kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Ez dakit zertaz ari zaren / Ana Malagon / Elkar, 2021

Bizi-espektatiben hondarrak Irati Majuelo / Berria, 2021-06-27

“Ondo bizi ginela uste genuen garaien ondoren utzitakoa da”, laburbildu zuen Xabier Mendigurenek liburuaren aurkezpenean. Frustrazio eta aseezintasun sentsazioak ere aipatu ziren. Egunerokotasunaren hondakinetan zehar mugitzen da Malagonen azken liburua, gertukoekiko harremanek eta bizi-espektatibek utzitako hondarren artean, Irune Izquierdoren azalak bikain adierazten duenez. Hamabost ipuinetan biltzen dituen drama txikiek drama handiagoak biluzten dituzte, eta horretan datza liburuaren indargune nagusia.

Pertsonaiek zentraltasuna dute Malagonen ipuingintzan. Kontakizuna laguntzen duten espazio, denbora eta gertakariez harago, fikziozko pertsonen izaera lantzen du bereziki. Ipuin psikologikoak dira oro har, egiten dugunaren eta pentsatzen dugunaren arteko amildegia islatzen dutenak. Horretarako, ikuspuntu aldaketa ugari erabiltzen ditu, sarri pertsonaia baten pentsamendu jariotik bestearenera salto egiteko trebetasuna erakutsiz. Perspektibaren lanketa horrek ipuinei ikuspegi korala ematen die, bereziki Gorrotoa eta irudimena, Babes kopia, Larrialdi zerbitzua eta Klaustroa lanetan.

Pertsonaien nolakotasunari behatuz gero, behea jotako pertsonak aurkituko ditu irakurleak, bizitzak abandonatuak baino beren burua abandonatu dutenak. Eguneroko zorigaitzetan igerian, pertsonaia patetikoen barrenera salto kontzientea egin du Malagonek. Hala ere, gainbehera totalik, katastrofe ekidinezinik, amorru explosiorik gabeko ipuinak dira. Pertsonaien putzu sakonek gidatzen dituzte istorioak, baina behin ere lur jotzera iritsi gabe. Bizitzak nekatutako pertsonaiak dira hortaz, baina betiere gizartean publikoki sozializatzeko duin mantentzen direnak. Beren burua zigortzen dute, baina neurrian.

Gizarte indibidualista da Donostiako idazleak agerian uzten duena, eta haren ondorioz gailentzen den axolagabekeria kudeatzeko zailtasunak azaleratzen dituzte protagonistek ipuin guztietan, norberaren indiferentzia eta norberarekikoa. Portaera ezaxolatien bueltan lantzen ditu heriotza, gaixotasuna, bakardadea eta abandonuaren gisako gai unibertsalagoak. Hari horri jarraiki, familiak erdigunea hartzen du ipuin gehienetan, baina bereziki nabarmentzen da bikote harremanetan egunerokotasunak eragiten duen higadura. Espektatiben gainbehera, esperotakoa jaso ezinak eragindako hutsaltasuna, inertziaren hautsa… ezin uka, pertsonaiak aspertuta daude daukaten bizitzaz, eta horrek aurreikusten errazak bilakatzen ditu amaiera zenbait. Errealitatea islatzeko saiakera gordina egin du Malagonek, ironia handiz gainera, baina asperdura modernoari horren fidel diren testuek irakurlea aspertzeko arriskua dutela esango nuke. Malagonez harago, esanguratsua da gure garaia islatzerakoan zenbat jotzen den asperdurara azken aldian, bikote heterosexual nekatuz beteta baitago azken urteotako euskal literatura. Orokorrean jolasa sumatzen da faltan, liburu honetan ere bai.

Izan ere, errealismotik aldentzen denean du distira gehien liburuak, esajeraziora beldurrik gabe abiatzen denean, azken ipuinean kasu, edota errealitatearen mugak difuminatzeko saiakeretan (Mina, Larrialdi zerbitzua). Hala bada, egunerokotasuneko eszenak literaturara ekartzeko duen gaitasuna itzalpean utzi gabe, aurrez idazleak erabili izan dituen zorroztasun kolpeak topatu ezinik ibili da irakurle hau, harridurarako tarte handiagoen bila.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak