kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Ipuina engainua da / Iban Zaldua / Elkar, 2022

Ipuinari leial Asier Urkiza / Berria, 2022-10-16

“Ipuina adulterioa da, eta nobela fideltasuna”; ipuin liburuko azken narrazioko aipu horrexek ematen dio izenburua Iban Zalduaren lan berriari. Azaleko irudia ere hitzoste gisako ipuin horri eskainia dago. Ipuingintzari buruzko saiakera dakar egileak amaieran, kutsu metaliterarioko narrazioaren bidez, zeinak, halere, ondo eusten baitio bere autonomiari. Generoaren adibide bikaina osatzen dute liburuko hamasei ipuinek, azkenak barne.

Ipuingintzarekiko fideltasuna berresten du, beraz, autoreak hitzostean, generoaren ezaugarri, joera zein auzi kritiko nagusiei erreparatuz, baina ideia orokorrago batek zeharkatzen du liburu osoa, hots, fikzioaren beharrak, hala norbere identitatea garatzeko nola gizarte gai askotarikoetara beste alor batzuek baino askatasun handiagoz hurbiltzeko. Ipuina engainua da-ko narrazioetan gaurkotasun handiko hainbat gairi neurria hartzen die Zalduak, ez nobelek ohi duten grina oroazaltzailearekin (Elenak esango lukeen gisan), generoak dakartzan muga formalei etekina ateraz baizik; gaion lanketa pertsonaien gorabeheren eta tentsio narratiboaren bidez egiten da, adibidez. Fikzioaren hezurdura zertxobait erakusten du hainbatetan Zalduak, literatura bera denez zenbait ipuinen gaia. Haatik, ez du testua erreferentzia metaliterarioz kargatzen —azkenekoan salbu, baina justifikatuta hemen ere— eta auzi metaliterarioak iradoki baino ez dira egiten.

Ipuina adulterioa da-ko protagonistak aipatutako ipuingintzaren ezaugarri asko antzeman daitezke ipuinetan, hala nola bukaerako punch-a (Txio, Festibalean, Une horretara arte), bi planoren arteko harremana (Julen Ezeizabarrena, Diskotekarena, Looking to mess about, Kongresuan), fantasiaren eta errealitatearen arteko uztarketa edota laburtasuna bera. Ipuin eztendunak dira gehienak, arinak kontaeran eta pisutsuak gaietan. Esku hartze gehiegirik gabeko Zaldua ipuingilearen ohiko narratzailea da ipuinetakoa, pertsonaien galbahetik aritzen den hirugarren pertsonaduna eta narrazioaren batasuna une oro kontuan hartuz diharduena. Irakurraldi bakoitzean hazten diren ipuinak ere badira, aldiro trikimailu berri bat harrapatzeko modukoak. Izan ere, horixe baita ipuinen indargune nagusia, teknika literarioen ustiaketa egokia, orekatua eta narrazioaren muinaren menpekoa. Aipagarriak dira Tailerraren ostean-eko alegiazko flashforward-a; Buztangorri ilunak-eko txorien habiaren metafora erabiliz marrazten den bikotearen irudia, elementu ustez arrunt baten bidez ipuinaren mamia seinalatuz eta tentsioa sortuz; edota, azkenik, Bisita bat arma museora —liburuko ipuin izarra, nire irudiko— zientzia fikziozko kontakizuneko mise en abyme-a…

Egiari zor, ipuin guztiek ez dute berdin funtzionatzen, edo neuk behintzat batzuk antzuagoak antzeman ditut. Esan nahi baita, ibilbide laburragokoak iruditu zaizkit, geruza gutxiagokoak —hori da, esaterako, Paseoa edo Marta Harnecker-en liburua-ren kasua—. Oro har, baina, fin dabil Zaldua, generoa ezin hobeto menperatzen duenaren segurantzaz. Ipuinari leial.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak