kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Barrenetik zulatzen zaitut. 8 ahots itsasertzetik / Askoren artean (Askoren artean) / Liberoamerika, 2022

Ur-lasterrak Nagore Fernandez / Berria, 2022-04-03

Iritsi zaigu Liberoamerika argitaletxearen bigarren euskarazko uzta, Barrenetik zulatzen zaitut. 8 ahots itsasertzetik poesia eta itzulpen bilduma. Idazle pareek osatzen dute obra, guztira zortzi badira ere, elkarlanean dihardute binaka: batek jatorrizko testua eskaintzen du, kasu guztietan erdaraz datorrena; besteak, ostera, horren itzulpena. Edo, berridazketa esan beharko nuke, agian; euskaratutako testuen atzean askoz ere gehiago ezkutatzen dela ohartuko baita irakurlea, testu bera berrirakurtzeko aukera bat, poema sorta interpretatzeko beste begi batzuk, esanahi bertsua eraikitzeko beste hizkuntza bat. Zortzi idazle, lau obra eta hainbat elkarrizketa transnazional.

Argitaletxeak ozeanoa alderik alde zeharkatu eta zubiak eraiki ditu oraingoan, zubi urezkoak gainera. Izan ere, nork bere lekutik, nork bere azaletik eta barrenetik idatziagatik, ura da konposizio gehienetan errepikatzen den motiboa, batzuetan metaforaz mozorrotuta, eta, gainontzekoetan, sinboloz. Baina, guztietan ere konnotazioz janzten ditu olerkiak; likidotasunak bakarrik eskain diezagukeen iheskortasuna, moldagarritasuna, irisgarritasuna, eta beste tasun ugari errepresentatzen baitituzte gorputzek. Iruditeria likido horrek, halaber, liburuaren hainbat alderdi josi ditu eta proiektu literarioari zentzua eman dio, koherentzia; horra hor liburuaren indargunea: hasteko, idazleen diskurtsoak batu ditu, poeta orok ustiatu duen baliabide literarioa den aldetik. Hautatutako perspektiban ere bat datoz diskurtso guztiak, barrenetik hitz egitearen aldeko apustua baitakar liburuak, eta, kontuan izanda hein handi batean urez gaudela osatuta, poemetan aurkezten den barne munduak izan dezake loturarik urezkotasunarekin, zentzu estetikoan bederen. Azkenik, helburu beraren aldekoak ere badira guztiak, ez dira-eta nolanahiko urak ekartzen orriotara, ertzetakoak baino, periferikoak. Xede horri tiraka, esango nuke parte hartzaileak (denak) emakumezkoak izatea ere ez dela kasualitatea izan.

Dena den, aniztasunetik eraikitzen den obra ere bada mintzagai duguna, olerkari bakoitzak berea eman baitio edizioari: lehenengo idazle pareak, Yanina Gigliok eta Leire Vargas itzultzaileak, esaterako, iraganeko mamuei hitz egiten die, gorputzez eta azalez testu barneko narratarioa hezurmamitzen dute euren poesian. Bigarrenek, Sara Montañoren jatorrizko testuek eta Sarai Roblesek euskarara ekarritakoek, ordea, laburtasuna dute akuilu, eta poesia bisualagoaz baliatuz, giza harremanez dihardute nagusiki. Denise Griffithen hitzek, Jone Makazagaren itzulpenekin, iragandakoei begira jartzen gaituzte, eta, begirada nostalgikoz, geratutako hutsuneez eta huts horien ondorioez mintzo zai(zki)gu. Azken bikoteak, Ingrid Bringasek eta itzultzaile lanetan aritu den Miren Irizarrek, batik bat tropoekin egin dute jolas eta etxearen eta gorputzaren artean dagoen lotura fina iradoki.

Guztiarekin ere, bizipen pertsonal eta intimoetatik mintzo zaizkigun sortzaileak aurkituko ditu irakurleak obran, erritmo lasterrean eta dosi txikietan dastatzeko mokaduak, hain zuzen: “Ura izan nahi dut /eta tantaz tanta elikatu /azken itxaropena”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak