kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Eskuan beti zerbait / Maialen Berasategi Catalan / Balea Zuria, 2021

Kolpeak altzairu-kantoien aurka Irati Majuelo / Berria, 2021-10-10

Aurretik bere izena zenbait libururen itzulpenetan, Berriako zutabeetan zein zuzenketa-lanetan ikusi dugun arren, hau da Maialen Berasategi Catalanen estreinako lan propioa: Eskuan beti zerbait. Donostia Kultura IV. Poesia Saria irabazita, Balea Zuria argitaletxearen eskutik iritsi da gure eskuetara, azken lau urteotan beste zenbait poeta gazteren sorkuntzekin egin duten gisan.

Poemario laburra bezain intentsua da Berasategirena, igande arrats batean irakurri baina aste osorako resaka uzten duena. Nola zen ezinegonaz ari zen hura? Berriz irakurtzeko gogoa pizten duten poemak dira oro har, ez ulergaitzak direlako, belarri ertzean uzten dizuten oihartzunari berriz heldu nahi diozulako baizik, ea besterik dakarren. Ez da batere hasiera txarra lehendabiziko argitaratze batentzat.

Esango nuke hizkuntzarekiko segurtasunak eta kontrolak sostengatzen dituela poemok, begi kolpe bakar batez liburuaren tenperatura orokorra hartu nahian. Ukaezina da idazleak euskararen inguruan duen jakintza eta nabari da harekin egiten duela lan, sakonean. Halaber, ez du testua ukiezin bihurtzen, batzuetan gerta daitekeenez, idazkera zainduak ez du irakurlearengandik urruntzen. Hizkuntza jasoa du, bai, baina erabilerari oso emana da, adierazkortasuna bilatzen du zuzentasun hertsia baino areago, eta horrek eragin zuzena du poemen erritmoan eta estiloan. Aire freskoa nabari da lerroartean, zuzentzailearen lanetik askatzeko nahi bat, iparra galdu gabe. Bide horri tiraka, azpimarratzekoa da hitzak osatzeko ausardia, beharrari egokitutako hizkuntza eraikitzeko lana, hiztegiaren menpe egon gabe sortzea. Hizkuntzaren erabiltzaile xumeoi gogorarazten digu erabilerak egiten duela lengoaia.

Poema bilduma hau ume baten pauso biluzi ez-zaratatsuz hasten bada ere, laster agertzen dira lehen kolpeak altzari-kantoien aurka. Lehendabiziko poemetan, entzimeren gainean edo gotelearen beste aldean sumatzen diren dardarak jartzen ditu agerian, seismo handirik sortu gabe baina. Ordea, indar zuzenagoz interpelatzen dute hurrengoek irakurlea: Heldu lepotik, Alaba txit helduarena, Algara, Desheredatuaren kantua; ezin esan anbiguotasunean ari denik jolasean, zinez poema helduak dira, politikotasun handikoak, poetikotasuna ahaztu gabe. Begirada feminista sakon bat du idazleak, panfletoaren beharrik ez duena.

Era berean, irudi interesgarriak sortzen ditu zenbait poematan, besteak beste Olagarroa amets, Iharrari eta Lepamoztuaren poza, sarri umorerantz jotzen dutenak. Hala, ironiaren erabilera azpimarratu beharko litzateke Berasategiren idazkeran, zuku asko ateratzen dion baliabidea baita. Adibide zenbait aurki daitezke Zirimiri, Lautarra gora-gora edota Arnaskariari poemetan, zeinetan gaien larritasunei arintasuna ematea lortzen duen, berriz ere bueltan ireki den arrakala ikusarazteko.

Agian ez du guztizko batasun bat, geratzen dira airean zenbait poema batetik besterako trantsizioan, baina gehiagoren gosez geratzen da bat, ikusteko nora doan, zein den sigi-sagatsu hasitako bidezidorrak hartuko duen norabidea; zer erakutsi nahi duen, inongo plaza nagusitara iritsi eta bere burua monumentu handienaren gisa erakusteko inolako beharrik ez duen ahotsak. Umilaren zalantza eta ziurtasunetan hobeto funtzionatzen baitu poesiak, egia borobilen zilegitasun aurre-ezarrian baino.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak