kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Gezurra berdaderoa / Bertol Arrieta / Elkar, 2021

‘Clowning’ Nagore Fernandez / Berria, 2021-10-31

Umorea izan ohi da komedia bat ezaugarritzen duen zera nagusia. Umore beltza, umore inteligentea, erraza eta sinplea, ironikoa. Forma asko ditu umoreak; helburua bakarra: barrea eragitea, dibertitzea. Hori da Bertol Arrietaren lehen nobelak, Gezurra berdaderoa-k lortzen duena. Ahozko hizkeratik eta erregistrotik oso hurbileko hitz moldez dihardu lehen pertsonako narratzaileak, anglizismoz jositako eta ehundutako hizkuntza oso gaurkotuan, errealitate eta ingurumaria are garaikideago batean. “Nice to meet you“, “what the fucking fuck“, “delete, delete eta delete!“. Mintzaira gordin eta bizi hori da, nire ustez, obraren lorpen handiena, horrekin eraikitzen baita tonu eta hari komikoa eleberrian; bestela esan, batik bat, idazleak egindako aukera linguistikoa da artefaktu komikoa, gatza eta ozpina. Ostera, ekintzek, zenbaitetan, kontrakoa eragin didate: narratzailea/protagonista bere baitan murgiltzen eta babesten da, eta horrek hizkerarekin lortzen den erritmoa pausatzen du, gehiegi aukeran.

Pertsonaia arketipikoak ere ohikoak dira komedietan: etengabe tronpatzen direnak eta aldrebesak. Horretan ere ez du hutsik egiten idazleak. Koldo Arroitajauregi dugu protagonista, 44 urteko pizza banatzailea, pitxafria lagunentzat. Nobela bat idaztea da bere helburu eta amets nagusia (idazlearen alter egoa omen?), baina horretarako ahaleginek bere harremana eta lana agortzen dituzte, hain non, goian zerua eta behean lurra dituela, bere bizitza berrasmatzen duen. Bidean zehar askotan behaztopatuko da protagonista, baina, ez da gehiegitan eroriko: irakurleak pertsonaia irrigarri batekin egingo du topo, neurrikoa, parodiara guztiz iristen ez dena, errukarria maiz; ez demasa, ordea. Komedia batean gaudela kontuan hartuz, ez ote du idazleak ondoegi tratatu pertsonaia nagusia? Ez ote da gehiegi errukitu protagonistaz?

Erotismoa eta sexu harremanak obraren zehar-lerro nagusiak dira, eta ez dira leuntasunez tratatzen gainera, diren-direnean baizik. Gardentasuna da, hortaz, harreman sexualez hitz egiteko aukeratu den perspektiba, beldurrik gabe, ahoan bilorik izan gabe. Izenik ez duenak izanik ere ez duela esaten dute, eta, kasu honetan, eskertzekoa da harreman sexualei (femenino zein maskulinoei) eman zaien espazioa eta ikusgarritasuna. Nahiz eta eszena gehienak begirada maskulinoak gidatzen dituen, eta emakumea, hobeto esanda, emakumearen gorputzeko atal (historikoki) erotikoenak hipersexualizatzeko joera izan, tabu askorekin apurtzeko nahia eta ahalegina sumatu diot Arrietari. Eredu hegemonikoaz bestelako praktika erotikoak agertzen dira protagonista maskulino (baina ez horren hegemonikoari) lotuta, emakumearen desioa eta asebetetze sexuala ere kontuan hartzen dira, diskurtso eta adierazpen patriarkalek atzo goizera arte isildu dituztenak, hain zuzen, eta Maskulinitatea (maiuskulaz) bera ere, irrigarri antzean agertzen zaigu. Esango nuke Bertol Arrietak atondu duen komedia honek subjektibitate ereduez hausnartzeko eta horiei barre egiteko parada ere eskaintzen duela.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak