikusezin izatea baino harrokeria handiagorik?”.

Errealitatearen eta fikzioaren arteko banalerroa lausoturik ageri zaigu nobelan zehar. Bien arteko mugan jolas egiten du idazleak, fikzioaren barruko pertsonaiei fikziozko biografiak asmatuz, fikzioan pertsonaia errealak txertatuz. Ez da bakarra Agirre gurean bide hau hautatzen duena, eta bada inguruko literaturan ere joera fikzioa eta errealitatea nahastekoa. Fikzioaren garapen bati, krisi bati nahi bada, erantzun nahian ziurrenik; baina, eta paradoxikoa bada ere, fikzioaren indarra areagotzen eta bermatzen du banaketa lauso horrek, lan hau horren lekuko. Kontatzeko, literatura egiteko, errealitatetik abiatu arren fikzioa nahitaezkoa dela nabarmen geratzen da liburuan (gorago aipatu dugun Vila-Matasenean bezala, bestalde); egia, norberaren bizitza narrazio bat baino ez dela, non sinesgarritasuna, egiantzekotasuna baita ezaugarri funtsezkoena, egiazkotasunaren gainetik: “gure identitatea, azken finean, kontakizun bat delako”.

Errealitatearen eta fikzioaren artean jolas egiten duen bezala, liburuak generoen banaketa ere lausotu egiten du, nobela izanik ere asko baitu saiakeratik. Fikzio itxurapean egindako saiakera baita, finean, Romain zen bere izena. Literaturaren eta sorkuntzaren gaineko kezkak daude nobelaren oinarri-oinarrian, eta gogoeta horiek baldintzatzen dute nobelan garatzen den istorioa ez ezik, nobelak hartzen duen forma eta estetika ere.

Bitxia da zenbatetan erabiltzen duen idazleak “imintzio” hitza nobelan zehar. Izan ere, ezohiko garrantzia du narrazioan pertsonaien gorputz lengoaiak. Zehatz eta zorrotz xehetzen du Agirrek pertsonaien keinu, imintzio eta mugimendu bakoitza. Gaitasun aparta erakusten du azpeitiarrak obserbaziorako, gizakiok erakusten ez dugunean zer erakutsi nahi dugun, isiltzen garenean zer esan nahi dugun jakiteko. Horregatik, oso bisuala, oso zinematografikoa gertatzen da nobela atal batzuetan.

Ez dut sekula ulertu kultuzko idazle eta artisten kontu hori. Agian oso ona izan arren gutxi saltzen duena da kultuzkoa, besterik gabe. Ez dakit. Kultuzkoa ala ez, ahots eta estilo berezkoaren jabe den idazle bikain bat aurkitu dut nik liburu honi esker, beste obra borobil baterako (Elgeta) bidea egiteaz batera. Ez da gutxi.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak