kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Itzalen distira / Arrate Egaña / Erein, 2022

Argiaren ifrentzua Hasier Rekondo / Deia, 2022-07-30

Haur eta Gazte literaturan oparo argitaratu arren, denbora nahiko igaro da Arrate Egañak (Errenteria, 1963) Helduen Literatura deitu eremu aski zabalean azken lana argitara eman zuenez geroztik. J.P. Sartrek aipatu infernua besteak dira ospetsu hura etorri zait gogora zortzi narrazio laburrak irakurtzean, eta zaila da definitzea ongizatearen gizartean bizi garenontzat narraziook eragiten duten ezinegona, horixe baitu Egañak ezaugarririk berezkoena, heriotzaren zein bizitzaren aurrean bizi dugun hori neurriz islatzea. Alta bada, zenbait narraziotan ez da falta itolarri horretatik askatu gaitezen umore tantarik zein hausnarketarako aukerarik, Lolitaren ama izenburukoan batez ere, liburuko lortuenetakoa bestalde.

Edukiei dagokienez erabat independenteak izan arren, kontakizunotan badira zenbait elementu, kasik ezkutupean antzeman daitezkeenak, narraziook harilkatzen dituztenak. Gizabanakoaren hustasuna zahartze prozesuan, porrot egiten duten familiaren egitura arkaiko zein modernoen islak, ongizatearen gizartearen kontra jasan kolpeak… Egañaren narratzeko moldeak badu, halaber, egilearen markarik, hala nola, prosa zuzena eta irakurterraza, ez dago hornikuntza formaletarako betarik, narrazioaren ildoa pausatzeko erabilitako zenbait naturarekiko atxikimendu ez bada. Narraziootan, orobat, antzeman daiteke existentziaren gazi-gozoak ez duela estilo lar zamatuaren beharrizanik. Istorioak kontatzea xede denean, egileak maisutasuna agertuko du zehatz eta erritmo neurtuan kontatzeko, beste kontu bat da istorio guztiok nahiko interesgarriak diren, irakurle bakoitzak mapa propioa baitu.

Narrazio guztiek badute gure gizartearen eredu pertsonal zein kolektibo batzuen berri emateko asmorik, esan liteke nolabait gizarte-ipuingintza baten aurrean gaudela, eta horrek, ene irudikoz, baditu argi ilunak eta distirak, batez ere pertsonaiak oso eredugarriak direnean, hitzaren zentzurik zabalenean. Alta bada, Egañak badaki nolabaiteko ongizatearen gizartearen potret gazi-gozo horretatik aldentzen, narrazio ildoan eztanda egingo duen ezustekoak agertzen direnean batez ere. Eta kasurik nabarmenena Marquez lehen ipuina dugu. ETAko preso ohi baten gizarteratze prozesu latzaren osagai ohikoenak kontatu ondoren, haren presondegiko iraganeko gertaera ezusteko batek eztanda egingo du narrazioan, hor emango du onena Egañak. Badaude narrazio apalagoak liburuan, hala nola, hirugarren adinaren berri ematen duen Nigan bizi den beste hori eta Itzalak esaterako, hor biltzen baitira literatura mota horren alderik aspergarrienak, bi narraziooi erakargarritasun falta antzematen baitzaie.

Hala ere, Egañak liburuko azken bi narrazioetan bere gorena lortzen du tentsio narratiboari eustea erdiesten duenean, narratzaile ondua dela erakusten baitu Final Destination, “Bitxia da telebista. Bizitza jaten du, eta, aldi berean, heriotza urrundu”, eta Mercy eman izenburukoetan, bitxiki biak ala biak ingelesezko titularrak, non artisau landuaren dohainak agertzen baitituen.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak