kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Desertuan behatxuloa / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2022

Teselatan bizitza Ibon Egaña / Deia, 2022-09-10

Teselaz tesela, testu laburrak josita ondu du Anjel Lertxundik saiakera berria, Desertuan behatxuloa. Ezin hobe hartua dio neurria idazketa mota honi, eta berezkoa balu bezala jardun du liburu honetan ere puskak josten, aurreko saiakera eta lan hibridoetan egin bezala. Ekar ditzagun gogora Eskarmentuaren paperak edo Itzuliz usu begiak berriagoa. Saiakera literarioari heltzeko modu honek bidea ematen dio egileari gai askotarikoak hizpidera ekartzeko, auzi batetik bestera jauzi egiteko, eta baita testu-genero anitzi tartea egiteko ere. Izan ere, saio honetan badira apunte autobiografikoak, aktualitateari buruzko oharrak, aipuak eta batez ere hausnarketa askotarikoak, eta idazleak horietan guztietan erakusten du pieza laburrak borobiltzeko artea. Irakurleari, berriz, irakurketa modu berezi bat eskaintzen zaio, tesela baten eta bestearen arteko tarteak batzuetan hutsunea, bestetan hausnarketarako parada, edo harridura ere eragin dezakeelako, ustez zerikusirik gabeko bi pasarte elkarren segidan irakurri eta haien arteko loturaz pentsatzera garamatzanean. Jolasak ere badira tarteka, ikus bestela noraino iristeko gauza den idazlea ipurtargi baten hariari segika.

2020an hasitako pandemiak jartzen dio tesela-multzo honi abiapuntua eta oraina, eta liburua izurriari buruzko saiakera ez bada ere, testuinguruak ainguratu egiten du orainean eta gogoeta anitzetarako bidea zabaldu. Ez soilik pandemiaz eta haren ondorioez, baizik eta hortik abiatuta ezinbestean datozen auziez, heriotzaz, esaterako, edo haren aurrean ditugun portaera sozialez. Gogoangarriak egin zaizkit lehen pertsonan heriotzaren hurbiltasun zein urruntasunaz edo zahartzaroaz egindako hainbat gogoeta (eta nago, oro har, liburuak irabazi egiten duela idazlea bera inplikatuago ageri den pasarteetan). Haatik, tenporalitate ugari gurutzatzen dira lan honetan, eta orainaldiarekin edo aktualitatearekin batera, bada ardatz historiko eta biografiko bat saiakera zeharkatzen duena. Printza biografikoetara joz, haurtzaroa eta gaztaroa paperera ekarriz hainbat aldaketa sozialen inguruan egiten du gogoeta Lertxundik: gizartearen sekularizazioaz, memoriaren transmisioaz edo hizkuntzaz.

Bada liburuan beste hari mehe bat, postura bat beharbada, fragmentu ugariren atzean dagoena: humanismoaren eta etika indibidualaren aldarria. Etikaren beharra azpimarratzen da “dogma” ideologikoak mesfidantzaz begiratzean, indarkeriaren aurreko jarreraz hausnartzen denean. Halaber, banakoa pentsamenduaren erdigunean kokatzen duen postura humanista horretatik datoz liburuan eutanasiaren aldeko hausnarketa, humanitateen defentsa, edo tradizio judeo-kristauaren alderdi positiboei eusteko ahalegina. Alabaina, uste dut liburuan bertan humanismo horren mugak eta joskurak ere agerian geratzen direla, esaterako haren izenean eraikitako Europaren gainbeherak sortutako etsipenaz aritzean, edo Lurraren pixkanakako hondamendiaz hausnartzean. Iruditzen zait, beharbada paradoxikoki, Lertxundiren liburuak aldarrikatzen duen humanismoa bera birpentsatu eta zalantzan jarri beharra ere iradokitzen dutela hainbat pasartek. Era berean, nago nekeza, ezinezkoa dela hondamendi eko-sozialari etika eta ardura indibidualaren bidez soilik aurre egitea, eta tarteka handiegia egin zait orriotan banakoaren bizkar jartzen den zama. Edonola ere, horixe egin behar luke saiakera on batek, irakurketarekin gozarazteaz gain, irakurlea interpelatu eta harekin solastu, are eztabaidatu. Saiakera biribila iruditu zait zentzu horretan Lertxundiren azken hau.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak