kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Eskuan beti zerbait / Maialen Berasategi Catalan / Balea Zuria, 2021

Esku-azpiak Igor Estankona / Deia, 2021-07-17

Maialen Berasategi Catalanek (Gasteiz, 1989) badaki zer den emakume ikuspegitik idaztea korrontearen kontra eta mendeotako ohituren kontra. Badaki, halaber, zeinen garrantzitsua den tonua liburu batean. Badaki, erregular, euskararen kalitateak eta bizitasunak marka dezakeela liburu baten patua: horrek egin dezake liburu bat irakurgarri edo deseroso.

“Eskuan beti zerbait” IV. Donostia Kultura Poesia Saria merezi izan duen poemario labur eta intentsoaren titulu ekibokoa da: “Eta orduan hasiko da barrez/ ahoa bete oihan/ eta kontatuko dizu nola/ mintzo zaion ispilua hain maiz/ hain hortz zorrotzez zutaz”.

Liburua hasten da ume baten lehen pauso ziurtasun gabekoekin eta, amaitu, parasito baten eta bere alokatzailearen arteko harremanarekin amaitzen da. Bizitza askotan ez da batere hots handikoa, are sinplea ere bada, eta poesiak laburbil dezake: “Eta itzuleran, igoak jaitsia zor, belaun gastatuek sumatuko dute/ aldats-goraren mineria”. Lan didaktikoa egin nahi du Maialen Berasategik, eta ironia ateratzen zaio. Ironia erabili nahi du, eta seriotasun handiko poemak ateratzen zaizkio halabeharrez: “Urakana zen, sirimiri deitu zioten./ Alertarik ez zela esan zuten tinko/ harik eta bazela esan zuten arte”.

Jasoa da liburu hau, ez da hanpatua. Letra xehez dator baina gauza larriez ari da, arima inarrosten diguten dilema, kartzela, galderez. Oharkabean bustiko zaitu “Eskuan beti zerbait” irregular honek euri meheak bezala, gauza txikien bidez hitz egiten baitu munduaren handitasunaz.

Maialen Berasategik poesiarentzat ireki ditu itxura batean narratibarentzat edo saiakerarentzat egokiagoak ziruditen zelaiak, eta hitz egin digu, patetismoan erori barik, gure existentziaren morrontzez eta erresistentziez: “iraun ala etsi/ (eta bake santua eman).// Antonimo ez dira/ sinonimo ere ez:/ badirauenak ez du etsi/ ezta gezurretan ere”.

“Eskuan beti zerbait” honek gorabeherak ditu. Inoiz ematen du esapideetan eta hizkuntzaren korapiloetan zentraturik dabilela idazlea, eta mezuak sufritu egiten duela filologiaren hostailapean. Baina, hobeto pentsatuz, beharbada hizkuntzaren gozamena eta mezuaren limurtasuna biak bat dira hemen, halako harridura poetiko bat dela opatzen zaiguna: “eta errezatu duzu hatzak gurutze izarapean/ balio dezan gezurrak gaurkoz/ bihar besteren bat bururatu bitartean”. Poema luzeak ere hemen poema laburrez eginak daude. Eta poema laburrak pasarteak dira kasik. “Eskuan beti zerbait” bizipen eguneroko arin sotila da, ahapaldi suabeekin egindako liburua. Ez da biribila, baina onesta da. Poeta egon daiteke pozik, egon daiteke nostalgiak inarrosia, edo haserre, baina beti mantenduko du koherentzia estetiko hori, hizkuntzarekiko konpromisoa. Hitzak dira mezuaren eroale, hitzak ezin dira hautatu ausaz: “Ikasiko ahal dugu itzultzen/ protohizkuntza hartara/ hitzek elkarri larrua eskatu aurrekora”.

Horregatik agian, batzuetan, “Eskuan beti zerbait” begitanduko zaizu alferrikako xahupen bat, hori ere egia da. Poema batzuek betelan itxura daukate, froga itxura, jolas itxura. Baina horietan ere kausituko duzu, seguru, ustekabeko molde bat, esploratu gabeko hurbilketa bat literaturara.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak