kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Samuel eta Slawo / Karlos Linazasoro / Alberdania, 2022

Jaialdirako prestatzen Aitor Francos / Bilbao, 2022-10

Ez dakit Karlos Linazasoro idazle tolosarrak (1962) zenbat irakurle izango dituen guztira. Tamalez, gutxi izan arren, nahiko direla esango nizueke, adeitsuak eta atentzio osoz aritzen diren horietakoak. Ziur nago baietz, arreta handiaz jaso ohi dituztela haren nobedadeak, eta ihar dezaket gainera urduritasuna nabari zaiela kopeta eta begi-dardaran, egile honen azken liburua esku artean izaten duten aldi bakoitzeko. Abstinentziaren sukar-ikara da hori, sintoma patognomonikoa. Eta egia diodala zin degizuet, nigan duzuelako haietariko lehena. Linazasororen literatura droga moduko pilula bat delako, mendekotasun-sortzaile eraginkorra. Behin hasita ezin izango duzu alde batera utzi, adikzioa ez ezik zaletasuna eta miresmena gehiegizko arazoa izango direlako zuretzat.

Linazasoro lur orotariko idazlea dela argi geratzen da Alberdania argitaletxeak 2022an atera duen liburuarekin. Oso lerro gutxiko piezak dira Samuel eta Slawo-ko mikroipuinak. Ezin laburragoak. Kondentsazioa da narrazio hauen ezaugarrienetako bat, menderatzaileena, ezinbestekoena. Oinarrirako ipuin tradizionalaren bat hartzen badu aldrebeseko interpretazio ausarta eta bizarroa emateko da. Horra hor Aladinena, edo Txanogorritxorena, Pinotxo laguna eta beste batzuk. Mitologia klasikotik eta Bibliatik edango du, baita benetako pertsonaia historiko ospetsuetatik ere edo antzinako idazleetatik (Ovidioren kasua, bai aipatzeko). Keinu literarioak aparte edozein irakurlek primeran antzemango ditu begirada bakarrean ezagunak zaizkion istorioak eta protagonistak, baina berrirakurketa eta ohiz kanpoko bertsio harrigarri batera zuzenduak. Jakin ezazue pistak, aztarna errazak, utzi dizkiola bidean Linazasorok, ipuinen labirintoan sartu aurretik.

150 bat orrialdeko liburua izan arren, 86 narraziok osatzen dute Samuel eta Slawo. Ia denak folio bakarrekoak. Oso ugariak ez badira ere, gainerakoak baino askoz luzeagoak diren ipuin batzuk daude, elkarrizketen antza dutenak, Apokalipsiaz solasean edo Esadazu Sig, adibidez. Zehatz aztertuta, ez dago gai nagusirik. Hobeto esanda, ia gai gehienak topatuko ditu jakin-mina duen irakurleak. Irakurri ahala, Kafka izan dut gogoan; eta Linazasororen neurak pertsonaienak direla pentsatzera eraman naute hainbat ipuinek. Egoera surrealistez baliatuz, satirara ailegatzen da maiz, edo amets gaiztoetara bestela. Denetarik dago. Maila altuko obra. Lehen testutik azkenera, ez dago jauzi handirik inspirazioari dagokionez. Tonu eta planteamendu aldetik algara eragitea da idazleak buruan daukan helburua. Gehien erabiltzen duen lan-tresna: ustekabea. Estiloari erreparatuta, irakurlea berehala ohartuko denez Linazasorok hitz arruntenak dakartza, artifizio handirik gabe eta hitz hauek nahiko dira duten funtserako, aski eta soberan ideien garapenerako.

Nortzuekin, ze beste literaturagileekin aurki ditzakegu Linazasororengan parekotasunak? Tituluan izendatzen diren bi idazleez gain, Beckett eta Slawo Mrozek, Augusto Monterrosorekin, gehienbat. Badaude beste batzuk, nola ez. Kafka. Klasiko ugariekin batera, Perrault, Eugene Ionesco, Raymond Queneau eta George Perec. Eta Alvaro de la Iglesia. Eta Rabelais, noski. Rabelais liteke Linazasororen arbaso literariorik zuzenena.

Asmamenaren aldetik miresgarria da eskaintzen duena. Berarentzat absurdoa, kontzeptua, zer den galdetu beharko genioke, literalki zer den esatera behartu, hitzez hitz, baina Samuel eta Slawo-n mundua den absurdoaren definizio bezalako bat irudikatzen da, irudi biribil eta adarjotzaileez eta sinbolo jostalariez. Linazasororen betiko obsesioak dira baina finduagoak. Badirudi Freud jauna oheburuko irakurketa duela. Hauetariko zenbat ipuin ametsetan izan dira diktatuak?Heriotzaren zentzu eza edo heriotzari iskin egiteko moduak, patuaren bideak, injustiziak, gizartearen baldarkeria. Ohikoak zaizkion kezkekin batera, giza gorputzarena dago Samuel eta Slawo-n, anatomiak garrantzi naturala hartzen duelarik. Hesteak barreiatuta bezala ikusiko ditugu pertsonaia asko, gorputzak apurtuta, barren-barrenetik eta aldrebes. Baita sexua ageri-agerian ere.

Linazasororen umorea sailkaezina da, besterenezina, edonondik ikusita beltz-beltza, sarkastikoa, latza, askotan itxuraz gupidagabea, eta, aldi berean, bihozbera eta asmo samurrekoa. Kritiko profesionalek azter dezatela zeintzuk diren gehien darabilen baliabideen zergatia edo hauen zentzua. Nire iritzian berdin dio zer idazten ari den, ipuinik txikiena, soneto bat edo aforismo bilduma bat, beti mugan mugitzen baita, generoak banatzen dituen lerroaren gainetik ekilibristaren lanak egiten. Moldea imitaezina da batez ere umoreari ematen dion ukitu poetikoa distira oso bereziaz bustitzen dituelako testuak eta bere-berea delako. Egilea ez da inola ere aldendu zeharo bereganatu zuen idazkera pertsonaletik. Soildu baino ez du egin, ipuinak oraindik ere arinagoak egin, minimalismora jo. Batik bat umorea gailentzen da narrazioetan, baina laster jakingo dugu unibertsala bezain neutrala dela umore hori eta inori egiten ez diola, zuzenean, kalte egiten. Ez du inor salatzen, ez da batere erasotzailea. Gordinkeriak daude, eszena lizunak, gertaera historikoen edo ipuin klasiko askoren karikatura groteskoak eta erabat zentzugabeak diren muturreko egoerak agertuko dizkigu (ezinezkoak gehienak, arraro samarrak besteak baina nork daki, akaso posibleak), irribarrea behin eta berriz eragiteraino. Edonora esportatu nahiko nukeen liburu pedagogikoa eta argitzailea. Egun mahaira ailegatzen zaizkigun argitalpenen artean, dibertigarrienetako bat.

Linazasorok ez omen du behar beste osperik. Ez naiz batere objektiboa baieztapen honetan. Nahi duena idazten du, oso ondo idatzi ere, eta inauteriaz mozorrotuta bezala dator orrialde hauetara Literaturaren jaialdira, irudimenaren anfitrioi onena izatera. Idazten duenero itxaropentsu, alaia, ilusioz beteriko gizona dela esatera.

Liburuz liburu gure euskal narratzailerik oparoena jostailu berriak estreinatzen dituen umea da. Kasurako, azalean agertzen den marrazkia ere berak egina da. Artista totala.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak