kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak— / Angel Erro / Erein, 2022

Etena Maddi Galdos Areta / Argia, 2022-12-04

Naufragioaren aztarnategi edo porrot egindako proiektuen nolabaiteko antologia ei dugu Angel Errok (Burlata, 1978) argitaratu berri duen olerki bilduma. Izenburua bera atentzioa emateko modukoa da: Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak— (Erein, 2022). Liburua amaituta irakurtzeari buruzko galderak geratuko zaizkio irakurleari, jarraibideok ez baitute zehazten, besteak beste, azaleko irudiari beha igaro beharreko denbora, zein isilean leitzea aski den edo ozenki egin behar den nahitaez. Ekina omen ikasteko bide, ordea, eta poemok eskaintzen dute, beraz, trebatzeko aukera.

41 olerki bildu ditu burlatarrak bere ibilbideko hirugarrena den poema-bilduma honetan. Hertsiki gidaliburu ez dugun arren, poesia eta literaturarako gonbita dira orriok: esplizituki ere aurkeztu eta hezurmamitzen dira forma eta baliabide literarioak, bestelako arte adierazpideak hurbiltzen dira hitzetara, eta birformulatzearen eta berrinterpretatzearen xendrak arakatzen dira, tartean, dagoeneko urruneko diren leku eta denborekiko distantziak laburtuta. Poesiak eskaintzen duen eten edo uneari eutsi eta amore ez ematea proposatzen da, finean, urrats saihetsezin bakartzat.

Beste gai batzuk ere badakarzkigu liburuak: tartean, ugariak dira maitasuna erdigune duten poemak. Poeten bekatu nekagarria omen den bigarren pertsonaren erabileraz eta “maitea” deiturikoari zuzendutakoez gain badira maitasunaren beraren inguruan hausnarrarazten duten lerroak, besteak beste, Gure maitasuna poeman. Halaber, nabarmentzekoak dira amari zuzendutakoak. Maitasuna lotu egiten zaio olerkiotan minari, baita dolu, hastio, oroimen eta ahanzturari ere: “Ama, egunero egiten ditut gauzak / hilda egon ez zaitezen (…) / eta sekretuki hastio dut / bizitzaz gelditzen zaidana”. Horien artean Oinazearen bariazioak poema dugu aipagarri, gogorra dena eder adierazteko idazketa poetikoak eskaintzen dituen aukeren isla baita.

Segidan irakur daitezke, hasi eta buka, 41 olerkiok. Hala ere, bildumak ez du, ezinbestean, halako irakurketarik galdegiten: hari bakarraren ezean, joan etorrika leitu daiteke, irakurleak nahieran, errepika, erritmo eta errituari men egin eta norberaren naufragioetan ere sosegua topatzeko saiakeran.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak