kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Enborretik. Antologia poetikoa / Joxan Artze / Balea Zuria, 2022

Kantuez haratago Irati Majuelo / Berria, 2022-04-10

Ezin konta ahal aldiz heldu zaizkigu belarrietara Artzeren hitzak, lanbroak bilduta, gure baitan pizten diren bazter miresgarriak ikustera, bilatzera, arakatzera gonbidatuz. Kantu forma hartu zuen usurbildarraren obra poetikoaren zati batek, eta haren oihartzunak iraun du belaunaldiz belaunaldi gure bihotz-gogoetan. Alabaina, merezi du bestelako arretarik. Emankorra zen Artze, baita bere poesia ere, lur ezezagunak esploratu eta bide sakonetan zabaldu baitzen kantuez haratago. Orain, idazlearen heriotzetik lau urtera, Balea Zuria argitaletxeak lan aberats haren lagin bat jaso du Enborretik antologian, gure belarrietan dardara berriak eragin ditzan.

Hitzetatik gaindi ulertzen zuen poesia Artzek, bere baitan amaitzen ez den indar baten modura, harremanak eraikitzen dituena inguruarekin, artearekin, jendearekin. Hala, sortze prozesuak garrantzi handia hartzen zuen, diziplinartekotasuna eta talde-lana aurki daitezkeelarik bere jardunaren muinean. Baita emaitzan eta plazaratzean ere, liburua bera objektu artistiko bilakatzen baitzuen eta obsesio batek gidatzen: poesia herriari ematea. Artzek garrantzi handia ematen zion hartzaileari, irakurlearen agentzia azpimarratzen zuen, eta ildo horretan azaleratzen da idazteko hautaturiko kokaleku berezia. Balea Zuriaren bilduma honek, liburu formatuak mugatuta bada ere, asmo bera biltzen duela esan daiteke; Artze omentzea, eta gorazarre horretan poesia jendearengana itzultzea, iraganeko ahanztura posible batetik berreskuratu eta eskuragarri jartzea. Horren ezagun egin ez direnak berrezagutaraztea, argitaragabeek lehen aldiz argia ikustea. Beraz, Ibil Bedik kantatzen duen gisara: “Izan bedi hau herriarendako poesia bat”.

Luze idatz liteke idazlearen ibilbide poetikoaz, hala eta guztiz ere, antologia honetan fokua jarrita, usurbildarraren korronte espiritualena nabarmentzen duela esan beharra da. Bilduma batean ezin daiteke oro sar, eta, ondorioz, ez dira liburu guztiak ageri, eta hautatutakoen artean ez dago oreka zurrun bat ere. Nabarmena da, baina, Artzeren poesia bisuala izendatu denak tarterik hartzen ez duela liburuan, baliabide teknikoak medio, eta pena da. Halaber, idazlearen aro esperimentalistena, abangoardistena da gutxien ageri dena, eta Ortzia lorez zerua izarrez liburutik aurrerako espiritualitatea, transzendentzia, mistizismoa gailentzen da. Hitzaurreak eta hitzatzeak ere idazlearen alderdi horri eman diote garrantzia.

Hori hala, Artzek maite zituen kontrako kontzeptuen arteko loturen bidez, itxura delikatu eta egia sakoneko poesia aurki daiteke, umiltasunetik abiatu baina ez diona izkin egiten galdera konplexuak jorratzeari. Irakurleak erraz hautemango ditu naturarekiko miresmena eta lotura ekidinezina, lanaren funtzioari buruzko zalantzak, gizakia eta haren kezka existentzialak, erlijioarekiko galderak, harremanak biltzen dituzten korapiloak zein bizitzaren eta heriotzaren arteko atalaseak. Eta oroz gain, sentikortasun fin bat, bizitzari aurrez aurre biziminez behatzen diona. XX. mendeko euskal poeta garrantzitsuenetako bat izan da, eta hala iraun behar luke. Antologia honek aletxo bat jartzen du Artzeren lana balioesteko, aletxo bat ale gehiagoren beharra izanen duena.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak