kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ganorexia / Iñaki Segurola / Alberdania, 2022

Estiloa, bizitza Asier Urkiza / Berria, 2022-10-30

Ganorexia da Iñaki Segurolaren azkenengo liburua, hilondoan argitaratutakoa. Seigarrena autorearen ibilbidean, Garbiñe Larreak epilogoan esan bezala, “etxeko apalategian leku propioa hartzeko adinako” obra osatuz. Liburuan ugariak diren hitz-jokoetan beste bat da izenburukoa, ganora eta anorexia hitzek osatua. Bizitzeaz eta idazteaz, horren ezinez dihardu Segurolak (senti)-pentsakizun bilduma honetan. Hizkuntzatik mundura, eta alderantziz.

Gaitegia askotarikoa da. Oroz gain, baina, Segurola bizitzaz ari dela esango nuke nik. Nekez aurki daiteke jorratzen dituen afera, auzi eta abar guztiak bilduko duen izendapen hoberik. Giza harremanez eta izaeraz asko, erlijioaren eta espiritualitatearen arteko ildo estuez dezente, hizkuntzaz, pandemia covidiarraz, beste hainbat afera lurtarrez… Norbere bizimoduaz, bizi ikuspegiaz, bizi estiloaz, ars vivendi-az, finean. Berrikuspen etengabean dabilen luma baitakusagu orriotan, behako zorrotza zuzentzen diona hala bere buruari nola inguruari. Botatakoekin ados egon zein ez, ekinak berak liluratzen du, hainbat uste finko auzitan jartzeaz batera, zirikatze atsegin bat eragiten duelako gogoan. Hizkuntza kamutsaren garaiotan haize freskoaren gisan sartzen da Segurolaren labana, barruraino.

Zolitasuna dario alde guztietatik autorearen idazkerari, mezuaren eta kodearen arteko interferentziek edertutako prosa muinezkoari. Azala eta mamia bat dira sarri testuan, batetik hasten dela autorea bestean bukatzeko, bata erabiltzen duela besteaz aritzeko. Bitasun horrek ezaugarritzen du, hein batean behintzat, Segurolaren pentsaera bera ere, ezeren gainetik ezbaikaria izanik berau. Saiakeraren alderdi formala ere horri lotzen zaio erabat, izan ere, baieztapenak gorabehera autorea estiloa —ezen ez tamaina edo neurria— topatu nahian dabilela dirudi, estiloaren bilaketa etengabea dela bere idazketa. Ez bedi ulertu estiloa erakuskeria hutsetik, jakina, baizik eta esakune eta esanguraren uztarketa ahalik eta egokienetik.

Adierazezina adierazteko saiakera duin bat antzeman daiteke testuan, autorea adierazezintasun horretaz jakitun delarik. Ezizana goratzea, edertzea, horixe literaturaren funtzioetako bat, Segurolak ataltxo batean dionez. Literaturatik asko du saioak, berez. Saio itxurako ariketa literariotik. Irakurri ahala autore jakin bat etorri zait niri burura, testuan bi aldiz aipatutakoa, gainera: Friedrich Nietzsche. Nietzscheren estilo zorrotz bezain laburra, jostalaria eta solemnea aldi berean, literarioa guztiz. Orobat, hizkuntzatik ari zen autorea dugu alemaniarra. Segurolak ondoen menperatzen duen arloa berau, gogoeta pizgarri askotarako baliatzen duena. Ezin uka autoreak hartutako zidorrek izutu dezaketela irakurlea, dela idazkeragatik beragatik —bere berbaroan galtzeko beldurra—, dela edukiagatik —politikari buruzko pasarteak bereziki gordinak iruditu zaizkit—. Alferrik da zenbait iritzirekin ados ez egotea, ordea; aitzitik, Segurolak irekitako bidexketatik barneratu beharko luke irakurleak, gozamen hutsez.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak