kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zertaz ari garen maitasuna ari garenean / Raymond Carver (Koro Navarro) / Alberdania / Elkar, 2003

Zertaz ari gara Carver aipatzean? Karlos del Olmo / Gara, 2003-08-30

Izan ere! Nor zen literatur zale guztiek ahotan darabilten Raymond Carver omen handiko bezain herri xehearentzako ezezagun hura? Koro Navarrok gauzatutako itzulpen zilarrak estatubatuar literaturan isileko iraultza sortu zuen idazlearen gakoak ulertzeko bidean jarri gaitu.

Carverren iritziz, idazle on batek mundu berezi halako bat sortu beharra du, bere-berea. Idazleak bere sorkari guztiei osagai imitatzen gaitza erantsi behar die. Horixe delako haren mundua, eta ez besterik. Mundu berezi horretan barna abiatzeko, hona hemen bilduma honetako ipuin paregabeen zidorrak, osotasuna zelakoa izan daitekeen adierazgarri.

Idazleak gauzei begiratzeko era berezia izan behar ei du. Beste inork kaosa sortu barik imitatzerik izango ez duen unibertso moduko bat. Solasaldi itxuraz komun eta muntarik gabeko batek irakurleari ikara eragin diezaioke bizkarrezurrean. Era horretakoak dira Carverren idazkiak. Haren aburuz, idazkiek behar dute ondo baino hobeto neurtu eta haztatuak, puntuazio ikurrak ere tentuz gaineratuak. Idazleak hilobira gauza bakarra eroan dezake: bera pozik eta gogobeterik utzi zuen obra idatzi izanaren kontentua. Baina, itxuraz horren erraza izanda, ez dirudi eskuratzen erraza. Idazterakoan nork bere buruari amarrurik ez egitean datza kontua.

Ameriketako Estatu Batuek bitarteko ikaragarriak dituzte eskura beren burua eder, landu, aberats eta erakargarri moduan, edonor maitemintzeko izaki gisara aurkezteko. Ikur moduan “Askatasunaren Estatuarekin” bat eginik agertzea dute gustuko. Baina Carverrek ezetz esan zien, ez direla eder, ezta erakargarri ere, dena sasikoa dutela, ileordea eta makillaje ugariak darabiltzatela, planta eta itxurakeria hutsak direla. Eta guztia idazketa sotila erabilita kontatuko du. Nahiz eta idazleak idazketa minimalistaren etiketa hari izendatzerik onartu ez, areago, aurka ere egin zion. Berdin dio izendapenak. Estilo ia biluztua du. Pertsonaiak? Langabetuak, alkoholikoak, dibortziatuak, noraezean doazen bakartiak, beren baitari ez begiratzearren eguna telebistari itsatsita ematen duten lagun etsiak. Esperantzarik ezez zamaturiko itzalak besterik ez dira.

Amaierak harrigarri gerta daitezke, ez direlako normalean bukaeratzat jotzen diren konklusioak. Bat-batean, ipuina amaitu egiten da. Aurrera egin lezake, baina ez. Bizitzaren edertasunaren berri doan irakurleak, hobe du alde batera uztea halako izaki hitsen bizialdi goibelak. Ez da harrigarria horrelako lanak sortzea, alkoholismoak eta ezkontza zorigaitzezko baten ajeak gaindituta arrakasta lortzen hasita, Herio agertu zitzaion-eta ezkortasunari gaina hartzekotan zegoela.

Carverren poemak eta narrazioak isolaturik aztertu eta uler daitezke. Halere, horien nolakotasunak nekez ulertuko dira antzerkia ere idazten zuela ahaztuz gero, narrazioetako solasaldiok eta egoerek antzerki amaigabe bateko zatiak dirudite eta.

Ray Carverrengan ederto bete zen topikoa, haren biografiak idazlanek adinako material dramatiko, poetiko eta narratiboa jasotzen duelako. Ia idazlanei eurei gaina hartu ahal izaterainokoa.

Guztiz modu neurtuan idatzitako ipuinek are arreta handiagoz itzultzeko eskatzen zuten. Horra hor, irakurlearen begirada arretatsua noiz helduko. Orriotan, dena mami handikoa da, itxuraz, bestela baitakoan agertu arren. Lasai bizi gura duenari gomendatu behar ez zaion liburua, izan ere.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak