kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok? / Iñaki Irasizabal / Elkar, 2022

Erretratu soziologikoak Aitor Francos / Bilbao, 2022-05

Ipuintzat har ditzakegu Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok? (Elkar, 2022) bildumako testuak, bai, baina ohiko kontzeptuari dagokion zentzu itxiari ez dira ondo atxikitzen. Hasteko, irakurlea jakin beharrean dago istorioen artean ez dagoela lotzen dituen haririk, independenteak direla oro. Iñaki Irasizabalek (Durango, 1969) ekartzen dizkigun kontu gehienak eguneroko gertakizun arruntetatik erauzitakoak dirudite. Ez dute, beraz, irudimen handiaren derrigortasunik, errealitatea baitute oin bakarra. Eta, hala ere, ezin da esan guztiz errealistak direnik, pertsonaien jokaera zentzugabe eta adiezinei bederen jaramon egin ondoren. Egileak idazkera idorra darabilen arren, adierazten duenaz emozionalki ez nahasteko ahaleginean bezala, irakurleak erraz ulertuko ditu egoeren bilakaera ezberdinak eta protagonisten jarrerak. Zoritxarrez testuak intriga eskasekoak dira eta kostatu zait zenbaitetan sartzea. Pertsonaien jokamoldean eta erakusten duten nortasunean jartzen du arreta idazleak, ekintza edo gertaeretan baino. Denek dute alde ilunen bat, zalantzazkoa, estua eta latza. Galduta bezala dabiltza noraezean, zer egin ez dakitela. Narrazioetatik igarotzen diren gizon-emakumeek atsekabe eta sumin ezkutuak dituzte, bizimodu egonkor irudi baten azpitik. Gogaikarria iruditzen zaie dena, ezohiko portaerak dituzte, kontraesankorrak dira, anbibalentzia da haien hizpidea. Egoerak muturrera eraman eta ondoren amaiera irekien alde agertu da Irasizabal. Egilea thriller poliziakoaren mundutik datorrela jakinik ere, ez da libururik egokiena harridura eta ezustekoak bilatzen dutenentzat. Beste motatako literatura da hau.

Irasizabal izan da euskal letrek jaso duten izen berri emankorrenetakoa. Bibliografia luzeko egilea dagoeneko, XXI. mendea hasi genuenetik ia urtero argitara eman du izenbururen bat. Zergatik ez ote du jarraitu idazleak hain erraza zitzaion nobela beltzaren bidetik? Zaila egiten zait asmatzea hemengo narrazioak nola idatzi dituen, segidan, edo ez. Zenbat denbora igaro den batetik bestera, eta idatzi zitueneko ordena mantendu duen ala ez. Egungo narrazio laburren topiko batzuk agertzen zaizkigu hauetan ere: luzeegiak dira laburrean eta gutxitan harrapatuko zaituzte ustekabean. Alderdi positiboen artean, berriz, nabarmengarriena, ahots eta testuinguru ezberdinen bidez bizi dugun garaia aztertzeko Irasizabalek erakusten duen trebezia. Gaiak anitzak dira banan-banan aipatzeko. Laburpen moduan, bat legoke, besteen gainetik, eta autorearen aurreko ipuin-bildumarekin lotura duena: familiaren ideala (harremanen ideala, azken finean) zerk ordezkatzen duen gaurko gizartean. Agerikoa eta erabakigarria da gainera heriotzaren presentzia pasarte batzuetan.

Prosa soila darabil Irasizabalek gertakarien kontaketan. Ez dago aipu espliziturik edo kulturalismo kutsurik. Idazkera zalua du, zentzurik zabalenean, eta badaki zeintzuk diren kasurako baliabide egokienak. Ez du filosofia edo soziologia egiteko asmorik, era lasaian baina sakon- sakonean astindu nahi ditu gizartearen hesteak, bakardadearen isla den indibidualismoaren gaitza. Istorioetan denbora-plano ezberdinak bereizten dira, sarritan gurutzatuz joango direnak. Protagonistak ez dira ondo moldatzen bere ingurura, gauzak ondo egiten saiatu arren. Hauskorregiak dira, eta, aldi berean, garaiaren erretratu. Behin baino gehiagotan izan dut inpresioa Irasizabal saiatzen dela objektiboa izaten, irakurtzen ari zarenaren epaile bihurtu nahi zaituzten idazleetatik aldenduz. Liburuak batez ere moldaerraztasun handia eskaintzen du ideien garapenean. Pertsonaien arteko harremanek uste baino korapilo gehiago ezkutatzen dutela antzemango du irakurleak, baina idazlearen munduaren erakustoki dira.

Fabulak dira azken batean. Gizartearen ispilu baliagarriak.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak