kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Lazunak azkazaletan / Oihana Arana / Susa, 2021

Mendea eta segundua Igor Estankona / Deia, 2021-09-25

Oihana Aranaren “Lazunak azkazaletan” adinagatik irreflexiboa da (Eskoriatza, 2001), baina heldutasunagatik klasikoa. Laurogeita hamarreko hamarkadara eroan naute bere ubide abandonatuek ez besterik, bere jostailuzko errebolberrek, bere letra xeHe eta lArriEk. Batzuetan olgetan ari dela begitandu zait, eta beste batzuetan gauza serioak esaten ari zitzaidala itxura hutsak eginez.

Baina beste mende batekoa da Oihana Arana. Jada postalik bidaltzen ez den mende batekoa, Malen Amenabarrek liburuko azalera ekarri dizkion transparentziak dauzka. Adin kontua, bestalde. Edo beharbada ez dauka hainbeste zerikusi milurteak, ezpada poesiara hurbiltzeko poesiara jaio berriek duten inozentzia eder hori, kasu honetan ederki dominatua eta disimulatua eite aski bete, aski sendoetan: “Hildako loreen petaloak/ beiraren edukiontzira bota behar dira/ hustutako ardo botilekin batera”.

Oihana Aranaren unibertso honetan irakurketa sano presente dago: letrak, hotsak, liburuak… hizkuntzaren eiteek ematen duten plazera ere bai. Sano presente daude, halaber, burkoa, mesanotxea, igandea, kafea eta euren antzera mundu zoro honetan erreferentzia izan daitezkeen beste hainbat ohitura eta absurdo. “Lazunak azkazaletan” horixe da, inposible bat, eta liburua beterik dago estazio ezinezkoz, poema batzuk hasten dira hemen eta bukatzen dute izarretan, hankak hain ditu lurrean idazleak non ameskeria dirudien: “Ohea ezinegonekin/ partekatzen duenak/ gela bat behar du;/ liburuen gainean/ kikarak pausatzeagatik/ oldartuko ez zaion/ abagune fisikoa.// Nire gela hori/ izan zintezkeen./ Baina zera falta,/ kafea;// kafetera italiar bat/ txistuka”.

Ertz askotatik har daiteke liburua, eta era berean batasun bat dauka azaltzen zaila: poema batzuk labur-laburrak dira, errima-jokoetan oinarrituak; beste batzuk arnasa luzeagoa dute baina hautsia… oso collage, oso pop… baina ez da hori ere “Lazunak azkazaletan”, zeren sakontasun bat kausitzen du batzuetan hitzetatik harago doana. Eta, noiz edo noiz, naif ere bada, baina etorri handiko idazle gazte-gazte baten opera prima zelan ez da izango, bada, arean bilatzea, arean galtzea! Derrigor eduki behar ditu poema batzuk irregularrak.

Oso etxekoa da Oihana Aranaren eszenatokia: euria leihoan, sofaren biguna, toallak. Beretzat hori da hegan egiteko abiapuntua, zauriak sendatzen diren lekua, batzuetan babesleku eta beste batzuetan itogarri: “Toalla banarekin estali ditut/ etxeko ispilu guztiak.// Orain ezin dut neure burua ikusi./ Ezin juzka/ ezin puska”.

“Lazunak azkazaletan” poemario leuna da, estandar aski moduzkoak darabiltzana eta era onean idatzia. Lerro artean bilatu behar zaizkio, eta idazkeraren bihurguneetan, frustrazioak eta aldarriak: “Utz iezadazu, arren,/ kartsuki erantzuten:/ gorputza biak da aldi berean;/ azala eta etxea;/ arma eta armadura”. Eta konturatu orduko, ia nahi gabe, egin egin naiz idazlearen ahotsera, ezagun bihurtu zait bere intimismo zabal hori. Gela itxi batetik kapaz da hegoak zabaldu eta beste dimentsio batzuetara egiteko: “Ederra da aireportuaren aldamenean bizitzea,/ airetik ihes egingo duzula sinisten dut/ hegazkin bat igarotzen denero,/ nire ohean zaudela jakinagatik”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak