kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Mina hartzeko ere / Juan Luis Zabala / Susa, 2022

Ezer erakutsi beharrik gabe Irati Majuelo / Berria, 2022-05-08

Oparoa da, inolako zalantzarik gabe, Juan Luis Zabalaren obra literarioa, 1980ko hamarkadatik gaur egunera arte zabaltzen dena, jarraitutasun sendoz egin ere. Nahiz eta oro har narratiban ardaztu den, ez da hau poesiara salto egiten duen lehen aldia, aurretik Hautsia natza (2000) eta Ez dut nik asmatu (2017) argitaratu ostean idatzi baitu Mina hartzeko ere (2022). Poesian bide bat eginda, bada, ahots poetiko propioa duen idazlea aurki daiteke liburu honetan.

Aurreko lanen ildotik, tonu pesimista batek bustitzen ditu poemotako asko, ez etsipenaren edo tragediaren aldarri egiteko, baizik eta bizitzaren alderdi inperfektua onartzeko, bere poz eta minekin. Gizaki akastun gisara aurkezten du bere burua ni poetikoak, eta gizatasun hori da liburuaren giltzarri interesgarrienetako bat. Pesimismoaren gainetik gailentzen da sarri apaltasuna, eta zintzotasunez iristen dira irakurlearengana mundu kontraesankor hau interpretatzen duen ahotsaren kontraesanak, hala nola ondoz ondoko Lokazmin eta Ezeren okerrik ez dela poemek erakusten duten gisara. Orobat, ironiaren eta esajerazioaren erabilerak areagotzen du ni poetikoaren inperfekzioa, izaera komikoa ere emanez.

Denborak eragiten duen gainbehera ekidinezina da gai nagusietako bat, norberaren garaia igaro izanaren sentsazioa, baina baita suhartasun horretatik askatzean sentitzen den lasaitua ere. Hots, gazte garaiko ametsak, exijentziak eta mira handiak lurrera jaitsita, beste patxada bat deskubritzen dute poemok. Hala, besteak beste, Zabalak ohiko dituen txirrindularitzari buruzko erreferentziak erabiliz, poema esanguratsuak idazten ditu indarrez hustuta baina zer galdurik gabe, inori ezer erakutsi beharrik gabe bizitzeaz, idazteaz. Iraganari so egiten dio maiz, eta haurtzaroko unibertsoan aurkitzen ditu jadanik etorkizun bilakatzen ari den orainari heltzeko gakoak, erritmoak, hitzak, dena astiro joan dadin desiratzeko aulkiak.

Zabalaren estilo poetikoak ez du berezko lirikotasuna, eta era horretan metafora eta sinbolo ohikoen bilaketatik urruntzen da. Poema narratiboak zein existentzialistagoak tartekatzen dira, eta idazkerak arruntera jotzen du sarri, errepikapenen edota kaleko esamoldeen bidez idazlearen lengoaia propioa artifiziorik gabe islatuz. Agerikoa da hizkuntzarekiko kezka nabarmena duela azkoitiarrak, bai zenbait poematan aurkezten dituen gogoetetan, bai darabilen hiztegian. Izan ere, oso ugariak dira hitz jokoekin, esaerekin edota asmaturiko hitzekin osatzen dituen jolas lexikoak, zenbait poema aho-korapiloetara gerturatzen direlarik.

Baina hizkuntzaren erabilera aberatsa eta ausarta askotan esanguratsua bada ere, kontrako efektua ere eragiten du aldizka, hitzen arteko malabarismo bortxatuek mezua edota interesa galarazten baitute. Hala, badira zenbait poema huts geratzen direnak, airean, kontraste handiegia eginaz mezu zintzoak, irudi ederrak edota bira umoretsuak (dibertigarriak!) dituztenen aldean.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak