kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Lagun minak / Jon Benito / Farmazia beltza, 2022

Nahi eta ezinen artean igerika Asier Urkiza / Berria, 2022-06-26

Lehenengo poema liburutik bigarrenera, 2010eko Bulkada horretara, bederatzi urte eman zituen Jon Benitok ezer argitaratzeke. Lagun minak honetarako bidea are luzeagoa izan da, hamabi urtera kaleratu baitu lan berria, oraingoan Farmazia Beltza argitaletxearekin. Hamabost narraziok osatzen dute liburua, prosazkoak batzuk, poema forman besteak. Narrazioek poesiaren eragin ezin ukatuzkoa dute, halere, hala kontaeraren erritmoan, nola hitzen hautaketan. Poemak dira lehenengoa eta azkenengoa, hitzaurre eta hitzoste gisa liburua bi aldetatik mugarritzen dutenak eta autorearen arrazoiez eta, finean, poetikaz argibideak ematen dituztenak.

Zaila da liburuko gai nagusia zein den zehaztea, denak ala denak elkarrekiko loturan ageri dira-eta, bereiziezin sarritan. Horixe dateke liburuaren gakoetako bat, nahia eta beharra, desira eta maitasuna, ideologia eta beharra banatu ezina. Ideia abstraktuen larre orbain gabekotik lokatzera daramatza Benitok aipatutako horiek eta gehiago, harreman pertsonalen eta gizartearen likidotasunaren argitan disekzionatzeko. Autoreak den-guztiaren konplexutasuna izendatzeko egindako saiakera da liburua, hizkuntza tresna nagusia izanik, hizkuntza bera bihurrituz, nolabait, garaiari egokituko zaion idazketa modu bat aurkitu asmoz. Aditza da eraikuntza prekario horren erpina, bere aditz-pertsonen zalantzekin —galdetu dizut naiz diot diogu—, aditz bihurtutako izenekin —inortu—, baina baita bestelako hitz berrituekin ere —amaitasun—. Bizi gaituen aroko hitz gastatuak birdefinitzeko eta esanahi intimoez janzteko hautua —asebetetze tasaren goranzko joera—, aldiz, liburua zeharkatzen duen aldarriaren zantzu da, aldagai poli(e)tikoak, ekonomikoak eta kulturalak norbanakoan urtzen direla, alegia.

Emozioen eta pentsamenduen gudu-zelaian, ordea, norbere identitatearen egituratze eta desegiteen borroka etengabea ere badago. Narrazioetako pertsonaiak puskatuak daude, minak zartatu ostean berriz ere osatzeko bidean. Ez ote zait, Hemen, aspaldi honetan, Maite Agirreren helegitea edo Uhartearen altxorra ipuinetako pertsonaiak, esaterako, bere identitatearen puzzlea osatu nahian dabiltza, bat izateko falta dituzten puskak lotzen saiatuz. Horri ondo lotzen zaio autorearen arrisku formala eta beti erortzear dabilen hizkuntza ezin iradokitzaileagoa. Irakurleari dagokio maiz eman zaizkion piezekin puzzlea egitea. Soslaiak dira pertsonaiak, lausoak izatez. Gauza bat eta kontrakoa dira, tamaina eta forma askotariko piezez gorpuztuak egonik. Pintzelkada fin eta lausoez sortutako pertsonaien ertzak biderkatzea lortzen du Benitok. Alderdi formalaren ustiatzeak, berriz, halako erresonantzia bat ematen die gurutzatzen dituzten beldur, desira eta esperantzei, irakurlearengana irits daitezen. Metaforaren bilaketa obsesiboak komunikazio hori astun dezake zenbaitetan eta oro galdera den narratzailearen gehiegizko esku-hartzeek pertsonaiak itotzear jarri bestetan, baina Jon Benitoren apnea ariketari zorroztasuna dario alde guztietatik. Baita ausardia ere.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak