kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hodei berdeak / Jon Alonso / Susa, 2003

Satorraren bonba ustela Markos Zapiain / Berria, 2003-08-23

Etakide gehiago hil dituzte ezustean leherturiko bonbek, BVEk eta GALek baino.

Behinola, Joseba Zulaika antropologoak ETAri eskatu zion komando batekin zenbait hilabetez bizitzeko baimena; hori bai, ekintzetan soilik ikusle gisa esku hartzekotan, argazki kamerarekin eta. Bere lan zientifikoa esperientzia zuzenaz aberastea zuen helburu. ETAk ukatu zion, antropologoa, AEBetan ibilia izanik, CIAk kaptatua ote zuen.

Normala.

Ez dugu aspaldion behin eta berriro aditzen ETA barruan sator pilo bat dabilela, are ETAren zinezko buruzagiak Espainiako agente sekretuak direla? Zenbait agente sekretu bikoitz izatetik hirukoitz izatera igaro dela, eta baten bati ahantzi egin zaiola zein den bere egiazko nagusia? Baina beharbada kazetari talde infiltraturen batek erdietsi du gurean irudi hori nagusi dadin. Dena den, Jon Alonsorentzat gure historia modernoa hein handi batean zerbitzu sekretuen eta infiltrazioen historia da.

Idazle nafarra bera ere espeleologo gisa infiltratzen da errealitatean, bere kaskoko linternaz errealitatearen askotariko geruzak argitzera. Halako xede eskerga lortzeko, ezin ohiko genero bakar bati beti atxiki. Halatan, hainbat genero desberdin erabiltzeaz gainera, berriak asmatu behar izan ditu: rapsodia delakoa (Euskal Karma), edo saiakera, narrazioa eta historia era berezi batez biltzen dituena (Camembert helburu), zein goraipamenik sutsuenak merezi dituen eta jasotzen ari den Hodei berdeak hauxe —ikus Javier Bilbatua zorrotzaren gomendioa: www.euskalnet.net/bilbatua—. Hirurogeiko hamarraldiaren amaierako jeltzaleen eta ETAren arteko harremanen egiak desestaltzeko, beraz, ez da nahikoa Historia. Agente hirukoitza izan beharra dago gutxienez. Horrenbestez, Alonso geruza literarioen bila ere abiatzen da, datu egiaztagarrien atzealdeko kontu ilun baina maiz arras eraginkorren xerka.

Ondoren, aurkikuntza pilo hori adierazteko hizkuntza erabili behar duenez, esaldi mota bat asmatu du halaber, Zelai beltzak izeneko ataletan darabilena, bere joanean barrena erditzen eta ugaltzen den esaldia, menpekoak eta abarrak mordoka ernatzen zaizkion zuhaitza, errealitatearen ahal adina ñabardura eta bihurgune biltzearren bere baitan.

Kontua da Historiak, berez hainbat ezkutukira ezin iristeaz gain, galtzaileak baztertu ohi dituela; Alonsok ezin du eraman. Larriago: Historia ofizialak gertaera batzuk berariaz ebasten dizkigu. Hain zuzen, Hodei berdeak-ek pasadizo horietako bat oroitarazten digu: EAJ-ren agintariek EGIko gazteak borroka armaturako entrenatu zituzten, baita ekintzara bideratu ere. Halaxe hil ziren Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi, Ultzaman, 1969an, jarri behar zuten lehergailua zartatu zitzaielarik.

Iruñeko artistaren ustez, Euskal Herriko gorabeheretan, Ultzamakoak barne, eragin handia du munduaren urratsak. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, AEBek izan dute benetako agintea, Mendebalde osoan Sobiet Batasuna jausi arte; egun, nongura. Mundua ia nahi bezalaxe ustiatzen dute.

Horrela, berebiziko garrantzia izan zuen AEBek berrogeita hamarreko hamarraldian gerra hotzaren dotrina onartu eta Francoren Espainiari laguntzen hasteak, jeltzaleekiko ordu arteko harremana zokoratuz. AEBetako boterea, bestalde, umekeriazko ideologia erlijioso intolerante batek eta inperialismo militarista batek gidatzen du. Halako galipotaz elikatzen den CIAn ikasi zuten beren lanbidea Espainiako zerbitzu sekretuek, Camilo Alonso Vega ministroaren bidez. Bigarren mundu gerraz geroztik, AEBek, nazioarteko legediari iseka eginez gerra suntsitzaileei ekiten ez dietenean, satorrak baliatzen dituzte, hedabideetan, talde armatuetan, edonon: Hodei berdeak-ek Hego Ameriketan demokrazia itotzeko ahalegin zenbait erakusten dizkigu, eta Euskal Herria oztopatzeko beste zenbait, esate baterako Opus-a bezalako eragozle tzarrak sustatzea. Orobat erakusten digu agente sekretuari nola errazten dion lana traiziorako arrazoien edo aitzakien ugaritasunak: dirua (Zakarro), txantajea (Hewart), auskalo (Jauregizar).

Jende prestuaren itxaropen bakarra, ankerki aritzeko beti gertu dagoen CIAren menpeko mundu honetan, bere agenteen bilakaera da, konpainiaren lakio itzeletiko aldentzea. Dotore margotu dizkigu Alonsok mugimendu arriskutsu horren adibide bi, bihotzak eraginikoak: Hewart agentea, aurrena, Uruguain, bertako neska batez erdi maiteminduta, eta konpainiaren torturez, gezurrez eta zinismoaz nazkatuta, tupamaroei laguntzen hasten zaie. Gero, CIA ustez betirako utzirik, Iruñean diktaduraren aurka mugitzen ziren lagun batzuekin adiskidetuta, halako batean konpainiak txantajea erabiliz abertzaleon aurka egin dezan behartu nahi du.

Azkenik, infiltrazio orokor horren ondoriorik deigarriena ere kontatu digu goreneko eleberri bikain honek, hots, hainbeste ETAkide akabatu duen istripu moldea: satorrak detonagailu manipulatuak jartzen ditu ekintzaileen esku, eta lehergailua atentatua egin baino lehen zapartatzen zaie, azken urteotan Jon Alonso bizi duen eztanda sortzaile harrigarriak berreginiko zapartatze heriozkoa.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak