kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Urtu aurretik / Xabi Borda / Susa, 2022

Urtu aurrekoak Asier Urkiza / Berria, 2022-04-17

Gulliverren lokarriak hartatik hamaika urte igarota, Xabi Bordaren hirugarren poema liburua da Urtu aurretik. Lehenengo bi lanak urte gutxitan argitaratu ostean, arnasaldi luzeagoa behar izan du autoreak hirugarrena emateko. Emaitza arnasaldi horren neurrikoa da. Lehenengo bietan jada antzeman zitekeen trinkotasunari datxekio autoreak honako hau osatzeko, zenbait ildotan sakonduz eta bide berriak irekiz. Ahots poetiko gardenagoa, finduagoa dakar. Obra poetikoaren koherentzia tematiko-formalari eusten dio; baina, liburuaren kutsu agonikoa gorabehera, akaso tonu patxadatsuago batekin, inoiz baino hurbilago dirudien akaberari unean unekoa profitatuz itxoiteko prestu, begirada jolastiz.

Izan ere, akaberaren kontzientzia, sentipen agonikoa da liburuaren giltzarrietako bat. Aldaketa bizian ari den inguruari soa luzatzen dio Bordak, eta egonezinez betetako ni poetiko bat sortzen du. Eguneroko irudietan hondamendiaren isla dakusa haren begiradak eta urtze prozesu horren nondik norakoak aletzea du xede. Horretarako darabiltzan sinboloen artean ura gailentzen da, zalantzarik gabe. Uraren askotariko prozesu fisikoei probetxu metaforikoa ateratzen die egileak. Oro har, naturaren fenomenoak baliatzen dira irudien sorkuntzan, sarritan balizko hondamendi ekologiko bat iradokitzeko. Beste batzuetan akaberak orokorragoa dirudi, berehalako desagarpena lekarkeen istripua. Edonola ere, irudi guztiok dute loturarik aztarna ekologikoarekin, geure aukeren gainetik bizitzeko temarekin eta etorkizunarekiko axolagabeziarekin. Orainaldi azeleratutik balizko etorkizuna irudikatzen da, egungo kezkek eta beldurrek bat egiten duten horizontea. Geroaldi horren zantzuak atzematea du helburu poetak. Indar handiko imajinak lortzen ditu, argiak sinpleak baino gehiago, neurrian sotilak, bortitzak bezain leunak.

Aipatutako ildo iluna jorratzen dute poema batzuek, hala nola Hortzetako eskuila, Titanic, Dantzari kaukasiarra edo Distantzia modukoek. Beste batzuetan, aldiz, eguzki izpirik sumatzen da urtzera doazen glaziarrez jositako paisaian. Artikoan izotza nola, hala urtzen dira kezka handiak gozamen une txikietan. Yuka, Hondartzan eta Heliozko ametsak bezalako poemak kontsolagarri dira hondamendi aieruz betetako giroan. Une xume horiek goxatzen dute, neurri batean bederen, ni poetikoaren larritasuna, menderatzen gaituzten indar handien kontra ezer gutxi badezakete ere. Hain justu, sarritan giza ulermenetik harago dauden arazo kolektibo erraldoi horien eta bizimodu arruntaren arteko loturaren lanketa iruditu zait poema liburuaren ezaugarririk interesgarriena. Lehenengo poema (Azken jelak) har liteke adibidetzat, non iceberg baten zatiketa edalontzietako jelen urtzearekin parekatzen baita. Ohikotasuna baliatuz lortzen du Bordak irudion inpaktua irakurlearengana iristea. Begirada gizatiarra erabiltzen du ulergaitza harrapatzen saiatzeko, irudi arruntekin saiatzen da adierazezina gorpuzten. Hala goldatzen du poesiaren lur joria. Irakurle honek jaso du uztarik.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak