kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Keinura itzuli / Elena Olave / Susa, 2022

Idazketara itzuli Irati Majuelo / Berria, 2022-12-04

Keinua mugimendu txikia da, azkarra, iragankorra; izan daiteke dardara, izan daiteke begi-kliska, edo ohartu gabe gertatzen den hori. Maiz, hutsalak izaten baitira keinuak, inora ez garamatzaten imintzioak. Hala ere, gorde dezakete zergatirik, istoriorik, interesik. Horiei heldu nahi izan die Elena Olabek bigarren poema liburu honetan, begi hutsez harrapatzen ez diren kodeei.

Zeldak —gorputz honetatik— (2019) lehen lanarekin aurkeztu zuen bere burua idazleak, berezko hizkuntza eta iruditeria proposatuz. Ordutik bigarren liburu honetara, baina, zeldak hautsi dituela dirudi, konpartimentuetan biltzen saiatzen zen errealitate horiei hormak askatu eta, kutxatilarik gabe, begiradak beste norabait jotzen duela orain idazgai bila. Azalera, haragira, adatsera; intimitateak agertzen dituen keinuetara.

Aldaketa horren ildoan, estiloa arindu duela esan daiteke, esaldiak soildu eta irudiak ukigarriago egin baititu Olabek. Eszena txikiak erabiltzen ditu maiz, argazkiak edota postalak bailiran, bakardadearen keinu bat, bikote baten imintzioak bildu eta, zenbaitetan, gai sakon eta zabalagoez hitz egiteko, besteetan, kodetutako mezu ederrak bidaltzeko. Estiloa arindu baitu, baina poema oro ez da garden, badute beti zerbait atzean, akaso irakurleak guztiz ulertu ezin dezakeena. Izan ere, argi dago ez direla egia handiak edota gertakizun nabarmenak idazleak azaldu nahi dituenak, eta hala ere, lerro artean suma daiteke lorategi batek edo frikzio batek hartzen duen garrantzia, mito txikien eraikuntza.

Desira eta idazketa dira liburuaren gai nagusiak, edo, hobe esanda, desira eta idazketa bizitzarekin txirikordatzen dituzten poemak dira. Hala, maitasunak, bakardadeak, loezinak, hutsuneak eta ezezaguna den horrekiko begiradak hartzen dute leku orriotan. Gorputza eta haren keinuak baliatzen ditu Olabek gai horiek lantzeko, eta harreman horretan azaleratzen dira harridura, samurtasuna, inozentzia, etsipena. Eta horiekin batera txoritxoak eta urtxintxak, iturriak eta itsasoak, txilintxak eta biolak. Izan, lore usaia dario eta poema bilduma honi.

Alabaina, idazketari buruzko poemek biltzen dituzte lerrorik ederrenak, beharbada. Irakurtzen ari zaren horren idazketa-prozesua begi bistan jartzen baitu Olabek: “Emaitza hau da,/ ariketa bera ere bai”. Bere duda, pultsio eta galderekin, baina batez ere, idazteak sortzen dion plazera aditzera emanez, irakurlea bera plazer horretan murgiltzen du, eta idazlearen gorabeheretara mugiarazten. Agerian geratzen dira, beraz, sorkuntzak dakartzan gatazkak, beti zalantzatik idazteak sortzen duen ezinegona, hitz edo tonu egokia aurkitzearen zailtasuna, huts egiteko zein testua osatzeko behar den denbora. Kontrara, ordea, idazlea beti itzultzen da idazketara, sorkuntzaren ekintza berera, erakarpen-jolas ekidinezinera: “Orduan, idazketa ez bada alkimikoa,/ (…)/ zertarako jarraitzen dut hemen/ malbaz betetako lur oraindik emankorretan,/ hitz-lerro artean igurika?”.

Azken poeman dion gisara, idazten jarrai dezala Olabek, aintzat hartu beharreko ahotsa baita, zalantzarik gabe.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak